CTH Hondurasko sindikatuko idazkari nagusia hil dute tirokatuta

2008ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Langileen Nazioarteko Egunaren bezperan -maiatzaren 1a-, buruzagi sindikalista baten hilketa izan da Hondurasen. Latinoamerikako herrialdea aspaldian da ezkerreko militante eta buruzagi sindikalisten heriotzen eskenatoki. Hondurasen indarkeria areagotzen ari da aspaldi honetan eta, batez beste, zortzi eta hamar lagun artean hiltzen dituzte egunero.

Altagracia Fuentes CTH Hondurasko Langileen Konfederazioko idazkari nagusia herenegun gauean hil zuten tirokatuta. Bera izan da oraingoan heriotzaren eskuadroien xedea. Buruzagi sindikalista beste bi lagunekin batera hil zuten, segada batean, iparraldeko eskualde batean. San Pedro Sula hiritik -Hondurasko bigarren hiri nagusiena- El Progreso hirira zihoazen eta bidaian hil zituzten. Bi hirien artean 27 kilometro daude.

Lekukoen arabera, armak zituzten sei gizonezko izan ziren hilketaren erantzuleak. Buruko berokiekin zeuden estalita seiak. Kamionetatik jaitsi eta hiru autoan zihoazen hiru lagunak geldiarazi ondoren hil egin zituzten. Inguruan beste auto bat zegoen. Orotara zazpi bidaiari zihoazen auto horretan eta gertatutakoa ikusi ondoren, autoa gelditu eta biktimei laguntzera joateko saioa egin zuten. Sikarioek, alta, tiroka urrundu zituzten lekukoak. San Pedro Sulara eraman zituzten sindikalisten gorpuak. Tegucigalpa hiriburutik 240 kilometro iparraldera dago San Pedro Sula.



KOLONBIAN ERE JAZARPENA. Kolonbian ere, ohikoa da sindikalisten kontra jazarpena. USO Langileen Batasun Sindikalak behin eta berriro salatu du euren kontrako hilketa saiakerak daudela. Petrolio Enpresa Kolonbiarreko sindikatua da USO. Jorge Enrique Gamboa da sindikatuko presidentea eta aste honetan bera hiltzen saiatu dira. Poliziari hura hiltzen saiatu ziren sikarioak aske jarri izana salatu du Gamboak.

Asteazkenean izan zen atentatu saioa. Kolonbiako iparraldean sindikalistek egindako elkarretaratze batean parte hartu zuen egun hartan Gamboak. Jendearen artean bi paramilitar zeuden eta sindikalistarengana zuzendu ziren eskuetan pistola bana zutela. Elkarretaratzean parte hartzen ari ziren lagunak gertatukoaz ohartu ziren eta armak kendu zizkieten bi paramilitarrei. Poliziaren eskuetan jarri zituzten, baina aske daude berriz. Kolonbian aurten 23 buruzagi sindikalista hil dituzte heriotzaren eskuadroiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.