Markus Soeder Alemaniako Bavaria landerreko ministro-presidente eta Batasun Sozial Kristaua (CSU) alderdiaren buruzagia da pandemia irauten ari den bitartean herritarren artean duen ospea handitu duten politikarietako bat. Ez da gutxiagorako: Alemania izan da birusa modu eraginkorrean kontrolatu duten estatuetako bat, eta, landerretako buruzagien kontseiluko burua izanik, Soeder ia egunero agertu da telebistan. Eragin hori baliatuta, haren alderdikide gero eta gehiagok uste dute Angela Merkelen ordezko izateko politikaririk egokiena dela.
Bavariako ministro-presidenteari ideia hori helarazi zioten atzo CSUko kideek, era birtualean egindako konferentzia batean. Soederrek oraingoz ez du ez baieztatu eta ez ezeztatu Merkelen Batasun Kristau-Demokrataren (CDU) alderdiaren primarioetara aurkezteko asmoa duenik, eta, hortaz, kantziler izan nahi duen.
Ez da ohikoa CDUren kantzilergaia bere aliatu CSUren politikari bat izatea. Izan ere, halakorik behin gertatu da soilik, 1980ko bozetan: CDU-CSU aliantzak diputatu gehien lortu zuen arren, ez zuten Franz Josef Strauss kantziler aukeratu, Alderdi Sozialdemokratak eta Alderdi Demokratiko Liberalak koalizio bat osatu baitzuten.
Oraingoz, hiru hautagai aurkeztu dira Merkelen alderdiaren barne lehiara.