Portugal

Costak elkarrizketa agindu du, bozetan gehiengo osoa lortu arren

Eskuin muturrak nabarmen egin du gora, eta parlamentuko hirugarren indarra izango da. Boto galera handia izan dute Ezkerreko Blokeak eta komunistek, sozialisten koaliziokide izandakoek.

Costa garaipena ospatzen, bart, Lisboan. MIGUEL A. LOPES / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 30a
21:54
Entzun

Ezustekoa izan da. Azken inkestek pare-parean irudikatu zituzten PS Alderdi Sozialista eta PSD Alderdi Sozial Demokratikoa, baina kontserbadoreak urrun gelditu dira garaipenetik. Antonio Costa jarduneko lehen ministroaren alderdiak botoen %41,7 bildu zituen igandeko bozetan, eta, horrenbestez, gehiengo osoa izango du parlamentuan: gutxienez 117 ordezkari, 230 kideko ganberan. Lau eserleku jokoan daude oraindik, atzerriko botoen zain. Hauteskundeetako beste garailea eskuin muturra izan da, parlamentuko hirugarren indarra izango baita, hamabi ordezkarirekin. Abstentzioa %42koa izan da. Gobernatzeko inoren beharrik izango ez badu ere, Costak elkarrizketa agindu du, eskuin muturrarekin ez, gainerako alderdi guztiekin.

«Portugaldarrek berretsi dute Alderdi Sozialistaren gobernu bat nahi dutela datozen lau urteetarako. Egonkortasuna eta ziurtasuna nahi dute», adierazi zuen Costak hauteskunde gauean, jarraitzaileen aurrean, bozen emaitza ospatzeko hitzaldian. Hala ere, jarduneko gobernuburuaren iritziz, gehiengo osoa ez da «botere osoa» izatearen pareko. «Kontua ez da bakarrik gobernatzea».

Costarena gehiengo osoa duen bigarren gobernua izango da Portugalen, 1974ko Krabelinen Iraultzaz geroztik. Lehena, Jose Socrates sozialistarena izan zen. 2005ean lortu zuen gehiengo osoa. PSn ez dira gogoratzeko garai gozoak, ordea, Socrates epaitua izateko zain baitago, aginte urte horietan ustez ustelkeria delituen arduradun izateagatik. Aldi horren itzala gogoan izan zuen Costak, zuzenean aipatu gabe. «Nire helburuetako bat izango da portugaldarrak gehiengo osoarekin adiskidetzea eta demokraziarentzat onak direla frogatzea».

Eskuina, zatituta

Emaitzak kolpe gogorra izan dira PSDrentzat, espero zutenetik «oso urrun» gelditu baitira. Erreparorik gabe onartu zuen Rui Rio kontserbadoreen buruak, eta dimititzeko prest dagoela eman zuen aditzera. «Ez dakit zertarako izan naitekeen erabilgarri, PSk datozen lau urteetarako gehiengo osoa izanik».

Eskuineko alderdi nagusia PStik hamalau puntura gelditu da (%27,8), eta 76 ordezkari izango ditu parlamentuan, zituenak baino bat gutxiago —horietatik bost lortu ditu CSD-Alderdi Popularra indar demokristauarekin Azoreetan eta Madeiran egin duen koalizioaren bidez—.

Riok uste du eskuina zaitu izanak eragotzi diola PSDri emaitza hobe bat lortzea; Chega eskuin muturreko alderdiak nahiz
IL Ekinaldi Liberalak izan duten hazkundearengatik.

Ultrek nabarmen handituko dute beren presentzia parlamentuan. Diputatu bakar bat izatetik dozena bat izatera pasako dira. Hala, amaitu egingo da Portugal Europan salbuespen egiten zuen ezaugarrietako bat, orain arte eskuin muturrak ez baitu ordezkaritza instituzional esanguratsua izan. Parlamentari kopuruan gora egin arren, Andre Ventura Chengako buruak ez du lortu azken hauteskunde presidentzialetan lortu zuen %12ko babesa berdintzea. %7,1ean gelditu da.

Chengaren ondotik, IL izan da bozkatuena, botoen %5arekin, 2019an jaso zituenak laukoiztuta. Liberalek, besteak beste, zerga sistema progresiboarekin amaitzea proposatu dute, eta herritar guztiei %15eko tipoa ezartzea, dituzten baliabide ekonomikoak edozein direla ere.

Eskuin muturrak eta ILk bototan gainditu dituzte PSrekin batera 2015etik bi koalizio gobernutan kide izan diren BE Ezkerreko Blokea eta PCP Portugalgo Alderdi Komunista. Biek nabarmen egin dute behera. BEk botoen %4,5 eskuratu ditu, 2019an jaso zuen babesaren erdia baino gutxiago. Alderdi Komunistak botoen %4,4 lortu ditu, aurreko bozetan baino bi puntu gutxiago.

Emaitzetatik ulertu daiteke herritarrek PSren koaliziokideei egotzi dietela 2021eko udazkenean sortu zen krisi politikoaren ardura. BE eta komunistak ez ziren prest agertu Alderdi Sozialistak 2022. urterako aurkeztu zituen aurrekontuak onartzeko, gutxieneko soldatari eta osasun sistemaren finantzaketari buruzko desadostasunak tarteko. Portugalen ezkerreko hiru indarren arteko gobernua posible egin duen akordioaren amaiera izan zen.

Gerençao [Tresna] izenez ezagutu den koalizio itun hori 2015ean sinatu zuten hiru alderdiek, PSDko Pedro Passos Coelho zentsura mozio batekin gobernutik kendu ostean.

Azken sei urteetako aginteak ez du Costaren irudia higatu; ezta azken bi urteak COVID-19aren pandemia kudeatzen eman dituen arren. Aldiz, PS indartzea lortu du, BEren eta komunisten bizkar.

Programari «fidel»

Elkarrizketa agindu arren, Costak argitu du bere gobernua «fidela» izango zaiola PSk aurkeztu duen hauteskunde programari. Lehentasun izango ditu pandemiari aurre egitea, haren ostean ekonomia suspertzea eta gizarte desberdintasunak murriztea. Garrantzia aitortu dio 2022ko aurrekontuak onartzeari, Europako Batasunaren funtsak kudeatzeko. Apirilerako izan ditzake indarrean.

Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidentea alderdietako buruzagiekin bilduko da asteartean eta asteazkenean, Costari gobernua osatzeko agindua eman aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.