Portugalgo hauteskundeak

Costak elkarrizketa agindu du, bozetan gehiengo osoa lortu arren

Eskuin muturrak gora egin du nabarmen, eta parlamentuko hirugarren indarra izango da. Ezkerreko Blokeak eta komunistek, sozialisten koaliziokide izandakoek, boto asko galdu dituzte

Costak elkarrizketa agindu du, bozetan gehiengo osoa lortu arren.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ezustekoa izan da. Azken inkestek pare-parean irudikatu zituzten PS Alderdi Sozialista eta PSD Alderdi Sozialdemokrata, baina kontserbadoreak urrun gelditu dira garaipenetik. Antonio Costa jarduneko lehen ministroaren alderdiak botoen %41,7 bildu zituen igandeko bozetan, eta, horrenbestez, gehiengo osoa izango du parlamentuan: gutxienez 117 ordezkari 230 kideko ganberan. Lau eserleku jokoan daude oraindik, atzerriko botoen zain. Hauteskundeetako beste garailea eskuin muturra izan da, parlamentuko hirugarren indarra izango baita, hamabi ordezkarirekin. Abstentzioa %42koa izan da. Gobernatzeko inoren beharrik izango ez badu ere, Costak elkarrizketa agindu du, eskuin muturrarekin ez, gainerako alderdi guztiekin.

«Portugaldarrek berretsi dute Alderdi Sozialistaren gobernu bat nahi dutela datozen lau urteetarako. Egonkortasuna eta ziurtasuna nahi dituzte», adierazi zuen Costak hauteskunde gauean, jarraitzaileen aurrean, bozen emaitza ospatzeko hitzaldian. Hala ere, jarduneko gobernuburuaren iritziz, gehiengo osoa ez da «botere osoa» izatearen pareko. «Kontua ez da bakarrik gobernatzea».

Costarena gehiengo osoa duen bigarren gobernua izango da Portugalen, 1974ko Krabelinen Iraultzaz geroztik. Lehena, Jose Socrates sozialistarena izan zen. 2005ean lortu zuen gehiengo osoa. PSn ez dira gogoratzeko garai gozoak, ordea, Socrates epaitua izateko zain baitago, aginte urte horietan ustez ustelkeria delituen erantzule izateagatik. Costak gogoan izan zuen aldi horren itzala, zuzenean aipatu gabe. «Nire helburuetako bat izango da portugaldarrak gehiengo osoarekin adiskidetzea eta demokraziarentzat onak direla frogatzea».

Eskuina, zatituta

Emaitzak kolpe gogorra izan dira PSDrentzat, espero zutenetik «oso urrun» gelditu baitira. Rui Rio kontserbadoreen buruak erreparorik gabe onartu zuen, eta aditzera eman zuen prest dagoela dimisioa emateko. «Ez dakit zertarako izan naitekeen erabilgarri, PSk datozen lau urteetarako gehiengo osoa izanik».

Eskuineko alderdi nagusiak PSk baino hamalau puntu gutxiago lortu ditu (%27,8), eta 76 ordezkari izango ditu parlamentuan, zituenak baino bat gutxiago —horietatik bost CSD-Alderdi Popularra indar demokristauarekin Azoreetan eta Madeiran egin duen koalizioaren bidez lortu ditu—.

Riok uste du eskuina zatitu izanak eragotzi diola PSDri emaitza hobe bat lortzea, Chega eskuin muturreko alderdiak eta IL Ekinaldi Liberalak izan duten hazkundearengatik.

Ultrek nabarmen handituko dute beren presentzia parlamentuan: lehen, diputatu bakar bat zuten, eta, orain, berriz, dozena bat. Hala, amaitu egingo da Portugal Europan salbuespen egiten zuten ezaugarrietako bat, orain arte eskuin muturrak ez baitu izan ordezkaritza instituzional esanguratsurik. Parlamentari kopuruan gora egin arren, Andre Ventura Chengako buruak ez du lortu presidentetzarako azken hauteskundeetan lortu zuen %12ko babesa berdintzea. %7,1en gelditu da.

Chengaren ondotik, IL izan da bozkatuena, botoen %5ekin: 2019an bildu zituenak halako lau dira. Liberalek, besteak beste, zerga sistema progresiboa amaitzea proposatu dute, eta herritar guztiei %15eko tipoa ezartzea, dituzten baliabide ekonomikoak edozein direla ere.

Eskuin muturrak eta ILk boto gehiago lortu dituzte PSrekin batera 2015etik bi koalizio gobernutan kide izan diren BE Ezkerreko Blokeak eta PCP Portugalgo Alderdi Komunistak baino. Biek behera egin dute nabarmen. BEk botoen %4,5 eskuratu ditu, 2019ko babesaren erdia baino gutxiago. Alderdi Komunistak botoen %4,4 lortu ditu, aurreko bozetan baino bi puntu gutxiago.

Emaitzetatik ulertu daiteke herritarrek PSren koaliziokideei egotzi dietela 2021eko udazkenean sortu zen krisi politikoaren erantzukizuna. BE eta komunistak ez ziren prest agertu Alderdi Sozialistak 2022rako aurkeztu zituen aurrekontuak onartzeko, gutxieneko soldatari eta osasun sistemaren finantzaketari buruzko desadostasunak zirela medio. Portugalen ezkerreko hiru indarren gobernuari bide eman dion akordioaren amaiera izan zen.

Gerençao (Tresna) izenez ezagutu den koalizio itun hori 2015ean sinatu zuten hiru alderdiek, PSDko Pedro Passos Coelho zentsura mozio batekin gobernutik kendu ostean.

Azken sei urteetako aginteak ez du higatu Costaren irudia, ezta azken bi urteak COVID-19aren pandemia kudeatzen eman izanak ere. Are, PS indartzea lortu du, BEren eta komunisten bizkar.

Programari «fidel»

Elkarrizketa agindu arren, Costak argitu du bere gobernua «fidela» izango zaiola PSk aurkeztu duen hauteskunde programari. Lehentasun izango ditu pandemiari aurre egitea, haren ostean ekonomia suspertzea eta gizarte desberdintasunak murriztea. Garrantzitsutzat jo du 2022ko aurrekontuak onartzea, Europako Batasunaren funtsak kudeatzeko. Apirilerako izan ditzake indarrean.

Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidentea alderdietako buruzagiekin bilduko da gaur eta bihar, Costari gobernua osatzeko agindua eman aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.