Costa Ricak arau bat onartu du abortu terapeutikoa betearazteko

Abortua legezkoa izango da kasu gutxi batzuetan, eta hiru medikuk baimendu beharko dute

San Josen araua sinatzeko eskatzen, abuztuko protestan. JEFFREY ARGUEDAS / EFE.
2019ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Abortu terapeutikoaren legea betearazteko araua onartu dute Costa Rican. Herrialde horretan, abortua legezkoa da soilik «terapeutikoa» denean: emakumearen bizitza eta osasuna arriskuan daudenean, bortxaketa kasuetan eta umekiak malformazioren bat duenean. Costa Ricako presidente Carlos Alvaradok azaldu duenez, duela ia 50 urtetik legezkoa da abortu «terapeutikoa», baina orain arte ez da aplikatu, osasun zentroetako «arau faltagatik».

Halere, Daniel Salas Osasun ministroak jakinarazi du baldintza batzuk bete beharko dituztela horretarako. Abortatu egingo da «beste irtenbiderik» ez dagoenean, eta hiru medikuk baimena eman ondoren. Arauak, gainera, «arrazoi etiko, moral eta erlijiosoengatik» aborturik ez egiteko «medikuen eskubidea» jasotzen du. Sei hilabeteren buruan jarriko dute indarrean araua.

Azken urteetan salaketa iturri izan da abortu «terapeutikoa» erregulatzeko arau falta. 2007an eta 2012an, bi emakumek arazoak izan zituzten haurdunaldian, umekien malformazioengatik. Kasu horietan haurdunaldiaetetea legeztatuta bazegoenere, biei debekatu zieten abortatzea.

Gainontzeko kasu guztietan abortua debekatuta dago Costa Rican, eta kartzelarekin zigortzen da. Beraz, emakume askok beste bide batzuk erabiltzen dituzte abortatzeko. Datu ofizialak eskasak dira; azken ikerketa 2007 eta 2008 artean egin zuen Costa Ricako Demografia Elkarteak (ADC), eta ondorioztatu zuen urtean 27.000 emakumek abortatzen dutela. Horietatik %20k ospitalera joan behar izaten dute, abortu klandestinoek eragindako osasun arazoengatik.

Costa Ricako Unibertsitateak 2018an argitaratutako ikerketa baten arabera, herritarren %57 ados daude haurdunaldia etetearekin emakumearen bizitza arriskuan egonez gero, eta ia %50 andrearen osasuna arriskuan badago. Abortu librearen kasuan, ordea, soilik %11 daude alde.

Argentinan, protokoloa

Argentinan ere abortua delitua da, kasu batzuk salbuetsita: bortxaketa kasuak eta emakumearentzat arriskua dagoen kasuak. Gobernuak atzo aurkeztu zuen legezko abortuetan egin beharreko protokoloa. Gines Gonzalez Argentinako Osasun ministroak azaldu duenez, Mauricio Macriren gobernuak deuseztatu zuen proiektua «eguneratzea» da helburua. Izan ere, legeak erregulazioa falta zuen, eta mediku batzuk epaitegietara deitu dituzte azken hilabeteetan, abortatzea egotzita, nahiz eta legeztatuta egon. Gonzalezek dio protokolo berriak hori saihestu nahi duela, eta medikuentzako «osasun gida» izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.