Postal erraldoi batek ematen du ongietorria San Joseko aireportuan: hondartza zoragarri baten argazkia da. Gaztelania da Costa Ricako hizkuntza ofiziala —badira beste hizkuntza batzuk ere, hala nola Limon eskualdeko kreolera eta malekua—, eta han bizi diren biztanleen %99,3k erabiltzen dute; halere, ingelesez idatzita dago «Ongi etorri Costa Ricara». Paisaia liluragarriak izateaz gain, Erdialdeko Amerikako herrialderik seguruena da, Vision of Humanity erakundearen arabera; eta, hortaz, turista andanaren oporleku bihurtu da. Postal, palmondo, tximu eta baso tropikalen atzean badago, ordea, beste Costa Rica bat, bertan dauden migratzaileek gertutik ezagutzen dutena.
ARTIKULU ERLAZIONATUAK
Costa Ricako Migrazio Zerbitzuaren arabera, 181.867 papergabe sartu dira herrialdean urtarriletik hona, Panamako muga pasatuta. Migrante gehienen helmuga AEB Ameriketako Estatu Batuak diren arren, zenbaitek Costa Rican gelditzea erabakitzen dute. Gobernuak emandako datuen arabera, Nikaraguakoak dira gelditzen diren gehienak, eta, gaur-gaurkoz, biztanleria osoaren %10 inguru dira. Gertutasuna dela medio, aspaldikoa da Nikaraguatik Costa Ricarako migrazioa, baina nabarmen egin du gora 2018az geroztik, Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak bultzatutako erreforma baten aurkako protestak hasi eta erregimenak horiek bortizki erreprimitu izanaren ondorioz —laurehun pertsona hil zituzten—.
Hain justu, Ortegaren gobernuaren «errepresio bortitzetik» ihes egin nahian iritsi ziren Costa Ricara Tania, Genesis, Aileen, Jimena eta Lydia —ez dute abizena agertzerik nahi—. Volcanicas talde feministaren sortzaileak eta kideak dira 20 eta 40 urte arteko bost emakume horiek. Jaioterriko egoeraren ondorioz, batzuek bertan behera utzi behar izan dituzte unibertsitateko ikasketak, baita han osatu zituzten mugimendu feministak eta sare politikoak ere. Volcanicasek hutsune hori betetzea du helburu, eta, batez ere, Costa Rican bizi diren Nikaraguako emakume migratzaileentzat aktibismorako eta feminismorako eremu seguru bat sortzea.
Bidea ez da erraza. Lidyaren arabera, ez dago batasunik Costa Ricako mugimendu feministen artean: «Erdi eta goi klaseko emakume zuriek osatzen dute hemen indarrik handiena duen mugimendu feminista, eta guk ezin dugu gure egoera haienarekin parekatu». Zera gehitu du Aileenek: «Nikaraguako emakume migratzaileen aurkako erasoak izaten direnean, edo gobernuak migrazio politikak gogortzen dituenean, emakume talde hori isilik gelditzen da, ez dira gure alde lerratzen». Gainera, batasun falta hori ez da soilik Volcanicas taldetik kanpoko arazo bat. Azaldu dutenez, mugimenduaren parte ziren hainbat emakumek bigarren edo hirugarren aldiz migratu dute azken urtean, eta, hortaz, zaila da taldea finkatzea.
Emakume migratzaileen eskubideen alde borrokatzeaz gain, talde feminista horretako kideak informazio iturri bilakatu dira izapide burokratikoetan galduta dauden dozenaka migranterentzat. «Costa Rican errefuxiatuentzako sistema erabat kolapsatuta dago», esan du Taniak. Gobernuko datuei erreparatuta, begi bistakoa da errefuxiatu estatusa lortzeko eskaera kopurua goraka doala: 6.000 eskaera egin ziren duela hamar urte, eta 200.000 inguru iaz.
Izapidetan katramilatuta
Errefuxiatu estatusa dute Volcanicas taldeko bost kide horiek. Horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen diela aitortu duten arren, «diskriminazio handia» jasaten dute emakume migrante izateagatik. Taniak gogora ekarri ditu zenbait pasadizo: «Kontu korronte bat ireki nahi nuen Costa Ricako Bankuan, baina artatu ninduen langileak utzi ez; beste behin, Kolby-ren egoitza batean [horrela izena du eskuko telefonoen konpainia nazionalak], esan zidaten ez zidatela tarifarik erakutsiko; eta semeari ez zioten utzi unibertsitatera sartzeko azterketan izena ematen».
Bestalde, bigarren edo hirugarren aldiz migratu duten taldekide ohiek Joan-etorri Segurua programaren bidez egin dute. AEBetako eta Costa Ricako gobernuek —abian dago Kolonbian, Ekuadorren eta Guatemalan ere— iazko maiatzaren 12an iragarri zuten neurri hori. Hasieran, sei hilabeterako behar zuen martxan, baina luzatzea erabaki zuten. Costa Rican errefuxiatu estatusa duten migranteek AEBetako edo Espainiako herritartasuna eska dezakete; hori bai, Nikaraguako eta Venezuelako migranteek soilik egin dezakete eskaera, eta baldintzetako bat da Costa Ricara 2023ko ekainaren 12a baino lehen iritsi izana.
Programaren prozesuak nolakoak diren ikuste aldera, eskaera egin zuen Taniak. «Bederatzi ordu izan ninduten han: 09:00etan hasi, eta 17:00etan bukatu genuen. Denetarik galdetu zidaten tarte horretan; oso bortitza izan zen», azaldu du. Lehenengo fasean, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariko langileek egiten dute elkarrizketa; IOM Nazioarteko Migrazio Erakundekoen esku dago bigarrena, eta, bi fase horiek igaroz gero, helmugako herrialdeko Migrazio Poliziak du azken hitza. «Prozesuak urtebete iraun dezake, baina, adostutako kuotara iristeko larri badabiltza, azkartu egiten dute prozesua, eta baliteke hilabete batean fase guztiak gainditzea», esan du Taniak.
Zenbait agerralditan eta prentsaurrekotan, programaren «arrakasta» nabarmendu du Costa Ricako presidente Rodrigo Chavesek. Volcanicas taldeko kideen ustez, ordea, migranteak Costa Ricatik «kanporatzeko eta edonora bidaltzeko estrategia bat» baino ez da. Adibide bat jarri du Taniak: «Emakume trans bat AEBetako estaturik katolikoenetako batera bidali zuten». Gainera, programan parte hartu duten hainbat lagunek esandakoaren arabera, helmugako herrialderako bidaiaren kostua ordaindu behar izaten diote UNHCRri. «Erakunde horiek [UNHCR, IOM] Costa Ricako Gobernuko botere politikoaren menpe daude».
Bazterrera kondenatuak
Aspalditik bizi dira elkarrekin Nikaraguako eta Costa Ricako biztanleak, baina, Genesisen esanetan, harremana «ez da inondik inora ere» berdinetik berdinerakoa. Lydiak azaldu duenez, costarricarrek uste dute nikaraguarrak «pobreak» direla, «behe klaseko» jendarte bat. Eta emakume nikaraguarrei dagokienez, are arrazistagoa eta matxistagoa da begirada hori: «Haien markoan, emakume nikaraguarrek hiru gauzatarako bakarrik balio dute: haurrak izateko, zaintza lanak egiteko, eta etxe garbitzaile izateko».
Volcanicas taldeko bost emakume horiek BERRIAri azaldu diotenaren arabera, emakume migranteen lan aukeretan eta baldintzetan islatzen dira imajinario kolektibo horren ondorioak, Nikaraguatik joandako emakumeak baitira Costa Rican etxe garbitzaile jarduten duten langileen %70 inguru. Gizon nikaraguar gehienek, berriz, anana soroetan egiten dute lan; egunean hamar ordutik gorako jardunak egin behar izaten dituzte soldata apal baten truke.
Aintzat hartzekoa da, gainera, erbesteratu politikoak direla azken urteotan Costa Ricara joan diren migrante nikaraguar gehienak. Iritsi berritan, bost feministek uste zuten jada ez zeudela arriskuan, baina Ortegaren gobernua atzetik dutela irudi zaie azkenaldian; haien arabera, gora egin du Costa Rican erbesteratutakoen aurkako jazarpenak. «Oraingo presidenteak [Rodrigo Chaves, Costa Ricakoa] ez du baztertu Ortegarekin harremanetan jarri eta akordioak egitea. Beldurgarria da hori», esan du Aileenek. Halere, ez dute amore emateko asmorik. «Erresistentzia ez da inoiz bukatuko», gehitu du Lydiak.