ITALIA

Cosa Nostra mafiako ustezko burua atxilotu dute Italian

Palermoko ospitale pribatu batean atzeman dute Matteo Messina; 30 urte zeramatzan ihes eginda. Justiziak hainbat hilketa eta atentatu egitea egotzi dio Siziliako mafiako ustezko buruzagiari.

Cosa Nostra mafiako ustezko buruzagi Matteo Messina, Italiako Poliziaren autoan, gaur, Palermon. CARABINIERI HANDOUT / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko urtarrilaren 16a
11:58
Entzun

Italiako Poliziak atxilotu egin du Cosa Nostra mafiako ustezko buruzagia, Matteo Messina, Palermoko (Italia) ospitale pribatu batean, herrialdeko hainbat hedabidek jakinarazi dutenez. Messinak 30 urte zeramatzan ihes eginda, eta Palermoko fiskaltzak egindako ikerketa baten ondotik atzeman dute. Justiziak bizi guztiko kartzela zigorra ezarria zion Siziliako mafiako ustezko buruari; besteak beste, 1992an Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino epaileak hil eta 1993an hainbat atentatu egin izana egotzita.

Siziliako Castelvetrano herrian jaio zen Messina, duela 60 urte. Haren aurkako azken epai batek zehaztu zuen Messinak parte hartu zuela Cosa Nostrak 1990eko hamarkadan egindako hainbat atentatuetan, «estatuari presio egiteko»; 1993an, esaterako, hamar pertsona hil ziren Florentzian, Erroman eta Milanen egindako eraso batzuetan.

Atentatu horien eta Italiako justiziak hura atxilotzeko agindua eman ondoren, Messinak alde egin zuen. Poliziak Toto Riina eta Bernardo Provenzano atxiki ondotik, ikerketek ondorioztatu zuten Messinak leku ezezagun batetik mugitzen zituela Cosa Nostraren hariak. Ordurako Siziliako mafiako buruzagi nagusia zen; aurretik, haren aita,Ciccio, Trapani mafiako burua izan zen.

Italiako gizonik bilatuena izan arren, horrek ez zion eragotzi Bartzelonara bidaiatzea, 1994an; bi begietan ebakuntza egin zioten, fiskalen zenbait ikerketak baieztatu dutenez.

Poliziak hainbat enpresaburu, politikari eta epaile atxilotu izan ditu, Cosa Nostra sareko kide izatea egotzita. Giuseppe Grigoli, Siziliako supermerkatuen nagusitzat hartua, 2013an atxilotu zuten, eta Messinarekin lotutako hamabi enpresa eta 700 milioi euro konfiskatu zizkioten. Baina Cosa Nostraren ustezko buruaren negozioen zati bat besterik ez zen hura; besteak beste, Italia iparraldeko etxe agentzien sektorearen, Sizilia uharteko energia eolikoaren eta online apustuen jabe zen Messina.

Paolo Guido fiskalak, auziaren arduradunetako batek, goratu du «urteetako ikerketen emaitza» izan dela Messina atxilotzeko operazioa, hainbat erakunderen arteko koordinazio lan «zail eta konplexu» bat egin eta gero. Maurizio De Lucia Palermoko fiskalaren ustez, berriz, operazioak «garrantzi historikoa du», RAI irrati telebista publikoari azaldu dionez.

«Garaipen handitzat»

Italiako lehen ministro Giorgia Melonik «estatuaren garaipen handitzat» jo du Messinaren atxiloketa: «Italiak ez dio amore ematen mafiari», idatzi du sare sozialetan, eta lehen ministroak eskerrak eman dizkie «kriminalitate mafiosoren adierazlerik esanguratsuena» atzeman duten erakunde guztiei. «Mafiaren delituen aurkako prebentzioa eta borroka izango dira gobernuaren erabateko lehentasunak», nabarmendu du.

Matteo Salvini lehen presidenteordea ere Meloniren antzera mintzatu da, eta esan du «egun ona» dela herriarentzat. «Mafiak beti galtzen du, beti», adierazi du, berriz, Alderdi Demokratikoko buru Enrivo Lettak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.