Caracaseko Chacao auzoan, oposizioaren gotorlekuan, jendetza bildu da Maria Corina Machadori ongietorria egiteko. Izan ere, oposizioko burua lehen aldiz agertu da jendaurrean Caracasen, hainbat hilabetez ezkutuan egon ondoren. «Ez naiz inoiz hain harro sentitu», esan du oposizioko buruak, Venezuelan Maduroren aurka antolatutako protestak txalotu nahian. Adierazi du bihar izango dela «erregimenaren amaiera», eta bertaratutakoei eskatu die protestan jarraitzeko.
Oposizioak salatu du Machado atxilotu egin dutela ekitaldiaren ostean. X sare sozialean jakinarazi dutenez, tiro egin dute Machadorekin batera zihoazen motorren aurka. Pare bat ordu geroago, ordea, aske utzi dutela jakinarazi dute. Sare sozial berean zera idatzi dute: «Elkarretaratzetik ateratzen, Maria Corina Machado moto batean zihoan. Geldiarazi, lurrera bota, eta atxilotu egin dute. Bahituta eduki duten bitartean hainbat bideo grabatzera behartu dute. Gero, aske utzi dute». Venezuelako Gobernuaren arabera, Machado «bandera faltsuko operazio bat» egiten ahalegindu da. «Nazioarteko muturreko gobernuen eta pertsonaien erreakzioak erakusten du oposizioa erabateko porrota dela onartzen ez dutenek zer-nolako konplizitatea duten», adierazi du Telegramen duen kanal ofizialean.
Aurretik, baina, lasaitasuna zen nagusi herrialdean. Hegazkinetik jaitsi eta parez pare dago Edmundo Gonzalez atxilotzeko eskatzen duen kartela: «100.000 dolarreko ordaina aurkitzen duenarentzat». Bidaiari batzuek argazkia atera dute afixarekin, eta beste batzuek elkarren artean esan dute: «A ze ongietorria; imajinatu gure hegazkinean etorri dela». Egiaz, Gonzalez Dominikar Errepublikan dago, nahiz eta gaurko egunez haren aldeko protestak antolatu dituen oposizioko alderdi nagusiak. Hain zuzen ere, aireportutik Caracasera bidean hainbat pick-up militar eta polizia konboi gurutzatu ditu bidaiarien autobusak, baina baita eskolara bidean doazen haurrenak eta anbulantziak ere. Dena da kontrastea, lasaitasun labainkor bat, eta errepide atzean, Nicolas Maduroren inbestiduraren alde topatutako horma irudiak etengabe.
Behin Candelaria auzoko hotelean, bertako langileek taldeari gomendatu diote kalera ez irteteko, arriskutsua izan daiteke eta. Hotela Miraflores jauregitik kilometro batera dago, eta dagoeneko itxita daude inguruko hainbat kale eta etorbide. Sare sozialetan ere neurtu liteke batzuek eta besteek duten indarra. Telebistak esan du Petare auzoan chavismoaren aldeko martxa hasi dela eta gobernuaren aldeko motozaleak hiri erdigunera abiatu direla jada.
Nazioarteko prentsan lehengaien eskasiak presentzia handia duen arren, merkataritza guneetan zapataz beteta daude zapata dendak eta gailu elektronikoz gainezka teknologia dendak: «Azkenekoz etorri nintzenean ez zegoen aparatu elektronikorik», ohar egin dio kazetari batek besteari. Farmaziak ere beharrizanez beteta daude: laktosa gabeko esnea, olo jogurtak, eguzki kremak eta abar. Dolarretan eta bolivarretan ordaintzen dute bezeroek. Parean, Banco Venezolanoren sukurtsal handi bat eta BBVAren beste bat irekita daude. Bertan soilik bolivarrak eskuratu daitezke, baina kalean erraz eskaintzen dute bi txanponen salerosketa egiteko modua. Merkataritza guneko denda batetik, «Chavez, te lo juro, yo juro con Maduro» dioen kantu bat entzun da [Chavez, zin egiten dizut, zina Madurorekin egingo dut], eta, aldi berean, motozaleen klaxonak. Zuriz jantzita doaz gehienak, eta deszentralizatuta daude. Ez da moto karabana handi bat; beraz, oposiziokoak dira.
Bestelako etorbideak Maduroren inbestiduraren aldeko apaingarriz beteta daude, eta plazan prozesu bolivartarraren historia jasotzen duen erakusketa erraldoi bat dago, eta Hugo Chavezen aurpegia duten muralak, garai batean hark bultzatutako misioetan eraikitako etxebizitzetan. Antza denez, biharko inbestidurarako segizioa inguru horietatik pasatuko da. Protestak non dauden galdetuta, bi norabidetan seinalatu dute poliziek, batzuk iparraldetik eta besteak hegoaldetik.
Hotelera itzuli dira kazetariak, eta idazten ari diren bitartean entzun dituzte klaxonak berriz: leihora hurbildu, eta hau bai, Petaretik datorren motozale saldo bat da. Beltzez jantzita, Maduroren aldeko kamisetak eta futbol taldeen tixertak daramatzate soinean, eta Poliziak eskoltatzen ditu. Atzetik, bi autobus publiko bere betiko ibilbidea egiten. Sareetan, Gonzalezek espekulatzen segitzen du bere etorrerarekin.