Corbynek aduana batasuna defendatu du Bruselan

Erresuma Batuko laboristen buruzagia Europako Batasuneko ordezkariekin elkartu da 'brexit'-erako duen plana aurkezteko

Jeremy Corbyn buruzagi laborista, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Jeremy Corbyn Erresuma Batuko Alderdi Laboristaren buruzagia Bruselara joan zen atzo, Michel Barnier EBk brexit-erako duen negoziatzailearekin eta Guy Verhofstadt Europako Parlamentuak brexit-erako duen ordezkariarekin elkartzeko. Corbyn bere kabuz saiatzen ari da EBrekin adostasunen bat egiten, eta Europako ordezkariei erran zien brexit-aren mataza askatzeko Erresuma Batuak aduana batasunean jarraitzea defendatzen duela. «Inolako zalantzarik gabe argi utzi digute akordiorik gabeko aukeraren mehatxua hagitz errealtzat dutela», adierazi zuen Corbynek. «Horregatik, akordiorik ez egitearen aukera kendu nahi dugu mahai gainetik». 35 egun falta dira brexit egunerako.

Barnier ezkor mintzatu zitzaion atzo Frantziako La Croix egunkariari: «Prozesua impasse batean dago oraintxe bertan». Corbynek Bruselan egindako proposamena hil honetan Mayri helarazi zion berbera da. Lehen ministroak baztertu egin zuen hori. Oraindik esperantza du EBk jarrera aldatzeko, eta Irlandako mugarako akordioan aldaketaren bat egiteko.

May baikor atera zen herenegun arratsean Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin Bruselan izan zuen bileratik. Philip Hammond Finantza ministroak baikortasun hori elikatu zuen atzo, eta erran zuen «aukera bat» dagoela Komunen Ganberak datorren astean bertan bozkatzeko Bruselak eta Londresek azaroan egin zuten akordioaren berrikuspena. EBko ordezkariek, ordea, guztiz kontrako bertsioa eman zuten atzo. «Ez nago hagitz baikor», erran zuen Junckerrek Bruselan eginiko ekitaldi batean.

May, Bruselara bueltan

May hurrengo asteartean solas egitekoa da Komunen Ganberan, EBrekin izan dituen elkarrizketen berri emateko. Biharamunean, eztabaida bat egitekoa dute diputatuek, baina ez dago argi eztabaida soila izanen den, edo bozketaren bat eginen duten. Hori baino lehen, May Bruselara itzultzekoa da berriz, Junckerrekin elkartzeko. Bai kontserbadoreen, bai laboristen barne krisiak areagotu egin dira azken egunotan, 11 diputatu europazalek —zortzi laboristak eta hiru tory-k— alderdia utzi baitute brexit-a kudeatzeko desadostasunen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.