Haserrea eragin dute Arabiar Emirerri Batuetako Industria ministro eta COP28 goi bilerako presidentearen adierazpenek. Izan ere, esan du ez dagoela «froga zientifikorik» esateko erregai fosilen erabilera gutxitzeak garapen jasangarria bermatuko duenik, eta hori egiteak «mundua kobazuloetara itzularaziko» lukeela. Hitzok azaroaren 21ean esan zituen herrialdeko Adnoc petrolio konpainiako burua ere badenak, goi bilera hasi baino lehen, Klima Larrialdirako Nazio Batuen Erakundeko ordezkari berezi izandako Mary Robinsonek egindako galdera bati erantzunez.
Emakumeak klima aldatzen du egitasmoan izan zen elkarrizketa. Hala esan zuen orduan Robinsonek: «Krisi izugarri honek beste inor baino gogorrago kolpatzen ditu emakumeak eta adingabeak... eta hori hala da ez dugulako oraindik konpromisorik hartu erregai fosilak baztertzeko. COP28ak har dezakeen erabaki bat da hori, eta, ildo askotan, zu Adnoceko burua izanik, halako erabaki batek sinesgarritasuna emango lizuke». Al-Jaberren erantzunak, ordea, ezustean harrapatu zuen Robinson: «Elkarrizketa heldu bat izatera etorri naiz hona. Ez nago baieztapen alarmistak berresteko moduan. Ez dago zientziarik, ez testuingururik frogatzen duenik erregai fosilak alde batera uzteak 1,5 graduko mugara eramango gaituela».
Robinsonek orduan egotzi zion etorkizunean erregai fosiletan inbertitu nahi izatea. Baina salaketaren kontra gogor erantzun zuen Al-Jaberrek: «Zure komunikabideak irakurtzen ari zara, eta hori interesatua eta okerra da. Nik diotsut ni naizela erabakiak hartzen dituena. Mesedez, lagundu iezadazu, erakutsi iezadazu zein den bide orria garapen ekonomiko jasangarriari bide emateko, mundua kobazuloetara itzularazi nahi ez bada bederen. Erakutsi irtenbideak, eta utzi errudunak bilatzeari».
NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, gezurtatu egin zituen ostiralean Al-Jaberren baieztapenak, eta berretsi zientziak frogatu duela erregai fosilak baztertzea dela bide bakarra: «Zientzia argia da: 1,5 graduko muga erdiestea bakarrik da posible erregai fosilak erabiltzeari uzten badiogu. Ez gutxitu, ez murriztu. Baztertu, epemuga zehatzak ezarrita».
Gaur bertan, erantzuna
Haren hitzek eragin duten oihartzunaz jabetuta, Sultan al-Jaberrek berak atera behar izan du hedabideen aurrera, The Guardian-ek kaleratu dituen adierazpen horiek ukatzeko. Haren hitzetan, «testuingurutik» atera dituzte adierazpenak, eta ziurtatu du zientzian sinesten duela, eta haren printzipioek gidatzen dutela bere bizitza eta COP28ko presidentetzaren estrategia. «Nire ustez saihestezina erregai fosilen erabilera murriztea». Alabaina, negoziazioen inguruan marra gorririk ez duela nahi iragarri du.