Ikatzezko zentral berriak eraikitzeari debekua jartzea edo erregai fosil guztietatik irteteko egutegi bat zehaztea. Energia fosiletik erabat irteten edo murrizten joatea, edo murrizte edo irtete hori ikatzaren kasuan bakarrik mugatzea. COP28ko Arabiar Emirerri Batuetako presidentetzak aukera guztiak eztabaidagai jartzea erabaki du, eta hori aurrekorik gabeko albiste bat dela iragarri dute klimari buruzko goi bileren lekuko izan diren adituek. Aurreko goi bilera bakar batean ere ez delako halako planteamendurik izan.
Alabaina, zabaltasun horrek berak erakusten du ez dela batere erraza izango adostasunik lortzea gai horri dagokionez. Europako Batasunak dei egin du erregai fosil guztietatik irteten joateko, modu progresiboan. Garbi dago horrek ez duela herrialde askoren babesik izango. Hasteko eta behin, Emirerri Arabiar Batuetako presidentetzak ez du horrelako planteamendu bat onartuko.
Goi bileraren agendatik kanpo, oihartzun handia izan dute COP28ko presidente Sultan al-Jaberrek egindako adierazpen batzuek, hain zuzen ere, Klima Aldaketarako bidali berezi Mary Robinsonekin egindako bilera batean. Bilera horretako une batean Robinsonek galdetu zion ea bat datorren erregai fosiletatik irteteko planteamenduarekin. Hau erantzun zion Sultan al-Jaberrek: «Ez naiz inola ere eztabaida alarmistetan murgilduko. Ez dago zientziarik, ez eszenatokirik, dioenik erregai fosilak pixkanaka alboratzeak 1,5ºC-ra iristea ahalbidetuko duela».
Planteamendu negazionistekin bat egitea egotzi diote COP28ko presidenteari, adierazpen horregatik. Adierazpen horrek eragindako burrunbaren ondorioz, COP28ko presidenteak bere burua behartuta ikusi du agerraldi bat egitera, eta nabarmendu du adierazpen horiek «testuingurutik at» atera dituztela. Zientzia COP28aren «iparrorratza» dela ziurtatu du, eta bera horrekin bat datorrela.
Garbi geratzen ari da Emiererri Arabiar Batuetako ordezkaria gas eta petrolio ekoizleen ahotsa izaten ari dela goi bilera honetan. Besteak beste, bere enpresa Abu Dabi National Oil Company (ADNOC) izan da petrolio eta gasa deskarbonizatzeko karta aurkeztu dutenetako bat. Petrolio ekoizpenaren %40ren arduradun diren 50 enpresak bat egin dute ekinaldi horrekin, eta agindu dute 2050erako karbono neutro izango diren operazioak bakarrik sustatuko dituztela, eta 2030erako ia guztiz gutxituko dituztela metano isuriak. Metano isuriak gutxitzeak eragin handia luke munduko berotze prozesua mugatzeko, tenperatura igoeraren %30 inguru gai horren isuriei dagokiela adierazi baitute zientzialariek. Desmartxa horrek kritikak eragin ditu, besteak beste, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiarenak. «Oso motz geratu dira», adierazi du.
Ikatza, erdibideko irtenbidea?
Erregai fosilen atal horretako eztabaidetatik kontsentsuren bat ateratzen bada, ikatzaren erabilerari buruzkoa izan daitekeela ari dira iradokitzen adituak. Baina hori ere ez da ziurra. Joan den larunbatean (abenduaren 2an) AEBetako Gobernuak bat egin zuen ikatza energia iturri gisa alboratzeko munduko aliantzarekin (Powering Past Coal). Modu horretan, AEBek iragarri dute 2035erako guztiz utziko liokeela ikatza energia iturri gisa erabiltzeari. Gaur egun munduko ikatz erabiltzailerik handienetan hirugarrenak dira AEBak, Txinaren eta Indiaren ondoren. 200 gigawatt-eko potentzia dauka instalatuta ikatz zentraletan, baina azken hamarkadan ez du zentral berririk eraiki.
Dagoeneko Ekonomia Garapenerako eta Lankidetzarako Erakundeko (OCDE) herrialdeen %80k bat egin dute ikatza erabiltzeari uzteko ekinbidearekin. Egunotan Japoniak ere iragarri du bere lurraldean ez duela eraikiko karbono dioxidoa biltzeko eta metatzeko sistemarik gabeko ikatz zentral gehiagorik.
Ikatz erabiltzaile handien artean, baina, denek ez dute jarrera bera. Poloniako presidente Andrej Dudak, adibidez, ohartarazi du erregai fosiletatik «azkarregi» irteteko erabakitzeak «kostu handiegia» izan dezakeela gizartearentzat.
Ikatza baztertzeko adostasun posible hori lortzeko trabarik handiena jar dezakeen herrialdea India da. Narendra Modi lehen ministroak eskatu die herrialde aberatsei neur dezatela zein den herrialde bakoitzaren karbono aurrekontua, hau da, 1,5 graduko mugara iristeko zenbateko isurketa egitea tokatzen zaion bakoitzari, historian zehar bakoitzak isuri duena aintzat hartuta. Txinak ere ez du babestuko «helburu sektorialik», hau da, erregai fosil jakinei buruzko adierazpen solterik.
Ikatzaren erabilerari dagokionez, beraz, egon daiteke adostasun batera iristeko erdibideetako bat. Testuak ñabardurak non jarriko dituen ikustea falta da: hau da, ikatz energia guztiz alboratzea, zentral berriak eraikitzeari muga jartzea edo beste proposamenen bat. Garbi dago Arabiar Emirerri Batuek ere bultzatuko dutela horren inguruko adostasunen bat, petrolioa eta gasaren ustiaketa ez dadin gehiegi ukitu. Goi bileraren hasieran, Nazioarteko Energia Agentziarekin (IEA) batera egindako agerraldian Sultan al-Jaberrek adierazpen bat egin zuen, eta esan hamarkada honetan gutxituz joan beharko dela erregai fosilen eskaintza eta eskaria.
Berriztagarrien ahalmena hirukoizteko ekinbidea
Itxura du energia berriztagarrien inguruan mugarri bat jar dezakeela COP28ak. 118 herrialdek bat egin dute 2030erako energia berriztagarrien ahalmena hirukoizteko eta eraginkortasun energetikoaren tasa bikoizteko konpromisoarekin. Sultan al-Jaberrek bultzatu du puntu hori, goi bileraren eskaintza nagusietako bat izango delakoan. Hau da, zazpi urtetan energia berriztagarrien ahalmena gutxienez 11.000 gigawatt-ekoa izatea du helburu ekinbide horrek. Gaur egun 4.000 gigawatt ingurukoa da munduan instalatutako energia berriztagarrien potentzia. Horrekin batera, asmoa dute eraginkortasun energetikoaren hobekuntza lortzea, urtero %2tik %4ra igota.