Klima larrialdiari buruzko lehen balantze globala adostu dute ia berrehun herrialdek, COP28an. Datozen urteetarako bide orri bat ezartzeko akordioa da, premia argi batek bultzatua: anbizioa handitzeko beharrak. Balantzearen txosten teknikoek argi adierazi baitzuten eraldaketa sakonagoak behar direla Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko mende amaieran —industria aurreko garaiarekin alderatuta—.
Eraldatu beharreko sektoreen artean, energiak hartu du eztabaidaren erdigunea, erregai fosilen etorkizunari buruzko ikuspegi eta interes kontrajarriengatik. Baina badira beste zenbait puntu garrantzitsu. Esaterako, finantzaketa klimatikoarekin lotutakoa. Sinatu den akordioaren ardatz nagusiei buruzko laburpen bat da hau.
Erregai fosilak
Erregai fosilen ustiapena da klima larrialdiaren eragile nagusia, eta, horregatik, estatu eta eragile ugarik ezinbestekotzat jo dute horien erabilera baztertzeko epe bat jartzea. Azken akordioak ez du jaso «erregai fosiletatik irtetea», baina gobernuek adostu dute «erregai fosiletatik kanpo trantsizio bat egitea sistema energetikoetan, modu justu, berdinzale eta orekatuan». 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko.
Lehen aldia da COP bateko akordioan erregai fosilak murrizteko beharra espresuki aipatzen dena. Horregatik, urrats historikotzat jo dute eragile batzuk, iritzita erregai fosilen amaieraren hasiera izango dela. Kontua da amaiera behar bezain azkar emango ote zaion.
Bestalde, estatuek konpromisoa hartu dute erregai fosilen arloan diru publikoarekin egiten dituzten «inbertsio alferrikakoak» alboratzeko. Zehazki, «energia pobreziari edo bidezko trantsizio bati» erantzuten ez dioten inbertsioak amaitzea adostu dute.
Energia berriztagarriak
Bultzada handia eman diete energia berriztagarriei COP28an. Akordioan aipatu dute beharrezkoa dela 2030erako mundu zabalean energia berriztagarrien potentzia hiru halakotzea eta energia eraginkortasunaren tasa orain halako bi izatea. Espero izatekoa da konpromiso argi horrek sektorera inbertsio gehiago erakartzea.
Ikatza
Petrolioa eta gasa ez bezala, ikatza bereziki aipatu dute testuan. Akordioan, baina, «murrizketarik gabe ustiatutako ikatza» aipatu dute soilik. Hau da, berotegi gasen isuriak gutxitzeko teknologiarik gabe ustiatzen dutena. Beraz, ñabardura horrek salbu uzten ditu teknologia horiek erabiltzen dituzten ikatz ustiapenak, eta horrek kezka ugari eragin die eragile askori. Kritikoek ohartarazi dute beharrezkoa dela zehaztea zer irizpideren arabera sailkatu daitezkeen erregai fosilen ustiapenak isuriak murrizten dituztenen artean —ingelesez, unabated fossil fuels—: isuriak %80 gutxitu behar dituzte? %60? %50? Muga ez dago zehaztuta.
Teknologia eztabaidagarriak
Erregai fosilei buruzko aipamenetan testuak «zirrikitu ugari» utzi dituela salatu dute hainbat gobernuz kanpoko erakundek eta Pazifikoko estatuek. «Zirrikitu» horietako bat dira, hain justu, berotegi gasen isuriak apaltzeko teknologiak. Adibidez, karbonoa xurgatzeko eta biltzeko instalazioak eta CO2a gutxitzeko eta desagertzeko sistemak. Ez da frogatu teknologia horiek nahikoa eraginkorrak direnik eskala handian erabili ahal izateko, nahiz eta finantzaketa oparoa jaso duten horiek garatzeko. Teknologia horiei atea irekitzearen aurka agertu direnek ohartarazi dute indarrak desbideratzen direla horrela, eraginkorrak direla frogatutako irtenbideak alde batera uztea baitakar.
Trantsiziorako erregaiak
Erregai fosilak murriztu ahala isuri gutxiko beste energia iturri batzuk sustatzeko beharra aipatu dute akordioan. Alde horretatik, eskatu dute 2050erako potentzia nuklearra orain halako bi izan dadin lan egiteko. Hidrogenoa ekoizteko deia ere egin die gobernuei. Halaber, «trantsiziorako erregaiak» erabiltzeari atea irekita uzten zaie testuan, trantsizioan «energia segurtasuna» bermatzeko baliagarriak izan daitezkeela iritzita. Goi bileraren nondik norakoei erreparatu dieten gobernuz kanpoko erakundeek uste dute aipamen hori gas ekoizleentzako lasaigarri bat dela.
Isuriak
Testuan ez dute adierazi berotegi gasen isuriek goia jo behar dutenik 2025. urtea baino lehen, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak beharrezkotzat jo badu ere Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko. Horren ordez, testuan esaten da isuriak %43 murriztu behar direla 2030erako —2019ko kopuruen aldean— eta %60 2035erako. Jaso dute karbono dioxidoaz bestelako berotegi gasen isuriak –eta, bereziki, metanoarenak– «azkar eta nabarmen» gutxitu behar direla 2030erako.
Galeren eta Kalteen Funtsa
COPa hasi zen lehen egunean iragarri zen Galeren eta Kalteen Funtsa martxan jartzeko akordioa, eta lehen ekarpenak hitzeman zituzten zenbait herrialdek. Urrats historikoa izan da herrialde pobreenei klima hondamendien kalteengatik ordaina ematea helburu duen diru poltsa sortzea, baina zorroa betetzea falta da. Goi bilera amaituta, 710 milioi euro bildu dira. Hau da, garabidean dauden estatuek urtero beharko duten kopurutik (370.000 milioi) oso urrun: %0,2 besterik ez. Justizia klimatikoaren aldeko eragileek salatu dute estatu aberatsek konpromiso handiagoa hartu behar dutela.
Egokitzapena
Halaber, klima larrialdira egokitzeko oinarriei buruzko akordioa lortu dute estatuek COP28an. Klima aldaketaren kalteak mugatzeko eta energia trantsizioa gauzatzeko politiken norabidea zehazten duen dokumentu bat adostu dute, eta helburu eta epemuga orokor batzuk ezarri. Xehetasun are gutxiago lortu dute finantzaketaren alorrean, eta, zenbait elkartek salatu dutenez, lausotu egin dute aurreko zirriborro batzuetan diru ekarpenei buruz proposatutakoa. Azken zirriborroaren arabera, herrialde aberatsek epe luzeko finantzaketa eta teknologia eskuratzeko bidea erraztu behar zieten garabidean dauden estatuei. Akordioan, berriz, «nazioarteko laguntza» beharrezkoa dela adierazi dute.