Kontraesana da, batzuen iritziz, eta aukera, beste batzuen ustez; baina argi dago inoiz baino errezelo gehiago piztu duela aurten COParen egoitza denak. Klima krisiari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen goi bilera Arabiar Emirerri Batuetan egiten ari da, munduko petrolio eta gas ekoizlerik handienetako batean. Eta, hain justu, bi erregai horiek dira, ikatzarekin batera, Lurraren berotzearen kausa nagusia. Hainbat elkarte ekologista kezkatuta daude, Arabiar Emirerri Batuek erregai fosilen erabilera baztertzeko konpromisoak oztopatuko ote dituen, antolatzaile roletik.
Susmo horiek areagotu egin ziren COP28aren presidente izendatu zutenean Sultan al-Jaber Industria ministro eta Adnoc herrialdeko petrolio konpainiako burua. Uste txarrak berretsiak ikusi dituzte askok aste honetan, BBC hedabideak kaleratutako dokumentu batzuetan. Horien arabera, Al-Jaberrek COP28 antolatzeko bilerak erabili ditu zenbait herrialderi petrolioa eta gasa ustiatzeko kontratuak eskaintzeko.
Arabiar Emirerri Batuek erregai fosilen erabilera baztertzea onartzen dute, beti ere karbonoa biltegiratzen duten ustiategiak salbuetsita
Erregai fosilek eragiten dituzte karbono dioxido isurien %90. Ikerketa zientifikoek ohartarazi dute datozen urteetan horiek baztertzea ezinbestekoa dela, tenperatura globalaren igoera 1,5 gradura mugatzeko, eta, era horretara, klima aldaketaren ondoriorik bortitzenak eragozteko. Ostegunean Dubain hasi zen goi bileraren ardatzetako bat izango da zehaztea erregai fosilen etorkizunari lotuta estatuek zein konpromiso hartuko dituzten.
Ez dago adostasun zabal bat hartu beharreko bideari buruz. Europako Batasunak erregai fosilen ekoizpena eta kontsumoa «era mailakatuan ezabatzeko» eskatuko du, eta hark eragindako isuriek goia jotzea, beranduenez, 2025ean. AEBek ere erregai fosilak erabat alboratzera deitu dute. Beste herrialde batzuek, Txinak eta Indiak esaterako, horien erabilera «murriztu» nahi dute. Badira erregai fosilak baztertzearen alde mintzo direnak, baina salbuespen batekin: ustiapenean isuritako berotegi gasak biltzeko eta biltegiratzeko teknologiak dituztenak.
Petrolioa, «beharrezko»
Azken multzo horretako ahotsik ozenena izan dira azken hilabeteotan Arabiar Emirerri Batuak, Al-Jaberren ahotik. Azaldu duenez, Adnoc estatu konpainiak inbertsio handiak egin ditu karbonoa biltegiratzeko teknologietan, eta haren ustiategiek askoz ere berotegi gas gutxiago isurtzen dute konbentzionalek baino. COPeko buruaren iritziz, erregai fosilak «beharrezkoak» izango dira datozen hamarkadetan ere, energia eskariari erantzuteko, eta, neurri horretan, isuririk txikieneko petrolio eta gas ustiategiak aintzat hartu behar dira.
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak ohartarazi du karbonoa biltegiratzeko teknologien ekarpena eragin txikikoa izango dela klima krisiak eskatzen duen isuri murrizketan. Hori dela eta, eragile ekologista askok eskatu dute indarrak ez bideratzeko teknologia horien garapenera, baizik eta energia berriztagarrietara.
Erregai fosilak alboratzeko edo horien erabilera gutxitzeko bidetik jo beharrean, NBEk hilaren hasieran ohartarazi zuen, petrolio, gas eta ikatz ekoizlerik handienek erregai horien produkzioa handitzeko planak dituztela datozen urteetarako. Proiektu horien bidez, Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzeko baino %110 erregai fosil gehiago ekoitziko litzateke 2030. urtean.
Al-Jaberrek Txinari proposatu zion gas natural likidotua ustiatzeko aukerak aztertzea Mozambiken, Kanadan eta Austrarlian, BBCri filtratutako dokumentuen arabera
Joera horrekin bat dator BBCri filtratu dioten informazioa. Klima Informazioaren Zentroko kazetarien bidez eskuratu du, eta, azaldu duenez, Arabiar Emirerri Batuek COP28aren prestaketarako bileren lan dokumentuak jaso ditu. Horietan ageri denez, Al-Jaberrek gai zerrendan zuen 15 herrialderi eskaintza egitea Adnoc enpresak beren petrolioa eta gasa ustia dezan.
BBCk zehaztu du COP28ko presidenteak Txinari proposatu ziola gas natural likidotua ustiatzeko aukerak aztertzea Mozambiken, Kanadan eta Australian. Horrez gain, Kolonbiari jakinarazi zion Adnoc prest dagoela herrialdeak dituen petrolio eta gas erreserbak ustiatzeko, elkarlanean. Kolonbia da herrialde bakarra ustiatu gabe dituen petrolio eta gas erreserbak lur azpian uzteko konpromisoa hartu duena.
Publikatu denaren ostean, Amnesty Internationalek eskatu du Al-Jaberrek COP28ko presidente kargua uztea. Greenpeacen esanetan, erregai fosilak baztertzeko akordio bat lortzea da COPeko buruak sinesgarritasuna berreskuratzeko duen aukera bakarra. NBEren Klima Idazkaritzak BBCri adierazi zion COPeko presidenteek modu independentean jokatzeko betebeharra dutela. Begirada guztiak gainean izango ditu Al-Jaberrek datozen egunetan.