BIODIBERTSITATEAREN COP16 GOI BILERA

COP16ko herrialde gehienek oraindik ez dute aurkeztu biodibertsitatea babesteko planik

Ikerketa baten arabera, goi bilerako herrialdeen erdiek baino gehiagok ez dute hartu adostutako neurririk. Gaurtik ostegunera bitarte elkartuko dira Erroman, Kolonbiako negoziazioak ezerezean geratu ostean.

Erreka bat Costa Rican, munduan bioaniztasun handienetakoa duen herrialdea. JEFFREY ARGUEDAS / EFE
Erreka bat Costa Rican, munduan bioaniztasun handienetakoa duten herrialdeetako batean. JEFFREY ARGUEDAS / EFE
inaut matauko rada
2025eko otsailaren 24a
11:45
Entzun

Iazko urrian egin zen COP16 Biodibertsitateari Buruzko Nazio Batuen Erakundearen 16. Konferentzia, Calin, Kolonbian, baina ez zuten lortu akordiorik egitea. Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundeko herrialdeak berriro elkartuko dira Erroman, gaurtik ostegunera bitarte, 2022ko konferentzian ezarri zituzten helburuak lortzeko planak aurkezte aldera.

Hala ere, adierazle batzuek iradokitzen dute herrialde gehienek ez dutela lana serioski hartu. Caliko goi bilera hasi aurretik WWF Naturarentzako Mundu Funtsak egindako ikerketa batean jaso zen soilik konferentzian parte hartzen duten 196 herrialdeen %10ek aurkeztu zituztela ingurumena babesteko eta suntsitutako eremu batzuk berreskuratzeko planak, eta %33k berritu zituztela aurrez zituzten planak. Bada, goi bilera horren helburua zen ados jartzea plan berriei eta finantzaketari buruz, baina ez zuten halakorik lortu; gainera, negoziazioak atzeratzen ari zirenez, herrialde batzuetako ordezkariek alde egin zuten, eta ezin izan zen akordiorik egin jendea falta zelako. Horregatik elkartuko dira orain berriro, Erroman. 2026ko konferentzia, berriz, Armenian izango da.

Blokeoa gainditu nahi dute Erroman, baina Carbon Brief eta The Guardian agerkariek egin duten analisiaren arabera, badirudi herrialdeek orain arteko jarrerari eusten diotela: herrialdeen erdiek baino gehiagok lurraren %30 baino gutxiago babesteko neurriak dituzte, edo ez dute helburu zehatzik jartzen. Eta %30eko helburu hori garrantzitsua da, 2022ko Kunming-Montreal akordioan jarritako gutxienekoa baita. Akordio horrek zehazten du herrialde bakoitzak gutxienez bere lurren eta itsasoen %30 babestu behar dituela, eta eremu degradatuaren %30 berreskuratu. Aditu eta elkarte askoren esanetan, Klima Larrialdiari Buruzko Nazio Batuen Erakundearen Konferentzian Parisko 2015eko Akordioek duten garrantziaren pare dago Kunming-Montreal akordioarena.

137 proiektu

Bi hedabideek elkarlanean egindako ikerketaren arabera, 137 herrialdek dituzte ingurumena babesteko egitasmo zehatzak, horietatik 70ek —erdiek baino gehiagok— ez dute %30eko helburu hori lortzeko bideen aipamenik, eta beste hamar herrialdek ez dute garbi uzten mugarri hori jarriko dutenik. Horietatik guztietatik at, hirurogei herrialdek ez dute biodibertsitatea zaintzeko inongo planik. Txostenaren arabera, %30eko helburu horren araberako planik ez duten herrialde guztiek batera, munduko eremuaren %34 hartzen dute.

Finlandia, Indonesia, Mexiko, Venezuela, Norvegia, Hegoafrika eta Peru daude zehazki %30eko helburu hori jarri ez dutenen artean, eta askok argudiatu dute dirudien baina zailagoa dela horrenbesteko eremu babestua izatea, eta ezin zaiela horrenbesteko lana jarri herrialdeei. The Guardian-ek horietako batzuen adierazpenak jaso ditu; Indonesiako ordezkari batek, adibidez, adierazi dio natura babesteak bat egin behar duela giza eta ekonomia garapenarekin, eta hori ez dela horren erraza garapen bidean dagoen herrialde batean. Finlandiako ordezkari batek ere azaldu du %30eko helburu hori «erronka oso zaila» dela.

Finantza helburuak, funtsezko

Natura babesteko helburuak zehazteaz gain, bestelako finantza marko bat eratzea zen Caliko goi bileraren helburu nagusietako bat. Izan ere, biodibertsitatea zaintzeko politikak eta bereziki degradatutako eremuak berreskuratzeko lanak garestiak dira, eta eremu horietako asko garapen bidean dauden herrialdeetan edo gutxi industrializatutakoetan daude. Hala, bertako gobernuek ezin diete halako gastuei aurre egin. Egun bada horretarako erakunde bat, Ingurumenerako Mundu Funtsa, baina Hegoalde Globaleko herrialde asko ez daude ados haren gobernantzarekin, batez ere Amerikako Estatu Batuek parte hartzen baitu hartan, hau da, Dibertsitate Biologikoaren Hitzarmena berretsi ez duen herrialde bakarrak.

Horrez gain, nahiz eta funts hori elikatzen duten gehienak Iparralde Globaleko herrialdeak izan, erabakia boluntarioa da, eta 2025ean 20.000 milioi eurora eta 2030ean 30.000 milioi eurora iristea da helburua. Nazioarteko elkarte ekologista gehienek salatu dute helburua ez dela nahikoa; Caliko goi bilera hasi aurretik WWFk aztertutakoaren arabera, 28 ziren ordurako funtsari ekarpenak eginak zizkioten herrialdeak, eta horietatik soilik hemezortzik eman zuten promestu zuten bezainbeste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.