'Compact' eskuin muturreko aldizkaria debekatu du Alemaniako Gobernuak

Nancy Faeser Barne ministroaren esanetan, «aldizkariak modu gaitzesgarrian bultzatzen du juduen, migratzaileen eta demokrazia parlamentarioaren kontrako gorrotoa».

Eskuin muturraren aurkako manifestazio bat Berlinen, joan den hilean. CLEMENS BILAN / EFE
Eskuin muturraren aurkako manifestazio bat Berlinen, joan den hilean. CLEMENS BILAN / EFE
2024ko uztailaren 16a
14:15
Entzun

Alemaniako Gobernuak Compact-Magazin GmbHhedabide taldea debekatu du. Nancy Faeser Barne ministroak adierazi duenez, zenbait talde etniko «gutxiesten» ditu eskuin muturreko Compact aldizkariak, hala nola juduak, errefuxiatuak eta, batez ere, arabiar jatorrikoak. Horiei «bigarren mailako biztanleen gisako tratamendua ematen die». Horrez gain, komunikabidea ultraeskuinaren «bozgorailu zentrala» dela salatu du, baita «demokrazia parlamentarioaren eta konstituzioaren aurka» egiten duela ere.

«Eduki antisemiten, arrazisten, errebisionisten eta konspirazio teorien hedatzea oztopatzea» da erabakiaren helburua. Mezua argia izan da: gobernuak ez du onartuko etnia alemaniarrekoa nor izan daitekeen definitzea, eta «fedeagatik, jatorriagatik, azal koloreagatik eta ideologiagatik baztertzen dituzten horiek» babestuko ditu.

Erabakia jakinarazi aurretik aritu da Polizia aldizkariarekin erlazionatutako etxebizitzak miatzen, ikerketarako beharrezkoak diren hainbat froga konfiskatzeko. Guztira, lau landerretan esku hartu du: Brandenburgon, Hessenen, Saxonian eta Saxonia-Anhalten. Aldizkariaren webgunea jada ez dago eskuragarri Alemanian, baina X sare sozialean duen profilak irekita jarraitzen du oraingoz.

Oposizioaren erantzuna

Eskuin muturreko AfD alderdiak adierazi du «prentsa askatasunaren kontrako kolpe serioa dela». «Oso kezkatuta gaude gertatutakoarekin», adierazi dute Alice Weidelek eta Tino Chrupallak, alderdiaren buruek. «Hedabide bat debekatzea iritzi aniztasuna ezeztatzea da».

2021ean, Alemaniako Konstituzioa Babesteko Bulego Federalak ebatzi zuen Compact «muturrekoa, nazionalista eta gutxiengo taldeen aurkakoa» zela. Besteak beste, leporatu zion konspirazio teoriak, txertaketaren aurkako propaganda, eta diskurtso islamofoboak eta antisemitak hedatzea. Jurgen Elsasserrek zuzendutako komunikabide hori talde handiago baten parte da; 40.000 ale argitaratzen ditu hilero, eta bideo kanal bat ere badu sarean, Compact TV. Horrez gain, liburuak, audioliburuak, CDak eta DVDak saltzen dituen enpresa bat ere badu taldeak, baita arropa, kartelak, eranskailuak, katiluak eta bestelakoak merkaturatu dituen beste bat ere.

Urtez urte polemika askotan murgildu da enpresa. Besteak beste, Compact-en sare sozialetako kontuak ezabatu zituzten Meta taldeko Instagram eta Facebook plataformek 2020. urtean, gorroto diskurtsoa hedatzea egotzita.

Compact-ena ez da izan, hala ere, Alemaniako Gobernuak eskuin muturraren aurka azken asteotan hartu duen neurri bakarra. Duela bi aste, esaterako, Bjorn Hocke ultraeskuindarrari –Turingia landerreko AfDren buruari– 16.900 euroko isuna jarri zion lelo nazi bat erabiltzeagatik (Dena Alemaniarengatik). Ez zen izan haren lehen isuna, maiatzean beste 13.000 eurokoa jarri baitzioten, esaldi berbera erabiltzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.