Colorado alderdi eskuindarrak irabazi ditu Paraguaiko bozak

Horacio Cartes izango da presidente berria, Alderdi Liberalari eta ezkerreko indarrei aise gailendurik

Colorado alderdi eskuindarrak irabazi ditu Paraguaiko bozak.
Ion Orzaiz.
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Bost urteren buruan, eskuina agintera itzuliko da Paraguain. Colorado Alderdiak —ANR Elkarte Nazional Errepublikanoa du izen ofiziala— irabazi zituen iragan igandeko hauteskundeak; aurreikusi baino alde handiagoarekin, gainera. Botopaperen %99,26 zenbatuta, %45,8 lortu zituen alderdi horretako hautagai Horacio Cartesek, eta zentro-eskuineko PLRA Alderdi Liberal Erradikal Benetakoaren ordezkari Efrain Alegrek, berriz, %36,94ko babesa erdietsi zuen.

Urrun, oso urrun gelditu ziren ezkerreko indar guztiak: Avanza Pais (Herrialdea Aurrera) alderdi sozialistako hautagai Mario Ferreirok %5,1eko babesa lortu zuen; %3,32koa, Guasu Frontea alderdi ezkertiarreko Anibal Carrillok; eta Kuña Pyrendako Lilian Soto hautagaiak, azkenik, botoen % 0,16 eskuratu zituen. Bananduta aurkezteak kalte egin zien ezkertiarrei, eta hala adierazi zuten Avanza Pais zein Guasu Fronteko hautagaiek. «Etorkizunean, alderdi aurrerakoiak batzea izango da gure erronka nagusia», esan zuen Mario Ferreirok.

Hautestontziak itxi eta ordu batzuetara, Efrain Alegre hautagai liberalak onartu egin zuen bere alderdiaren porrota, eta emaitzok «herritarren borondatea» islatzen dutela esan zuen. Alegrek azaldu zuenez, zenbaketa paraleloa egin zuten liberalek herrialdeko departamendu bakoitzean, eta guztietan egiaztatu zuten 5 eta 7 puntu arteko aldea atera ziela Colorado alderdiak.

Fernando Lugo presidente ohia Guasu Fronteko zerrendetan aurkeztu zen senatari izateko, eta kargua lortu arren, hauteskunde emaitzen balorazio ezkorra egin zuen. «Oposizioan bost urtez egon ostean, Colorado alderdiak hobeki gobernatzen ikasiko zuela espero dut». 2008ko bozak irabazi zituen Lugok, eta Alderdi Liberalarekin koalizioan osatu zuen gobernua, baina 2012ko ekainean,kargutik kendu zuten Colorado alderdiak eta liberalek beraiek. Erabaki horren atzean «epaiketa politiko bidegabea» zegoela salatu zuen ezkerrak.

Cartes, enpresari «kolpista»

Lugo presidente ohiak «estatu kolpe parlamentariotzat» jo zuen bera kargutik kentzea, eta azpijokoaren erantzule izatea leporatu zion Colorado alderdiko hautagaiari. Izan ere, alde ilunez beterik dago Horacio Cartes presidente hautatu berriaren curriculuma.

Tabakoaren industrian aberastutako enpresaburua da Cartes, eta 2011 arte ez zuen politikarekin inolako loturarik izan. Coloradoko alderdikide ere berriki egin zen; horregatik, alderdiaren estatutuak aldarazi zituen, presidentegai aurkeztu ahal izateko. Gizartean, Libertad futbol taldeko presidente ohi izatea zen haren aktibo nagusia, eta baita 25 enpresatako akziodun izatea ere. Curriculum horrek alde ilun ugari baditue ere.

1989an, urtebete eman zuen kartzelan, kapital ihesagatik. Azkenaldian, ordea, Alfredo Stroessnerren diktaduraren biktimatzat aurkeztu nahi izan du bere burua Cartesek, 35 urtez, Colorado alderdiak diktadura horri sostengua eman bazion ere. Cartes Nelson Mandelarekin parekatzera ere iritsi zen Arnaldo Wiens senatari eskuindarra.

Cartesi Paraguai eta Brasil artean tabako kontrabandoan aritzea leporatu zion Brasilgo Fiskaltzak 2004an, eta gerora, Wikileaks atariaren paperetan ere azaldu zen haren izena, diru-zuritze delitu bateko susmagarri gisa. Horrez gainera, narkotrafikoarekin lotura duela esan izan da, eta Efrain Alegre hautagai liberalak ere zurrumurru horri egin zion erreferentzia mitin batean bere aurkariari buruz hizketan ari zela, «narko» hitza erabili zuenean. Egia da, alta, ezein epailek ez duela Cartes narkotrafiko delituagatik kondenatu, eta argudio hori erabili izan dute haren aldekoek hauteskunde kanpainan.

Emaitzak ikusita, argi dago Paraguaiko hautesle gehienek sinetsi egiten duela presidente hautatu berriaren zintzotasunean, kongresurako hauteskundeetan %38,48 eta %52,38 arteko babesa lortu baitzuen Coloradok, departamenduen arabera. Senatuan ere gehiengo handia erdietsi zuen, boto-paperen %35,79rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.