Claudia Sheinbaumek agerraldia egin zuen atzo gauean Mexiko Hiriko Zocalo plazan, milaka lagunen aurrean, eta, hitza hartu zuenean, emakumezkoentzat izan zen lehen erreferentzia. «Aspalditik gaude hemen; [emakume] askori zor diegu garaipen hau». Izan ere, Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduaren hautagaia izango da Mexikoko presidentea, kargu hori edukiko duen lehen emakumezkoa, aurreikusita zegoen bezala hauteskundeak aise irabazi ondoren. Botoen %88 zenbatuta, horien %59 bilduko ditu, eta 30 puntu inguruko aldea aterako dio Xochitl Galvez hautagai kontserbadoreari (%27,9). MC Herritarren Mugimendua zerrendako hautagai Jorge Alvarez Maynez, bestalde, botoen %10,5 lortzekoa da.
«Denontzat gobernatuko dugu. Mexikarrek gure emaitzak aitortu dituzte, eta gure proiektuaren uste sendoak eta borondatea», nabarmendu zuen Sheinbaumek, okerrik ezean Latinoamerikan biztanle gehien duten estatuen artean bigarreneko presidente izango denak. «Justiziaren eta askatasunaren alde» borrokatu diren langileak, mugimendu sozialetako kideak, ikasleak, medikuak, irakasleak eta nekazariak ere izan zituen gogoan eskerrak emateko orduan, baita Andres Manuel Lopez Obrador 2018az geroztik herrialdeko presidentea dena ere, Morenaren liderra. «Inoiz ez zuen etsi, inoiz ez zen nekatu justiziaren eta herriaren alde lan egiteaz». Lopez Obradorrek 2018an baino boto gehiago biltzekoa da Sheinbaum. Morenak Mexiko Hiriko alkatetzari ere eutsiko dio.
Lopez Obradorren politikei segida eman asmo die Sheinbaumek, eta Lopez Obrador bera pozik agertu zen agerraldian zabaldu zuten bideo batean: «Egun bikaina da Mexikorentzat, herriak libreki eta demokratikoki erabaki baitu Claudia Sheinbaum izatea herrialdeko lehen presidente emakumezkoa».
Ikusi gehiago
Amerikako zenbait agintarik bozetako garailea zoriondu dute: besteak beste, Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgoak, Nicolas Maduro Venezuelakoak, Rodrigo Chaves Costa Ricakoak, Bernardo Arevalo Guatemalako gobernuburuak, Xiomara Castro Hondurasko presidenteak eta Kolonbiako Gustavo Petrok. Gauza bera egin dute, esate baterako, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Vladimir Putin Kremlineko buruak.
«Denontzat gobernatuko dugu. Mexikarrek gure emaitzak aitortu dituzte, eta gure proiektuaren uste sendoak eta borondatea».
CLAUDIA SHEINBAUMMorenaren presidentegaia
Eta Galvezek kirol legez onartu zuen Sheinbaumen garaipena. Hori bai, PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak, PAN Ekintza Nazionaleko Alderdiak eta PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiak osatutako koalizioaren presidentegaiak Morenakoari ohartarazi zion «emaitzak» ikusi nahi dituztela kudeaketan, eta, are, gehitu zuen irtenbideak exijituko dizkiotela «herrialdearen arazo handientzat», baita konstituzioa eta instituzioak errespetatzea ere. «Badakit haren gobernuak ondo funtzionatzen badu gure herrialdeak ere ondo funtzionatuko duela», esan zuen, hiriburuko hotel batean egindako ekitaldian.
Konstituzioaren erreforma
Diputatuen Ganberarako eta Senaturako ordezkariak ere aukeratu zituzten atzo, eta INE Mexikoko Hauteskunde Institutu Nazionalak emandako lehen datuen arabera, baliteke Morenak, PT Lanaren Alderdiak eta Berdeek osatutako koalizioak aulkien gehiengo osoa edukitzea bi ganberetan; ez dago argi, ordea.
Gehiengoa lortuko balu, aurreko legegintzaldian Lopez Obradorrek onartu ezin izan zituen neurri batzuk eraman ahal izango lituzke aurrera; tartean, hainbat esparrutan konstituzioa erreformatzea. Adibidez, Guardia Nazionala militarizatzeko, hauteskunde sistemaren erreforma bat egiteko, frackinga debekatzeko, eta botere judizialeko epaileak herri bozketa batean aukeratzeko. Konstituzioa erreformatzeko beharrik gabe, Sheinbaumek hurrengo legealdirako iragarri dituen neurrien artean daude, esate baterako, 60 urtetik gorako emakumezkoentzako bekak sortzea, gutxieneko soldata igotzea, energia berritzaileetan inbertitzea, errepideak berritzea eta bidaiarientzako trenbideak hobetzea.
Lopez Obradorren «ondarea» aldarrikatu du Sheinbaumek azkeneko hilabeteetan —presidenteei berriro presidentegai izatea debekatzen die konstituzioaren 83. artikuluak—. Morenakoaren agindupean, gutxieneko soldata handitu dute, lehen halako hiru izateraino; bi milioitik gora enplegu formal ere sortu dituzte, eta, besteak beste, 8,9 milioi pertsona atera ziren pobreziatik 2020 eta iaz bitartean. Orduan, pobrezia tasak zazpi puntu egin zuen behera tarte horretan; oraindik, ordea, %35 ingurukoa da, datu ofizialen arabera.
Presidente izango denak badu eskarmentua politikaren lehen lerroan. Mexiko Hiriko alkatea izan zen 2018tik iaz arte, eta aurrez, Lopez Obradorrek kargu hori bera eduki zuenean (2000-2005), Ingurumen idazkaria. PRD sozialdemokratako kideak ziren biak. Herrialdeko presidenteak, baina, Morena hauspotu zuen 2011n, eta Sheinbaumek hari jarraitu zion. 61 urte ditu Sheinbaumek, eta fisikan lizentziaduna da.
Hautagai bat hil zuten larunbatean
Mexikon atzo egindako hauteskundeetan 20.000 kargudun aukeratu zituzten, eta bozkalekuak zabaldu baino ordu batzuk lehenago, larunbat gauean, Michoacan estatuko herri batean arartekoa izateko hautagai bat hil zuten, tiroz, bere etxearen kanpoaldean. Israel Delgado zen hautagaia, PT Lanaren Alderdikoa. Datu ofizialen arabera, 21 hautagai hil dituzte kanpainan, eta 11 bahitu.