Katalunia

Clara Ponsati Bartzelonara bueltatu da, eta atxilotu egin dute

«Pablo Llarena epaileak eurodiputatua atxilotzeko agindua emana du, desobedientziarengatik epai dezaten Espainiako Auzitegi Gorenean. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Defentsak 'habeas corpus' eskaera bat egin du.

Clara Ponsati Europako diputatu agiria erakusten atxilotu duten eskuadrako mossoei, gaur, Bartzelonan . QUIQUE GARCIA / EFE
Edu Lartzanguren - Igor Susaeta
2023ko martxoaren 28a
18:08
Entzun

Clara Ponsati Bartzelonara itzuli da gaur eguerdian, Ipar eta Hego Kataluniaren arteko muga autoz eta arazorik gabe zeharkatu ostean. Kataluniako Gobernuko kontseilari ohia Europako Parlamentuko diputatua da, eta immunitatea du. Edonola ere, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenak hura epaitegira eramateko agindua emana du, desobedientzia leporatuta. Edonola ere, ezingo lukete preso sartu lege-hauste horrengatik. Arratsaldean, mossoek atxilotuta eraman dute, prentsaurreko bat eman ostean. Efe berri agentziaren arabera, Ponsatiren defentsak habeas corpus eskaera bat egin dio instrukzioko epaileari, atxiloketa legez kanpokoa izan dela argudiatuta.

«Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan», esan du, 17:00etan Kataluniako Kazetarien Elkargoan emaniko prentsaurrekoan. «Atxilotzen banaute, ikusiko dugu nola erreakzionatuko dugun. Deklarazioa hartzeko atxiloketa litzateke, ez ni kartzelan sartzeko», adierazi du. Elkargotik ateratzean hartu dute preso, eta auto batean sartu dute. Han zeuden kazetariek bideoan hartu dute atxilotzea.

Europako Parlamentuko diputatu agiria erakutsi die Ponsatik poliziei. «Ziur zaudete Europako diputatu bat atxilotu nahi duzuela?», esan die poliziei.

Aurretik, prentsaurrekoan, bere asmoen berri eman du. «Ez naiz etorri itun bat egitera Estatuarekin, baizik eta hari aurre egiten jarraitzera, joan nintzenean bezala. Gure eskubideen bortxaketa sistematikoa salatzera nator».

Ponsatiren abokatu Gonzalo Boyek esan duenez, ez dira «inprobisatzen» ari. «Clararen berpizkunde eguna da, ez Llarena epailearena». Atxilotu dutenean, Ponsatirekin joan da Boye, Poliziaren autoan.

Bost urteren ostean

Bost urte eta bost hilabeteren buruan itzuli da Ponsati Bartzelonara. Galdetu diote bere itzulerak lagunduko ote duen erbestean diren beste buruzagiena gauzatzen. Horretan, zuhur agertu da: Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiaren eta Toni Comin eta Luis Puig kontseilari ohien aurkako «jazarpen pertsonalizatua lehen egunean bezain gogorra» dela adierazi du. «Ikusiko dugu zer egiten duen Auzitegi Gorenak neure itzuleraren inguruan». Puigdemontek eta Cominek esku hartzeko eskatu diote Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolari, iritzita atxiloketa «legez kanpokoa» izan dela. Oriol Junqueras ERC Esquerra Republicanako liderrak Ponsatiren itzulera «ospatu» du, eta nabarmendu du ERCk eta PSOEk iaz adostu zuten Zigor Kodearen erreformak ahalbidetu duela hori. «Konbentzituta gaude sedizioa kodetik kendu izanak itzulera erraztu duela».

Bestalde, 2017an Generalitateko Nekazaritza kontseilari izandako Meritxell Serretek egindakoa izan du hizpide —Kanpo Ekintzarako kontseilaria da iazko azarotik—. Izan ere, Bruselako erbestetik itzuli eta Espainiako Gorenean entregatu zuen bere burua. Diru publikoa oker erabiltzeagatik eta desobedientziagatik dago auzipetua. Bihar epaituko dute. «Modu batean edo bestean itzultzearen artean alde handia dago», adierazi du Ponsatik, eta Serreten «inkoherentzia» gaitzetsi du. «Ezaguna da aspaldi ez natorrela bat Kataluniako Gobernuak egiten duenarekin», gaineratu du, eta «Espainiaren okupazioaren tresna» izatea egotzi dio.

«Nire itzuleraren egunak argi utzi du pairatzen dudan jazarpena ez dela neure kontrakoa, baizik eta herrialde osoaren aurkakoa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.