Ciudadanos zatituta iritsi da primarioetara

Espainiako alderdi eskuindarraren buruzagitza hautatzeko primarioak egingo dituzte gaur eta bihar. Tirabirak dira nagusi, eta hiru hautagairen artean erabaki beharko dute 7.642 kidek; bi urtean, afiliatuen %63 galdu dituzte, eta milaka boto.

Ciudadanos zatituta iritsi da primarioetara.
maddi iztueta olano
2023ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Zulo beltzetik irten nahian dabil Ciudadanos. Milaka afiliatu galdu ditu azken bi urteotan, eta buruzagitzan desadostasunak dira nagusi. Bada, alderdiko kideek zita garrantzitsu bat dute aste honetan; zuzendaritza nork gidatuko duen erabakiko dute gaur eta bihar. Primarioetan 7.642 afiliatuk hartuko dute parte, 2020an egindako bozetan baino 13.071 gutxiagok —urte hartan 20.713 kidek bozkatu zuten—. Bi urtean, kideen %63 galdu ditu alderdi laranjak.

Behinola Katalunian erreakzio espainiazale gisa sortu zen alderdia —Katalunian bertan lehen indar izatea lortu zuen 2017ko bozetan—, bere burua politikaren erreformatzaile gisa salduz, olatu baten gisa hazi zen Espainiako eskuinean. Orain, baina, espaziorik gabe gelditzen ari da, eskuin sektorean ez ezik baita politikan ere.

Hiru bikote lehiatuko dira Ciudadanosen lidergoa hartzeko: batetik, Adrian Vazquez eurodiputatuak eta Balearretan Ciudadanosen koordinatzaile den Patricia Guaspek osatutakoa, Berpiztu zure alderdia lelopean; bigarrenik, Espainiako Diputatuen Kongresuko bozeramaile Edmundo Bal eta Madrilgo zinegotzi Santiago Saurarena, Ciudadanos berriz leloarekin; eta, azkenik, Aldaketaren oinarria, inor gutxik ezagutzen dituen afiliatu Marcos Moralesek eta El Alamoko (Madril) zinegotzi Laura Alvesek osatutakoa.

Bozketaren ostean, mahai beraren inguruan eseri beharko dute zerrendetako hautagai guztiek, eta komunean jarri beharko dituzte desadostasunak. Baina azken asteok tentsio betekoak izan dira alderdi laranjan; batez ere, Balek eta Guaspek ordezkatzen dituztenen artean. Guaspen zerrendak irabaziz gero birfundazio prozesuak «sinesgarritasuna» galduko duela iritzi dio Balek, prozesua martxan jarri aurreko «aurpegi berak» egongo direlako talde exekutiboan. Aitzitik, Guaspek eta haren aldekoek «traizio egitea» eta «emandako hitza ez betetzea» leporatu izan diote Bali, elkarlanean jardun baitzuten birfundazio prozesuan.

Tronurako lasterketa

Joan den asteko astelehenean hasi zuten kanpaina, eta, hamar egunean, bi eztabaida egin dituzte. Lehenbizikoa Bartzelonan, urtarrilaren 4an. Idazkari nagusiaren kargurako hautagaiek hitz egin zuten; Vazquezek, Saurak eta Alvesek. Hirurek onartu zuten alderdiak ez zuela jakin «afiliatuei eta boto emaileei entzuten», eta hirurek esan zuten «ezinbestekoa» izango dela hori egitea datozen hilabeteetan Ciudadanos desagertzea nahi ez badute.

Hala ere, egon ziren desadostasunerako tarteak. Vazquezek eta Guaspek argitara atera zituzten beren zerrenda osatuko dituzten hamabost izenak, «gardentasunaren izenean». Saurak eta Alvesek, ordea, «kontinuismoa» leporatu zieten, aurreko talde exekutiboan zeuden zenbaitek osatzen baitute haien hautagaitza; esaterako, alderdiko buru Ines Arrimadasek.

Bigarren eztabaida, berriz, Madrilen egin zuten, herenegun, eta eledun posturako hautagaiek hitz egin zuten; Balek, Guaspek eta Moralesek. Hirurek aldarrikatu zuten Ciudadanos alderdi «autonomoa» izango dela, eta ideia propioak izango dituela. Nabarmendu zuten ez dituztela indarrak batuko ez PPrekin, ez PSOErekin.

Adostasunak adostasun, tirabirak gailendu dira. Azken asteotako bi eztabaidetan ez dira gutxi izan hautagaien arteko akusazioak; besteak beste, «zintzoak» ez izatea leporatu diote elkarri. Horiek horrela, Madrilgo saioan barkamena eskatu zuen Moralesek, primarioetarako lehian hiru hautagaiek emandako «espektakuluagatik».

Afiliatuek erabakitzen dutena erabakitzen dutela, Ciudadanoseko presidente izateari utziko dio Arrimadasek. Hala ere, Espainiako Kongresuko eledun izaten jarraitzeko asmoa du, eta, gaur-gaurkoz, ez dio uko egin alderdi eraberrituaren uztaileko primarioetan aurkezteari.

Zerutik lurrera

Ciudadanosek zentroko alderdi liberal gisa aurkeztu zuen bere burua duela hamasei urte. Helburu argiarekin ekin zion ibilbide politikoari: PPren eta PSOEren arteko alderdi bitasunari eta Kataluniako nazionalismoari aurre egitea. Espainiako panorama politikoan indar handiz sartu zen arren, erorialdi handia izan du azken bi urteotan, ia desagertzeraino.

Katalunian sortutako alderdiak hiru milioi boto jaso zituen2015eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta laugarren indarra bihurtu zen. Baina lau urteren ondoren, 2019ko bozetan, hamar eserleku soilik lortu zituen Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta 47 galdu. Handik gutxira, dimisioa aurkeztu zuen ordura arte alderdiko buru izandakoak, Albert Riverak, eta Arrimadasek hartu zuen haren lekua.

Alderdia suspertzeko asmotan, birfundazio prozesuari heldu zioten orain sei hilabete, iazko ekainean; alderdiaren norabide politikoa berriro zehazteko, eta, horrela, galdutako afiliatuak berreskuratzeko. Asteburu honetan bukatuko da prozesu hori, alderdia eraberritzeko egingo duten ezohiko Batzar Orokorrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.