Espainia

Ciudadanos ez da aurkeztuko uztailaren 23ko bozetara

Udal eta erkidegoetarako hauteskundeetan botoen %1,35 soilik lortu zituen alderdiak, eta bozak egin diren erkidegoetako gobernuetatik kanpo geratu da.

Ciudadanoseko idazkari nagusi Adrian Vazquez, gaur, Madriden. MARISCAL, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko maiatzaren 30a
15:14
Entzun

Joan den igandeko udal eta erkidegoetarako hauteskundeetako emaitzek eragindako zurrunbiloa ez da amaitu. Gaur Ciudadanos izan da urrats bat atzera egin duena, eta Batzorde Nazionalak egindako bilera baten ostean iragarri du alderdia ez dela aurkeztuko uztailaren 23an egitekoak dituzten Espainiako Gorteetarako bozetara. Alderdiak botoen %1,35 soilik eskuratu zituen igandeko bozetan, eta ez zuen ordezkaritzarik lortu bozak egin ziren erkidegoetatik bakar batean ere. Horrez gain, hainbat udaletatik kanpo geratu zen, besteak beste, Madrilgotik. Inoizko emaitzari txarrenak izan ziren.

Adrian Vazquez idazkari nagusiak eguerdian egindako agerraldian aitortu du «zentro liberalaren eskaintzak» ez duela arrakastarik izan. «Espainiako herritarrek ez gaituzte ikusten alternatiba gisara. Ez da albiste ona guretzat. Batzorde Nazionalak erabaki du ez garela uztaileko hauteskundeetara aurkeztuko eta unea dela etor litekeen testuingururako prestatzen hasteko», azaldu du Vazquezek.

Alderdiko zuzendaritzak hainbat orduko bilera egin zuen atzo, eta horren ostean hartu zuten erabakia berretsi du gaur Batzorde Nazionalak. Hala ere, zenbait iturrik aurreratu dutenez, zuzendaritzako kideen artean baziren zenbait proposamenarekin bat ez zetozenak edota alderdia bera desegiteko aukeraz aritu zirenak. Gaur-gaurkoz, baina, aukera hori ez dago mahai gainean; izan ere, datorren urteko ekainean egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkezteko asmoa du Ciudadanosek.

Egungo zuzendaritzaren dimisioa eskatu duenik ere izan da, tartean, Gaztela eta Leoneko presidente izandako Francisco Igea. «Erantzukizuna» onartzeko eta kargua uzteko eskatu die hark Vazquezi eta Patrcia Guasp bozeramaileari. Guaspek berak onartu zuen atzo bozetako emaitzek «egoera zailean» utzi zutela alderdia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.