New Yorkeko Dorre Bikien eta Pentagonoaren aurkako erasoen hamabigarren urteurrena izan zen atzo. AEBetan ez ezik, munduko beste hainbat lekutan ere gogoratu zuten orduan gertatutakoa. Estrasburgon (Frantzia), adibidez, Europako Kontseiluak ekitaldi bat egin zuen, eta gertatutakoa gogoratzeaz gain, mezu kritiko bat eman zuen. «Biktima errugabeei omenaldia egiteko aukera ematen du egun honek, baina baita gogoeta egiteko ere AEBek eta Europak terrorismoaren aurka hartutako neurrien inguruan», adierazi zuen Nils Muiznieks-ek Europako Kontseiluko Giza Eskubideen mandatariak. «Borroka horren izenean legez kanpoko atxiloketak eta torturatzat har litezkeen galdeketa teknikak baimendu ziren», azaldu du Muiznieksek. HorregatikCIAk egindako torturak eta Europatik jasotako laguntza ikertzeko «garaia» dela esan du.
Muiznieksek gaitzetsi egin du 2002-2006 artean CIAk Europan egindako jarduerak argitzeko zailtasuna, gobernuek «gehiegikeriaz» erabili dutelako estatuko sekretuak mantentzeko «aitzakia». Europako Kontseilua 1949an sortu zen, eta 47 estatuk osatzen dute: Europako Batasuneko 28ek eta beste hemeretzik. Bere organo ezagunena Europako Giza Eskubideen Auzitegia da; horrek, Mazedoniaren aurkako epai bat eman du CIA laguntzeagatik, eta aurki Poloniaren, Lituaniaren eta Errumaniaren aurkako salaketei buruz mintzatuko da.
Obama, Pentagonoan
Barack Obama AEBetako presidenteak Etxe Zurian egin zuen irailaren 11ko biktimak omentzeko lehen ekitaldia, minutu bateko isilunea eginda. Gero, Pentagonora joan zen. AEBek indar militarra «beharrezkoa» dutela esan zuen han, baina «horrekin bakarrik» ez dela nahikoa zehaztu zuen. «Elkarlana eta elkarrekiko errespetua behar ditugu mundu hobe bat egiteko, eta lan horretan ezin ditugu ahantzi nazio honen oinarrizko balioak». Bezperan, Obamak adierazi zuen AEBetako herritarren segurtasuna dela bere «lehentasun nagusia».
CIAren torturak argitu beharra dagoela esan du Europako Kontseiluak
Irailaren 11ko erasoen ondorengo neurriei buruzko gogoeta eskatu du Giza Eskubideen mandatariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu