CIAren lohia garbitu nahian

Zerbitzu sekretuek egindako torturak jasotzen dituen txostena desklasifikatu du AEBetako Senatuak

Ion Orzaiz.
2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Burua urez beteriko ontzi batean sartu, atxilotua ia itotzeraino; min handia eragiteko asmoz, ordu luzez postura behartuetan egonarazi; loa galarazi eta jipoi etengabeak eman... Tortura eta tratu txarren zerrenda luzea da AEBetako Senatuak egunotan aztertu duen txosten sekretuan. Agiri horren arabera, askotarikoak izan dira, hainbat urtez, CIA agentziako agenteek galdeketetan egin dituzten basakeriak; betiere, «terrorismoaren kontrako borroka» aitzakiatzat hartuta. Orain arte ilunpean egon den zikinkeria hori guztia —edo zati handi bat, bederen— argitara aterako da datozen hilabeteetan, Senatuko Inteligentzia Batzordeak txostena desklasifikatzeko agindua eman baitu.

Agiria ontzeko, zortzi urtez egindako galdeketak ikertu ditu aditu talde batek —2001etik 2008ra—, eta ondorioak «eskandaluzkoak» direla esan du Senatuko Inteligentzia Batzordeko presidente Dianne Feinstein demokratak. 6.200 orrialdeko ikerketa lana da senatarien eskuetara heldu dena, baina 480 orriko txostena soilik argitaratuko dute. The Washington Post kazetak, ordea, txostenaren zati bat filtratu du dagoeneko, eta kalapita handia sortu du horrek herrialde osoan, baina batez ere admistrazioaren barruan.

«Gure herrialdeak dituen balioen kontra jotzen dute ikerketan azaltzen diren basakeriek. Argi gelditu da CIAk oso hutsegite larriak egin zituela, eta hori orban bat da gure historian. Oraindik aldendu ez dugun mamua. Horregatik, gure egitekoa da halakoak errepika daitezen galaraztea», azaldu zuen Feinsteinek herenegun, Senatuaren lan saioaren ostean.

Agiria desklasifikatu ala ez erabakitzeko garaian, Inteligentzia Batzordeko 11 senatarik aldeko botoa eman zuten, eta hiruk, berriz, kontrakoa. Hala ere, argitaratu aurretik, Pentagonoaren, FBIren eta CIAren beraren eskuetatik igaroko da txostena, «segurtasun nazionala» kolokan jar lezaketen sekretuak azalera ez daitezen. Ikuskatze prozesua 30 eguneko epean egin dezaten galdegin die Feinsteinek zerbitzu sekretuetako buruzagiei.

Barack Obama presidenteak ere tortura salaketen inguruan hitz egin du berriki, eta txostena desklasifikatu beharko litzatekeela esan du. Izan ere, presidentearen kabineteak ahalegin handia egin du auzia George W. Bushen administrazioari bizkarreratzeko, tortura salaketak Bushen agintaldian egin zirela nabarmenduta.

Torturak eten zituen presidente gisa aurkeztu nahi du bere burua Obamak, eta, horretarako, bi argumentu erabili ditu: torturetan oinarritutako galdeketa egitasmoa bertan behera utzi zuela 2009an, eta agintera iritsi zenetik Guantanamoko espetxea ixteko ahaleginak eta bi egin dituela. Zenbait analistak, ordea, «epelegia» izatea eta «ezikusiarena egitea» leporatu diote, tratu txar sistematikoak debekatuta ere argi utzi baitu torturatzaileei ez diela zigor administratiborik ezarriko, ezta auzibiderik zabalduko ere.

Bushen tesia, bertan behera

The Washington Post-ek filtratutako txostenak bertan behera utzi ditu Bushen gobernuak tortura justifikatzeko erabili ohi zituen aitzakiak; hau da, tratu txarrak ezinbestekoak zirela terrorismoari aurre egiteko, bestelako teknikak erabiliz eskuratu ezin zen informazioa lortzeko balio zutelako. Txostena egin duten adituen arabera, torturapean lortutako adierazpenek «garrantzi eskasa» izan zuten Al-Qaedaren kontrako operazioetan: «Galdeketa programa milaka bizitza salbatzeko eta konplot terroristak zapuzteko tresna baliagarria balitz bezala aurkeztu zien CIAk Justizia Departamentuari nahiz Kongresuari, baina egia al zen hori guztia? Inola ere ez», dio zerbitzu sekretuetako ofizial batek agirian.

Abu Zubaida ekintzaile saudiarabiarraren kasua aipatzen da ikerketan: 2002ko martxoan atxilotu zuten Pakistanen, eta Al-Qaedako «kolaboratzaile» izatea leporatu zioten. Hasiera batean, FBIko analista ohi Ali Soufanek egin zituen galdeketa guztiak herrialdean bertan, eta atxilotuaren «jarrera ona» eta «lankidetzarako prestasuna» nabarmendu zituen. Washingtongo zerbitzu sekretuen buruek, ordea, presoa lekuz aldatzea erabaki zuten, «informazio gehiago ateratzeko». Neurria justifikatze aldera, Zubaidaren atxiloketaren garrantzia puztu egin zuten CIAko buruzagiek: Al-Qaedako kolaboratzaile ez, «buruzagia» zela esan zuten eta galdeketa onduak egin behar zitzaizkiola azpimarratu; hau da, araututako tortura saioak aplikatzeko agindua eman zuten.

CIAk Kabulen duen «gune beltz» batera eraman zuten, eta han, lekukoen arabera, etengabe torturatu zuten hainbat egunez: 83 alditan murgildu zuten uretan, itolarria eragin arte; borrekin jipoitu zuten; eta burua paretaren kontra jo zioten behin eta berriz. Horren ostean, Guantanamora igorri zuten, eta han dute oraindik, preso.

Beste hainbat presoren kasuak ere aletzen ditu Senatuak desklasifikatu duen txostenak. Atxilotu askoren abokatuek iragarri dute helegiteak aurkeztuko dituztela, informazio berriaren argitara. Horrek, seguru asko, preso askoren kontrako prozesuak geldiaraziko ditu, AEBetako legeen arabera, torturapean lortutako informazioa ezin baita erabili epaiketa batean.

Polemika garratza

CIAk, oraingoz, tortura salaketak ukatu ditu, eta «ezohiko galdeketak» oso gutxitan egin dituela argudiatu du, «segurtasun nazionala jokoan zegoenean bakarrik». Horrez gainera, ika-mika garratza piztu da FBI eta CIAren artean, informazio sekretua filtratzea eta herrialdearen segurtasuna kolokan jartzea leporatzen baitiote elkarri erakunde bateko zein besteko arduradunek.

HRW Human Rights Watch erakundeak, bestalde, txalotu egin du Senatuak hartutako erabakia, baina «harago» joateko eskatu dio, «txosten osoak argia ikus dezan, zentsurarik gabe». HRWko aholkulari Andrea Parsowen esanetan, inteligentzia estatubatuarrak «marra gorri guztiak zeharkatu ditu», eta ahalegin guztiak egin ditu «legez kanpoko tortura egitasmoaren xehetasunak azalera ez daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.