Zergatik sinetsi behar dut agiri hori CIArena dela? Non erraten du hori? Zergatik sinetsi behar dut CIArena ezetz, orain Estatu Batuetako terrorismoaren kontrako unitatearena dela? Haiek eskubidea dute zalantzak izateko eta gezurretan ari garela errateko, baina nik ere eskubidea dut zalantzak izateko». Josep Lluis Trapero mossoen burua, azken egunotan izar mediatiko bihurtua, Kataluniako El Periódico egunkariari zuzenean mintzatu zitzaion atzo. Agerraldia egin zuen Joaquim Forn Barne kontseilariarekin batera, egunkari horrek argitaratutako berri bat gezurtatzeko; zehazki, ustez CIAk maiatzean mossoei bidalitako ohar bat argitaratu zuen, eta horretan ohartarazi zien muturreko islamistak Rambletan eraso bat egitekotan zirela. Independentziari buruzko erreferendumerako hilabete eskas falta dela, ekaitz galanta sortu du Katalunian.
El Periódico-k CIAri egotzitako oharra argitaratu ondoren, Espainiako hedabide handi guztiek tituluetara eraman zuten berria, eta erreferendumaren aurka gogorrenen lerratuta dauden Kataluniako hiru alderdiek, Ciutadansek, PSCk eta PPk, parlamentuan azalpenak emateko eskatu zioten Forni. Ordurako, baina, oharraren egiazkotasuna zalantzan zegoen, eta El Periódico-k berak azalpenak eman behar izan zituen. Bi sektore politikoren arteko sokatira bihurtua zen auzia—erreferendumaren aldekoen eta aurkakoen artekoa—.
Sare sozialetan hainbat erabiltzaile katalan hasi ziren testuak zituen ezaugarri susmagarri batzuei erreparatzen, eta, Wikileaksek eta Julian Assange erakunde horren buruak iritzia eman ondoren, oraindik oihartzun handiagoa hartu zuen auziak. «[Oharra] Aldatuta eta asmatuta dagoela dirudi», idatzi zuen Assangek Twitterren. Ingelesezko oharrak gaztelaniaren hainbat ezaugarri zituela azaldu zuen, eta «susmagarria» zela erran zuen. Geroago, Enric Hernandez El Periódico-ko zuzendariaren dimisioa ere eskatu zuen. Traperok, berriz, adierazi zuen ez zutela CIAren abisurik jaso, eta erakunde horren berri soilik Espainiako segurtasun agentzien bidez izaten dutela. Atentatu asmoen inguruko abisu «anitz» jaso zituztela kontatu zuen, baita Rambletan gerta zitezkeenak ere, eta horiek Madrili jakinarazi zizkiotela. «Ez zutela sinesgarritasunik erran ziguten». Traperok uste du El Periódico-k ohar hori intentzioren batekin argitaratu zuela. «Hark zalantzak ditu gurekin; bada, nik zalantza anitz ditut harekin».
«Dena prest»
Urriaren 1a hurbildu ahala, gogortzen ari dira polemikak, baina indar independentistek bide orriari eutsi diote. «Dena prest dago: hautetsontziak, errolda, hauteslekuak... deialdirako dekretua baino ez da falta», adierazi zuen atzo Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak. Rovirak berretsi duenez, Erreferendumerako Legea datorren asteazkenean onartuko dute parlamentuaren osoko bilkuran, baina ez du zehaztu trantsizio legea noiz onartuko duten.
CIA, Wikileaks eta Assange, eztabaidara
'El Periódico' egunkariak CIAri egotzi dion ohar bat argitaratu du, Kataluniako Poliziari leporatzeko bazuela Rambletan atentatu bat jasateko arriskuaren berri. Mossoek ukatu egin dute, eta oharraren egiazkotasuna kolokan gelditu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu