Christian Zurita kazetaria aukeratu zuen bart Eraiki Mugimendua alderdi politikoak zerrendaburu, abuztuaren 20an egingo diren Ekuadorko presidentetzarako hauteskundeetarako. Zuritak ordezkatuko du, beraz, Fernando Villavicencio hautagaia, abuztuaren 9an Quiton eginiko ekitaldi politiko baten ostean hila; Andrea Gonzalez joango da zerrendan bigarren.
Hauteskunde Batzordeak ez du oraindik berretsi, ordea, Zuritaren hautagaitza. Gonzalez, berriz, Villavicencioren bigarrena zen hasieratik. 36 urte ditu, eta ingurumenaren aldeko aktibista da.
Eraiki Mugimenduak saiakera bat egin zuen Gonzalez presidentetzarako hautagai izendatzeko. Porrot egin zuen, ordea. Ekuadorko hauteskunde legeak galarazi egiten du, egoera dena dela ere, kanpainaurrekoan kargu baterako hautagaitza aldatzea.
Zuritak gertutik egin zuen lan Villavicenciorekin presidentetzarako kanpainan. Igandean Quiton emaniko prentsaurrekoan, Gonzalezekin batera eta balen aurkako txaleko batekin, esan zuen hildako hautagaiaren ideiak «ukitu gabe» zeudela eta bete egingo zituztela. «Herrialde honetako mafien aurkako mendekua izango da Fernando Villavicencioren alde bozkatzea», gaineratu zuen.
2025era arte egongo da agintean presidente berria. Izan ere, Guillermo Lassok, jarduneko estatuburuak, maiatzean deitu zuen hauteskundeetara, kongresua desegin zuen-eta bere aurkako epaiketa politiko bat saihesteko.
Villavicencioren gertukoa
Zurita eta Villavicencio gertuko lagunak ziren. Askotan, elkarrekin lan egin zuten kazetaritzan. Zehazki, Zuritak 30 urteko esperientzia du prentsa idatzian eta telebistan. Villavicenciorekin batera, ArrozVerde liburua idatzi zuen. Bertan, Rafael Correari eta haren alderdiko kideei ustelkerian aritzea egotzi zieten. Bestetik, Lava Jato kasua âۥBrasilgo azken urteetako eskandalu politiko eta finantzario handienetakoaâۥ azaleratu zuen nazioarteko kazetarien taldeko kidea ere izan zen Zurita.