No Estamos Todxs-eko kidea

Juan Pablo Nava: «Chiapasko kartzeletako preso gehienak jatorrizko herrietakoak dira»

Navak ez du gaur egungo Mexikoko justizia sisteman sinesten, ezta kartzelaren moduko «bazterketa guneetan» ere. «Kalteak konpontzeko» sistemaren aldekoa da.

(ID_17048808403435) (/Juan Pablo Nava)
BERRIA
asier gonzalez de san pedro
2024ko urtarrilaren 17a
05:05
Entzun

Juan Pablo Nava (Mexiko Hiria, Mexiko,1983) Chiapasko No Estamos Todxs presoen eskubideen alde eta kartzelen aurka dagoen eragileko kide da. Hango «preso politikoekin» eta arruntekin lan egiten dute, eta haien egoeraz aritu da, batez ere «errudunen fabrikaren» inguruan eta arrazismo estrukturalaz. EZLN Askapen Nazionaleko Armada Zapatistak 30 urte bete ditu aurten.

Zein dira Chiapasko «preso politikoak»?

Megaproiektuei aurre egiten dietenak eta gobernuaren aurka egiten duten horiek dira. Gehienak lurraren defendatzaileak, indigenak eta laborariak dira. Preso politikoekin ez ezik, kartzela barruan organizatu diren preso arruntekin ere lan egiten dugu, eta haiei borrokan ari diren presoak deitzen diegu. Hala ere, gure ustetan preso guztiak politikoak dira, sistema kapitalistak beti pertsona ahulak kartzelatzen dituelako. Mexikon errudunen fabrika deiturikoaren parte izan dira.

Zeri deitzen diozue errudunen fabrika?

Estatuak eta sistema judizialak errudunak sortzen dituen prozesuari. Norbait atxilotzen dutenean, torturatu egiten dute, egin ez duten delitu bat egin dutela onartzeko. Sistemak ezin dienez egotzi megaproiektuen aurka eta gobernuen erreformen aurka egiten dutela, beste delitu batzuk egozten dizkiete. Orokorrean, jatorrizko hiriek jasaten dute, baina preso politikoek jasan dezakete. Prozesu horretan, arrazismo estrukturala dago.

Zer da arrazismo estrukturala?

Atxilotzen dituzten gehienak jatorrizko herrietakoak dira, eta askok ez dute gazteleraz hitz egiten. Ofiziozko abokatuek, epaileek eta kartzela funtzionarioek ez dakite haien hizkuntza; edo jartzen dizkieten itzultzaileak sistemaren konplizeak dira, eta eskubideak urratzen dizkiete. Justiziak ez du justizia egin nahi: kartzelak jendez beteta eduki nahi ditu. Chiapasko kartzeletan preso dauden gehienak jatorrizko herrietakoak dira.

Nola daude jatorrizko herriak?

Bostehun urteko borrokaren ondoren, EZLNren altxamenduaren ondoren eta Indigenen Kongresu Nazionalaren borrokaren ondoren, bigarren mailako biztanleak dira oraindik ere, nahiz eta gure herriaren funtsezko zati bat izan. Chiapasen errudunen fabrikaren biktima nagusiak dira.

Zer erlazio duzue EZLNrekin?

Gure kolektiboa atxikia zaio EZLNk ateratako Lacandona oihaneko VI. deklarazioari, eta EZLNren VI. komisioaren 2008ko Primero Nuestros Pres@s egitasmoan sortu genuen eragile hau. Esan daiteke gure jarraibide politikoak bat doazela EZLNren eta Indigenen Kongresu Nazionalarekin.

«[Jatorrizko herrietako pertsonak] Bigarren mailako biztanleak dira oraindik, nahiz eta gure herriaren funtsezko zati bat izan»

Zenbat presori ematen diezue laguntza?

Sei presori ematen diegu laguntza. Zapatista bati eta San Juan Cancukeko beste bosti. Beste preso politikoei ere babesa ematen diegu Mexiko osoan zehar.

Zuen webgunean diozue «argi» dagoela kartzelak «krimenaren eskolarik hoberenak» direla eta ez dutela betetzen gizarteratzeko funtzioa. Zuen ustez, zein da kartzelen alternatiba?

Guk beste justizia sistema batean sinesten dugu. EZLN edo Guerreroko Polizia komunitarioaren sistemak dira horren adibide. Jatorrizko beste herri batzuek ere sistema bera erabiltzen dute: kaltea konpontzeko sistema. Komunitateari edo pertsona bati kalte egin diona ez da baztertzen. Komunitatean gehiago integratzen da, eta egindako kaltea konpondu behar du. Horrela, gizarteratu egiten dira, eta ez dago kartzelaren moduko bazterketa gunerik.

Nola eragingo dizuete presidentetzarako hauteskundeek?

Nazioan eta nazioartean itxaropen handia dago gaur egungo gobernuaren inguruan, Morenaren gobernuak bere buruari Laugarren Transformazioko gobernua deitzen dionarekin, eta ziurtzat jotzen da jarraitutasun politikoa izango duela. Baina proiektu neoliberal horrekin aurrera jarraitzen du, eta gobernuaren aurka eta megaproiektuen aurka egiten duten horiei jazartzen jarraitzen du. Presoei laguntzen aritu garen urte hauetan, gobernuaren aurkakotasuna nabaritu dugu.

2019an, adibidez, gose greba bat hasi genuen presoekin batera, eta prozesu osoan gobernuak zioen presoak errudunak zirela, kriminalak zirela eta kartzelan egotea merezi zutela, familiek eta gobernuz kanpoko eragileek errugabeak zirela frogatu arren. Nazio Batuen Erakundeko Atxiloketa Arbitrarioen Lantaldeak arrazoia eman zigun, eta horrela lortu genuen preso horiek aske geratzea. Horregatik, guk ez dugu esperantzarik, eta uste dugu gure ibilbidean oztopoak jartzen jarraituko dutela.

Aurreikusten da Claudia Sheinbaume Morena alderdiko presidentegaiak irabaziko dituela bozak. Arrazismo estrukturala bukaraziko dutela uste duzue?

Andres Manuelen [Lopez Obrador, egungo presidentea] gobernuarekin, bere hartan iraun du. Sheinbaum Andres Manuel Lopez Obradorrek hautatu du, eta zalantza handiak ditugu egoera aldatuko ote den. Horrek gobernuarenganako erresistentzia handiagoa ekarriko du, eta, zoritxarrez, errepresio handiagoa.

«Esan daiteke gure jarraibide politikoak bat doazela EZLNren eta Indigenen Kongresu Nazionalarekin»

Harremana duzu «preso politikoen» eskubideen aldeko beste elkarteren batekin?

Ez Mexikon bakarrik, munduko beste eragile batzuekin ere harremana dugu, eta bat egin dugu kartzelen aurkako bide horretan. Kooperanteak ezagutzeko eta beste eragileetako presoen informazioa zabaltzeko elkarlana egiten dugu. Beste eragileen egoeraren berri ematen dugu, eta Mexikoko egoera beste herrialde batzuetara zabaltzen da.

Nola zabaltzen dituzue egiten dituzuen ekintzak?

Gure lan politikoa kasuak ezagutaraztea da, eta sare sozialen bitartez egiten dugu hori. Ekintza politikoak ere egiten ditugu: elkarretaratzeak, dokumentalak, martxak... gure kideen kasuez hitz egiteko. Haien egoera ahantzarazten du kartzelak. Ekintza horien bitartez, jendea hurbiltzen zaigu, eta kasuak irakurtzera eta zabaltzera deitzen dut jendea hemendik; batez ere, gobernua, zeinak ezkertiartzat baitauka bere burua, deserosoa egiten zaio-eta informazioa zabaltzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.