Rosa Rodriguez. Giza eskubideen aldeko ekintzailea

«Chiapasen, tortura da Poliziaren ikerketa metodorik kutunena»

Mexikoko armadaren errepresioa izugarria dela dio Rodriguezek. «1995etik lehen aldiz, armadaren lur arraseko hegaldiak ikusi ditugu, eta urte hasieratik oso militarizatuta daude eremu zapatistak».

KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Bilbo
2019ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Rosa Estela Rodriguez (San Luis Potosi, Mexiko, 1969) Fray Bartolome de las Casas Giza Eskubideen Zentroan ari da lanean duela bi hamarkadatik, behin-behinekoa izatea espero zuten egitasmo hori betikotu egin den proiektu sendoa baita gaur egun. Komunitate zapatistei babesa emateaz gain, giza eskubideen urraketak dokumentatzen ditu zentroak, «ikusi eta salatu», eta nazioarteko behatzaileak hartzen ditu, tartean euskaldunak: «Euskal Herriko lagun ugari aritu da brigadetan behatzaile lanetan». Lumaltik gobernuz kanpoko erakundeak gonbidatuta egon berri da Bilbon.

Iraultza zapatistaren 25. urtemuga bete da aurten. Zein da egoera Chiapasen?

Errepresioa bere horretan da. Presentzia militarra eta paramilitarra izugarria da. Altxamendu zapatistarekin etorri zen armada, eskoletan eta leku publikoetan sartuz, erabateko indarrez, eta horrek desplazatu ugari eragin ditu. Badira hamar urtez desplazatuta bizi diren komunitateak. Azkenaldian, egoera makurtu egin da. 1995etik lehen aldiz armadaren lur arraseko hegaldiak ikusi ditugu, eta urte hasieratik oso militarizatuta daude eremu zapatistak. Chiapasen bereziki indigenak bizi dira, eta komunitate horiek behinolatik daude baztertuta. Hori izan zen iraultza piztu izanaren arrazoietako bat. Gobernuak ahaztuak ditu komunitateak, eta ez du inolako garapenik sustatu, are gutxiago indigenen kosmobisioaren ikuspuntutik. Oso komunitate pobreak dira, pobreetan pobreenak.

Intentsitate apaleko gerraz hitz egiten da...

Chiapasen indarkeria egoera larrian bizi gara, talde armatuen ekintzek krisi humanitarioak eragiteraino. Chiapas Mexikoko estaturik pobreena da. Chalchihuitan da estatuko herririk pobreenetakoa. Iparraldean dago, eta desplazatu ugari daude han, 5.000 inguru, mendira joan zirenak. Neguan 11 lagun hil ziren hotzez. Giza laguntza eraman zieten, baina artoa eta babarrunak banatu beharrean, produktu prozesatuak banatu zizkieten. Chenalhon antzekoa da egoera. Muturreko pobrezian bizi dira.

Txostena atera berri duzue. EZLNren esku dauden komunitateetan indarkeria handiagoa dela salatu duzue bertan.

Bai. Hala da. 1995. eta 2001. urteen bitartean 12.000 desplazatu egon ziren, eta 200 lagun hil edo desagerrarazi zituzten. Erresistentzian dauden komunitateen kontrako jazarpena handiagoa da. Hala izan da beti. Actealeko erasoa izan da orain arteko bortitzena. 1997ko abenduaren 22an 45 lagun hil zituzten han. Estatu krimen bat izan zen. Actealen, dena den, justiziaren eta memoriaren aldeko borroka itzela egin dute, eta egitura autonomoak eratu dituzte. San Andresko Akordioan jasota zegoena beren kabuz ezarri dute zapatistek, gobernuak ez baitzuen bere hitza bete; beraz, justizia administratzeko zentro propioak eratu zituzten, eta gobernu oneko batzarrak. Komunitate autonomoen ordezkariak elkartzen dira han, eta autogobernu eredu bat dute.

Iraultza zapatistak oihartzun handia izan zuen mundu zabalean. Egun ahaztutako beste gatazka horietako bat da. Nola dago mugimendua?

Iraultza oso bizirik dago, eta mugimendua oso irmoa da, nahiz eta erresistentziari ekin zioten komunitate zapatisten kontrainsurgentzia itzela izan. Erresistentzia apaltzeko plan ugari egon bada ere, denek egin dute porrot. Plan Chiapas 94 izan da erresistentzia ahultzeko estrategiarik handiena, baina zapatistek irmo jarraitzen dute borrokan, armarik gabe. Ekintza armatu bakar bat argudio aski litzateke armadaren esku hartze militarra justifikatzeko. Mugimendu zapatistak ekarpen handiak egin ditu, ahaztutako komunitateei hitza eta ikusgarritasuna eman die, eta administrazio propio bat eratu dute euren baliabideak kudeatzeko. Botere ariketa bat egiten ari dira autogobernuaren bidez, eta gero eta hezkuntza eta osasun baliabide sendoagoak dituzte. Oinarri bat ezarri dute, eta aurrerapen asko egon dira, baina asko dago egiteko. Herri indigenen oihua entzun egin behar da.

Preso dauden zapatisten egoeraz ohartarazi duzue, ezta?

Bai. Amerika Arteko Giza Eskubideen Batzordera jo izan dugu, baina ez gaituzte aintzat hartu. Preso dauden zapatisten egoera oso latza da. Haien eskubide guztiak urratzen dira. Torturatu egiten dituzte euren buruaren kontrako inkulpazioak sinatu ditzaten, eta urteak ematen dituzte preso epaiketarik gabe. Oraintxe, hamazazpi urtez epairik gabe preso egon den pertsona bat askatu dute, Juan Alvarez. Askotan ez dakite zergatik atxilotu dituzten, zertaz akusatzen dituzten, eta maiz ez dute gazteleraz hitz egiten, eta ez diete itzultzailerik jartzen eskura. Batzuetan tzotzilez mintzatzen den indigena bati tzeltalez mintzatzen den itzultzailea jartzen diote, eta, bai, biak hizkuntza indigenak dira, baina ez dira hizkuntza bera. Arbitrarietateak etengabeak dira, eta kartzelak errugabez beteta daude. Tortura da Poliziaren ikerketa metodorik kutunena Chiapasen. 2017. eta 2018. urteen artean 89 tortura kasu dokumentatu genituen. Exekuzioak ere izan dira, eta gobernuarentzat albo kalteak izan dira. Felipe Calderonen agintaldian oso ohikoa zen hori. Inpunitatea erabatekoa da.

Andres Manuel Lopez Obradorrek urtarrilean hartu zuen presidentetza. Zertan aldatu da egoera?

30 milioi lagunek babestu zuten AMLO. Ustez progresistagoa, irekiagoa, eta giza eskubideekin sentiberagoa izango zela uste genuen, indigenen hitzari erreparatuko ziola, baina ez da hala izan. Azken batean eskuinetik dator, priista izandakoa da [PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalekoa], eta sistemaren parte da; beraz, politika neoliberalari eutsi dio balizko garapen ekonomikoaren izenean. Itxaropena zutenek ere desengainua hartu dute, baina besteok ere behintzat beste jarrera bat espero genuen, eta formetan eta praktikan berdin dabil. Tren mayaren proiektuarekin aurrera jarraitzen du, komunitateei galdetu gabe zeintzuk diren euren beharrak edo lehentasunak, aintzat hartu gabe zapaltzen dituzten lurrak komunitate indigenen lurretan daudela. Proiektu horren eragina itzela izango da, ez soilik komunitateen egunerokoan, baita haien bizimoduan ere, faunari eta florari ere eragingo baitie. Petrolioa eta halako baliabide naturalak ustiatzeko multinazionalekin ari dira negoziatzen. Hobi asko daude oihanean, komunitate indigenen lurretan, eta meatzaritza eredu estraktibista ere garatzen ari dira, horietan lanean ari diren indigenak oso baldintza prekarioetan ari badira ere. Akuiferoak kutsatzen ari dira, eta indigenen osasuna arriskuan jartzen. Proiektu horien guztien kontra eta lurraren alde ari diren ekintzaileak mehatxatu eta hil egiten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.