Lasai esnatu da Caracasko erdigunea. «Lasaiegi», diote taxista batzuek. Haien ustez azken egunetan «tentsiozko lasaitasun bat» sumatu daiteke kalean, baina ez dago espero adina polizia eta militarrik. Guardia Bolivartarra dabil lanean, hori bai. Kaleak ixten dabiltza, eta ailegatzen den jende andana kudeatzen. Etorbide handietan daude batik bat, eta kaleak apainduta daude Nicolas Maduro persidentearen eta Hugo Chavez presidente ohiaren aldeko afixekin. Merkatu txiki eta handiak, berriz, zabalik, eta merkataritza guneetan jendea erosketak egiten. Ostirala da, arrunta berez, baina ez nolanahikoa: ordu gutxi barru, Maduro presidente izendatuko dute, eta oposizioak egingo duenaren zain ere badago hiria.
Maduroren inbestidurarekin «estatu kolpea» egon dela salatu du oposizioko alderdi nagusiak, eta erresistentzia demokratiko aktiboa iragarri du. Orain dela hilabete bat Bake Epaileen hauteskundeetan, ordea, ez zuten parte hartu, eta ikusteko dago aurrerantzean bestelako bozetan ere izango ote diren. Historikoki oposizioarena den auzo batean, Altamira auzoan, lasai ilundu zuen egunak inbestiduraren bezperan, eta gaubeila egin dute chavistek Plaza de la Juventud inguruan. Haiei batu zaizkie goizak aurrera egin ahala herrialdetik etorritako hainbat eta hainbat venezuelar.
Sucretik heldu da Jessi Figueroa. Bere auzo komunitateko burua da, eta autobusean sei ordu eginda iritsi da eguerdirako Caracasera. Eguna festa giroan pasatuko du, eta iluntzean itzuliko da etxera. Atzerrian daudenei ere etxera itzultzeko deia egin die: «Maduroren alde egin dugu, eta horregatik gaude hemen, ospatzen. Presidentearen erronka nagusia izango da datozen urteetan atzerrian dauden venezuelarrak beren aberrian gustura sentitzea. Dei egiten diet itzul daitezen. Hemen denentzat dago tokia». Delcy Rodriguez, berriz, Nutrizio graduko irakaslea da. Bere ikasleekin etorri da inbestidura saioaren ostean Mirafloresen dagoen festara: «Arlo publikoan lan egiten dugunok jai dugu gaur».
Badira jai giroan ere lanean ari direnak. Maria Isabel da horietako bat. Miraflores inguruko etxe batean bizi da, Chavezen misioetako batean egindako eraikin batean. Goizean goizetik ari da kafea saltzen, hauteskunde gauean bezalatsu. Badira, halaber, ura, janaria eta gobernuaren aldeko merchandisinga saltzen duten gazteak ere. Dolar baten truke saltzen dizkiete Venezuelaren banda presidentzialak nazioarteko gonbidatuei. Lan egun handia dute jendea garraiatzen ari diren motoek ere. Diotenez, kale mozketengatik bide luzeagoak egin behar dituzte gaur, baina ez dute liskarrik espero, eta lasai ari dira aurrera eta atzera.
Behin Mirafloreseko jauregiaren kanpoaldean, jai giroa nagusitu da eguzki galdatan. Segurtasun neurriak zorroztu dituzte bertan: gonbidatuen akreditazioa banan-banan aztertzen dute, eta, denak sartu ostean, goizaldetik zain dagoen jende saldoari utzi diote pasatzen. Esan dutenez, Maduro azaltzekoa da oholtza handian lehenago edo beranduago. Bitartean, reggaeton eta saltsa doinua duten kantu chavistek hartu dute plaza, eta bat-batean dultzaina bat entzun da Bella Ciao jotzen. Plazak kantuz erantzun du.
Bozgorailutik diote hogei mila motoz inguratuta datorrela Maduro. Ondoren, jauregi barruan, ekitaldi militarra eta zin egitea izango dira, eta gero lehertuko da festa. Bai, behintzat, Mirafloresen. Oihala jaitsi dute, eta pankarta erraldoia erakutsi: «Viva Venezuela Fest» (Gora Venezuela Fest). Gobernuak dio egoera kontrolpean dagoela, eta ikusteko dago zein den oposizioaren erreakzioa. Kontzertuak espero dira gauean, eta, ustez, liskar gutxi. Dena izango da dantzan, eta akaso, batzuentzat dena zalantza oraindik. Gau luzea izango da Caracasen, eta datozen sei urteak gertutik segitzekoak Venezuelan.