Chavismoa nagusitu da beste behin Venezuelan

Hirugarrenez irabazi ditu bozak Nicolas Madurok, botoen %51,2 eskuratuta. Presidenteak elkarrizketarako deia egin die gizarte eragile eta alderdiei. Oposizioak, ordea, iruzurraren mamua haizatu du.

Nicolas Maduro, Venezuelako presidentea, garaipena ospatzen. RONALD PEÑA / EFE
Nicolas Maduro, Venezuelako presidentea, garaipena ospatzen. RONALD PEÑA / EFE
Zurine Rodriguez
Caracas
2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun

Chavismoak hauteskundeak irabazi ditu berriro, eta antichavismoak uko egin dio emaitzak onartzeari. Horixe da, hain zuzen ere, Venezuelako egoera oraintxe; izan ere, hauteskunde gauak tentsio handikoak izan ohi dira Venezuelan, eta nazioarteko adierazpenek ez dute balio izaten egoera baretzeko. Esaterako, Txileko presidenteak, Gabriel Boricek, zalantzan jarri du emaitzen sinesgarritasuna, eta beste batzuek, Hondurasko presidente Xiomara Castrok kasurako, zoriondu egin du Maduro, eta Hugo Chavezen ondarearen balioa azpimarratu. Datozen egunetan Venezuelan hartuko diren erabakiak eta nazioarteko adierazpenak funtsezkoak izango dira herrialdearen egonkortasunerako.

Bien bitartean, ordea, argia da Venezuelako Hauteskunde Batzordearen iragarpena: egungo presidente eta GPP Polo Patriotiko Handia koalizio chavistaren hautagai Nicolas Madurok irabazi ditu bozak, botoen %51,9 eskuratuta. Oposizioko hautagaiak, Edmundo Gonzalezek, botoen %44,2 bildu ditu. Parte hartzea, berriz, %59 izan da. 

Hauteskundeak, hain zuzen ere, Hugo Chavezen jaiotzaren urteurrenarekin batera egin dituzte. Militante chavista askok Zorionak zuri abestu zioten komandateari, emaitzak iragarri baino minutu batzuk lehenago. 

Marea gorri batek —gorria da PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren kolorea— Miraflores jauregiaren ondoan dauden kale guztiak bete zituen bart, musikaz eta oihuz. Bertan agertu zen Maduro bera ere gauerdi inguruan, kalean zain zeuzkan jarraitzaileen gozamenerako. Presidenteak iragarri zuen «bakearen aldeko elkarrizketa sozial handi batera» deituko duela, eta astelehenean bertan sinatuko duela horretarako dekretu bat. Elkarrizketa horietara «herrialdeko eragile sozial eta politiko, mugimendu eta elkarte eta eliza guztiak» gonbidatuko dituela ere ziurtatu zuen.

Bestelako irudia eman zuen oposizioko hautagaiak. Gonzalez ez zen jendaurrera agertu, eta sareetatik mintzatu zitzaien jarraitzaileei —Maria Corina Machado izan zen oposizioaren izenean jendaurrean hitz egin zuen bakarra—. Gonzalezek bakerako deia egin zuen, baina, aldi berean, ez zituen emaitzak onartu, eta haizatu egin zituen iruzurraren inguruko susmoak. Machadok oposizioaren garaipena aldarrikatu zuen, eta nabarmendu, haien kontaketaren arabera, Gonzalezentzat izan zirela botoen %70. Hain zuzen ere, Machadok eta Gonzalezek agerraldia egitekoa zuten bart gauerdian —Venezuelan arratsaldeko seiak zirela—.

Oposizioaren jarrerak 2019ko hauteskundeetan gertatutakoa ekarri dio gogora askori. Ordu hartan, Juan Guaidok ez zituen bozen emaitzak onartu, eta Venezuelako Errepublikako presidente izendatu zuen bere burua, estatu kolpe bat emateko ahaleginean. Hasieran, nazioarteko hainbat gobernuk eta erakundek babestu zuten oposizioko burua, baina, denborarekin, babes hura galdu zuen, eta, 2022an parlamentuan zuen gehiengoa galduta, erbestera jo zuen. 

Orain ere asko irten dira kalera, hauteskundeetan iruzurra izan dela salatzeko. Caracas hirian jendetza atera zen atzo, eltzeak eskuetan Maduroren aurka oihuka. Oposizioaren jarraitzaileek 16:00ak arteko epea eman zioten Madurori atzera egiteko —22:00ak Euskal Herrian—, eta ohartarazi halakorik egin ezean Mirafloresera abiatuko zirela. 

«Herriaren borondatea»

«Herriaren borondatea errespeta dadila», esan du Ignacio Hernandez PDVSA Venezuelako petrolio enpresako langileak. Miraflores jauregiaren inguruan bildutako jendetzaren artean zegoen bera ere. Hernandezek, hala ere, onartu du beharrezkoa dela oposizioarekin hitz egitea: «Izan ere, gure herrialdeko gizartearen parte batek ez du Maduro nahi, eta hori errealitate bat da». Baina, aldi berean, nabarmendu du oposizio horrek ez lukeela egon behar «beste herrialdeen kontrolpean». Haren esanetan, Venezuelak bere subiranotasuna merezi du eta behar du.

Kontrako iritzia du Jose Gonzalezek. Emaitzak jakin ostean, oposizioaren kontzentrazioetara joan da, «demokrazia defendatzera». Maduro «diktadore bat» dela uste du, eta AEBek demokrazia ekar dezaketela. Baina aitortu du ezen, hauteskundeak irabazteko zorian egon arren, Maduroren aldekoek eskuratu dutela gehiengoa.

Nazioartea

Nazioarteko eragileen esku hartzeari buruz asko hitz egin da Venezuelan azken egunetan. Espainiatik, kasurako, eskuineko hainbat alderdik bidali zituzten ordezkariak Venezuelara, PPk eta Voxek besteak beste, eta horrek eztabaida piztu du herrialdeen ordezkaritzei ateak zabaltzearen inguruan.

Shabaka Kambom Caribbean Freedom Project-eko kidea da, eta, haren esanetan, gakoa da prozesua laguntzera edo baldintzatzera etortzen ote diren. Horregatik, nazioarteko begirale gisa etorri da bera, eta bete egin ditu Venezuelako Gobernuak eskatzen dituen legezko prozedurak, bisa berezi bat eta Hauteskunde Batzorde Nazionalaren gonbidapena izatea. Hainbat hautesleku ikuskatzen eman du eguna, eta hauteskundeak «normaltasunez eta gorabeherarik gabe» igaro direla ziurtatu du.

Behatzaileen ordezkaritza azken urteetako jendetsuena izan da Venezuelan: 110 herrialdetatik bidaiatu duten 1.000 lagun baino gehiago izan dira. Adostasuna zabala da guztien artean. Ia guztiek ontzat jo dute hauteskunde eguna, eta emaitza errespetatzeko eskatu dute. 

Claudia Fernandari ilusio handia egiten dio ikuskatzaile bat ezagutzeak, eta, haietako batek berarekin hitz egin nahi duela baliatuz, etxera igotzera gonbidatu du. Kafe bat eta janari apur bat eskaini dio, eta, denbora batez, hauteskundeez ez beste gai batzuez hitz egiten ibili dira. Herrialdea nola dagoen kontatu dio Fernandak, eta «gauzak dezente hobetu» direla esan. Izan ere, inflazioa kontrolatuta dago, eta hornikuntza ziurtatuta supermerkatuetan. 

Egoera ekonomikoa

Oposizioak bi kritika nagusi ditu Maduroren aurka. Batetik, egoera ekonomikoa, eta, bestetik, delinkuentzia eta segurtasunik eza. Hala ere, azken orduetan, oposizioak ustezko iruzur bati buruz baino ez du hitz egin, eta ez du ekonomia aipatu. «Ezin dutelako», azaldu du Booker Ngesa Omole, The National Chaireko presidenteak: «2012an metroa gaizki zebilen, eta orain arazorik gabe erabil daiteke, etxebizitza berri gehiago egin dira, eta gauez lasai ibil zaitezke erdialdean».

Izan ere, oso ezaguna izan zen egun batzuk lehenago Venezuelako patronalak —Fedecamaras— hauteskundeetan parte hartzeko deia egin zuen komunikatua, non ziurtatu baitzuen «erraztasunak» emango zituela «langileek botoa eman ahal izateko». Madurok Miraflores jauregian egindako agerraldia baliatu zuen «ekintzailetza aro berri bat» iragartzeko.

 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.