Chavismoa, boterearen higadura nabarituz

Egoera ekonomikoak eta gizartearen ezegonkortasunak baldintzatu dituzte azken urteak Venezuelan. Inkesta batzuen arabera, bihar egitekoak diren hauteskundeetan amai liteke Madurok 2013an abiaturiko agintaldia.

Edmundo Gonzalez oposizioko hautagaia eta Maria Machado, Caracasen, uztailaren 21ean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Edmundo Gonzalez oposizioko hautagaia eta Maria Machado, Caracasen, uztailaren 21ean eginiko agerraldi batean. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
2024ko uztailaren 27a
05:05
Entzun

2019an behea jotako ekonomia hondoratu bat izan da Venezuelako egoeraren adierazle azken urteetan. NDF Nazioarteko Diru Funtsak 2022an adierazi zuen «ia mende erdian gatazkarik gabeko herrialde batek izan duen gainbehera ekonomiko handiena» zela. Bihar herrialdean presidentetzarako egitekoak diren hauteskundeetan, inoiz baino handiagoak dira Nicolas Maduroren hamar urteko agintaldia amaitzeko aukerak, inkesta batzuen arabera. Kontuan hartu behar da chavismoa 1999an iritsi zela boterera, Hugo Chavez komandantearen eskutik, eta boterea luzaro izateak dakarren higadura nabaritzen ari dela. Hamar hautagai lehiatzekoak dira bozetan, baina irabazteko faboritoak Maduro presidentea bera (GPP Polo Patriotiko Handia koalizio chavistaren hautagaia) eta Edmundo Gonzalez (PUD Plataforma Unitario Demokratikoa) oposizioko burua dira.

Plataforma Unitario Demokratikoa oposizioko alderdi nagusiek osaturiko koalizioa da. 2021ean sortu zuten, MUD Batasun Demokratikoaren Mahaia aliantzak betetzen zuen tokia bereganatuz. PUDen primarioetan, 2023ko urrian, Maria Corina Machado Asanblea Nazionaleko diputatu ohiak (2011-2014) botoen %92 eskuratu zituen, baina aurtengo urtarrilean hamabost urtez kargu publiko bat hartzeko inhabilitazioa ezarri ziotenez —Juan Guaidoren ustelkeria kasuetan parte hartu izana egotzita—, ezin izan da oposizioaren hautagai izan. Berez haren ordezkoa izan behar zuena ere, Corina Yoris, ez da aurkeztuko hauteskundeetara, ezin izan baitzuten hautagaiak aurkezteko epearen barruan izendatu, «oztopo teknikoak» leporatuta gobernuari. Beraz, Edmundo Gonzalez izango da oposizioaren buru.

Gonzalezek ibilbide oparoa du Venezuelako politikagintzan. 74 urteko diplomatiko ohia MUDen sortzaileetako bat izan zen 2008an, eta Venezuelako enbaxadorea Aljerian (1991-1993) eta Argentinan (1998-2002). Horrez gain, Atzerri Ministerioko Nazioarteko Politikako zuzendari nagusia ere izan zen 1994 eta 1998 artean, Rafael Caldera presidente zela. «Koldarkeriaz» jokatzea leporatu dio Madurori kanpainan, oposizioak jasandako «errepresio politikoa» hizpide. Foro Penal GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Gonzalezen kanpainarekin loturiko 102 pertsona atxilotu dituzte aurten, 77 hauteskunde kanpainaren erdian.

2019an datu historikoak izandako ekonomia hondoratu batean murgilduta egon da Venezuela azken urteetan. Gaur egun, herritarren %51,9 pobreak dira, Encuestas de Vida inkesta etxeak eginiko ikerketa batek dioenez, eta 2014tik zortzi milioi venezuelarrek baino gehiagok herrialdetik alde egin behar izan dute. Inflazioa %189,9 zen 2023 amaieran, Venezuelako Banku Zentralaren arabera —2019an %9.585 ere izan zen—.

Nazioarteko komunitateak —batez ere AEB Amerikako Estatu Batuek— herrialdearen sektore energetikoari ezarri dizkion zigor ekonomikoei leporatu izan die beti Maduroren gobernuak krisi ekonomikoa, munduko petrolio erreserbarik handienak dituen herrialdea baita Venezuela. AEBek zenbait zigor kendu zituen iaz, Maduroren gobernuak eta PUDek hauteskundeetarako bermeak adostu ondoren, baina atzerapauso bat ekarri du Machadoren hautagaitzari ezarritako inhabilitazioak, besteak beste.

Oposizioa, bere «onenean»

Delphos inkesta etxeak eta Andres Bello Unibertsitate Katolikoak (UCAB) hilaren hasieran eginiko ikerketa bat aintzat hartuta, Gonzalezek botoen %59,1 jasoko ditu bihar; Madurok, berriz, %24,6. Gainera, inkestatuen %71,3k beharrezkoa ikusten dute gobernu aldaketa. UCABren Ikerketa Politikoen Zentroko zuzendari Benigno Alarcok adierazi zuenez inkesta aurkeztean, oposizioa bere garai politiko «hoberenean» dago, eta uste du aurreko bozetan boikotera deitzen zutenek orain erantzukizuna hartu dutela aldaketa politikoa gidatzeko. Bestalde, Maduroren garaipena iragartzen duten inkestak ere argitaratu dira azken egunotan: Dataviva aholkularitza enpresaren inkestaren arabera, Madurok botoen %56 eta %71 artean eskuratuko ditu, eta Gonzalezek, %20 eta %25 artean.

2018ko presidentetzarako bozetan, MUDek boikotera deitu zuen, hauteskundeak «itxurakeria» zirela argudiatuta. Ondorioz, Maduro aise gailendu zen, botoen %67 bereganatuta —parte hartzea %46 izan zen—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.