Espainiak botere judizialaren gobernu organoa berrituko du, bost urteko blokeoaren ostean. PSOEk eta PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko (CGPJ) karguen izendapena adostu dute, kostata. Ezin ulertuak luze iraun du. Espainiako Konstituzioaren arabera, Espainiako Kongresuak 2018ko abenduan berritu behar zituen kontseiluko kideak, baina PSOEren eta PPren arteko akordiorik ezak gaur arte atzeratu du berritze hori. Azkenean, Europako Batzordearen bitartekaritzarekin lortu dute ados jartzea. Alderdi bakoitzak CGPJko kideen erdiak izendatuko ditu: hamar kide PSOEk eta beste horrenbeste PPk. Izendapenak Kongresuak egin behar ditu, hiru bosteneko gehiengo kualifikatu batekin.
Bruselan sinatu dute akordioa Espainiako Gobernuko Presidentetza ministro eta PSOEren negoziatzaile Felix Bolañosek eta PPko presidenteorde Esteban Gonzalez Ponsek. Europako Batzordeko presidenteorde Vera Jourovaren begiradapean izenpetu dute.
PSOE eta PP behin baino gehiagotan egon dira akordioa lortzeko zorian. 2018an, PPk baztertu egin zuen CGPJ berritzeko aukera, popularren Senatuko bozeramaile Ignacio Cosidoren Whatsapp mezu batzuk prentsara filtratu zirelako. Horietan, Cosidok Senatuko bere kideei azaltzen zien PSOErekin lortutako akordioari esker PPk «atzetik» kontrolatuko zuela Auzitegi Goreneko bigarren aretoa, Manuel Marchena magistratua areto horretako presidente izendatuta. 2022an ere akordio bat lortzetik gertu izan ziren Espainiako bi alderdi nagusiak, baina PPk atzera egin zuen Espainiako Gobernuak zigor kodearen erreforma bultzatu zuenean, besteak beste, sedizio delitua ezabatzeko.
Egungo legearekin
Blokeoa luzatzen ari zela ikusita, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ultimatum bat bidali zion PPri duela bi aste, eta ohartarazi zion ekaina bukatu aurretik akordiorik lortu ezean, legea erreformatuko zuela CGPJri eskumenak murrizteko; besteren artean, Auzitegi Goreneko, auzitegi nagusietako eta probintzia auzitegietako epaileak izendatzeko eskumena.
Azkenean, baina, egungo legearekin berrituko dute organoa. Dena den, alderdi sozialistak eta popularrak lege proposamen bateratu bat aurkeztuko dute Kongresuan, CGPJko kideen izendapen prozedura erreformatzeko. Adostutako testuak jasotzen duenez, Kongresuak proposamena onartzen badu, CGPJk sei hilabeteko epean aztertu beharko du nola hautatzen diren haren gisako organoetako kideak Europako beste herrialde batzuetan. Horren ostean, erreforma proposamen bat egin beharko du, eta, kontseilukideen hiru bosteneko babesa bilduta, hura bidali beharko die gobernuari, Kongresuari eta Senatuari, Gorteek haren onarpena eztabaidatu dezaten.
Halaber, bi alderdiek adostu dute CGPJko kide edo estatuko fiskal nagusi izateko aukera debekatzea azken bost urteetan kargu politikoren batean jardun dutenei.
Egungo CGPJk Espainiako Kongresuaren 2013ko osaerari erantzuten dio. PPk gehiengo absolutua zuen orduan, eta kontserbadoreen nagusitasuna argia izan da azken hamar urteetan botere judizialaren kontseiluan. Gaur egun, oraindik ere berritu gabe daude Auzitegi Goreneko magistratuen herenak.