Cecilia Sala kazetari italiarra aske utzi du Iranek

Abenduaren 19tik Teherango Evin kartzelan egon da gatibu. Lege islamikoa urratu izana leporatzen zioten.

Cecilia Sala, artxiboko irudi batean. ANDREA MEROLA / EFE
Cecilia Sala, artxiboko irudi batean. ANDREA MEROLA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko urtarrilaren 8a
16:00
Entzun

Irango espetxe batean hogei egun bakarturik igaro ostean, herrialde hartako gobernuak aske utzi du gaur Cecilia Sala kazetari italiarra, eta Italiara itzuli da. Lege islamikoa urratzea leporatuta atxilotu zuten Sala, iazko abenduaren 19an, Teheranen. Kazetaria Italiako Il Foglio egunkarirako zenbait erreportaje egiten ari zen Iranen, emakumeek nozitzen duten zapalkuntzari buruz. Italiako lehen ministro Giorgia Meloniren bulegoak jakinarazi du kazetaria libre utzi dutela.

Teherango Evin espetxean egon da preso Sala. Iragan astean bere familiari telefonoz esan zionez, «baldintza oso kaskarretan» igaro du espetxealdia: azaldu zuenez, ez zuen oherik, eta lurrean etzanda egin behar izan du lo. Ez da lehen aldia Evingo baldintzak salatzen dituztela. Izan ere, Irango Gobernuaren aurkako ekintzaileak, kazetariak eta atzerritarrak espetxeratzeko erabiltzen dute; are gehiago, gatibuak torturatzen dituztela salatu izan dute hainbatetan.

Evingo egoera gaitzetsi duten azkenetarikoa Narges Mohammadi irandarra izan da, 2023ko Bakearen Nobel sariduna. Elle Frantziako aldizkariak iragan astean kaleratutako elkarrizketa batean esan zuenez, «preso politikoak hiltzen diren lekua» da Evin. Nobel saridunak nabarmendu zuenez, berarekin ziegan egon ziren emakume batzuek «torturak eta sexu indarkeria» pairatu dituzte. Iazko abenduaren 4an irten zen kartzelatik Mohammadi, behin-behinean.

Sala atxilotu zutenetik, hainbat hipotesi zabaldu dira hura gatibu hartzearen arrazoien inguruan. Indar handiena hartu zutenetako bat da Iranek presoen arteko truke bat egin nahi zuela Italiarekin: Mohammad Abedini Najafabadi Irango ingeniari bat Milanen atxilotu zuten Sala atzeman baino egun batzuk lehenago. Herenegun, ordea, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Esmaeil Baqaeirenek esan zuen «errepublika islamikoaren legea urratzea» izan zela hura atxilotzeko arrazoi bakarra, eta azpimarratu zuen ez zegoela ezkutuko beste arrazoirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.