CDUren buruak lasaitua hartu du Saxonia-Anhalt landerreko bozei esker

Lascheten alderdiak azken bi hamarkadetako babesik handiena lortu du Alemania ekialdean, eta 97tik 40 eserleku izango ditu parlamentuan

Armin Laschet Alemaniako CDUren buruzagia, atzo, prentsaurreko bat hasi aurretik. CLEMENS BILAN / EFE.
ander perez zala
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Alemaniako CDU Batasun Kristau-Demokratak eta, batez ere, haren buruzagi Armin Laschetek saio erabakigarri bat gainditu dute. Ekialdeko Saxonia-Anhalt landerreko hauteskundeen emaitzek lasaitua eman diote Lascheti, CDUk irailean egitekoak diren boz orokorrei begirako garaipen garrantzitsua eskuratu baitu han; izan ere, espero baino babes askoz ere handiagoa jasota, alderdi demokristauak ultraeskuinaren gorakadaren mehatxua gelditzea lortu du, eta, barrura begira, hainbat eztabaida bere buruzagiaren alde bideratu ditu, datozen hilabeteetan hauteskunde nagusia lasaiago prestatzeko.

Irailaren 26ko hauteskundeak Angela Merkel hautagai izango ez den lehenak izango dira azken hamasei urteotan, beste agintaldi baterako ez aurkeztea erabaki baitu. Laschet izango da haren ordezkoa, baina agintari berriari ez zaio testuinguru onenean egokitu lehen aldiz lehian sartzeko aukera: koronabirusaren pandemiaren kudeaketak haren alderdia higatu du, eta Bavariako CSU Batasun Sozial Kristauarekin hautagaitza bateratuari buruz izan duen eztabaidak irudi txarra helarazi die herritarrei. Horien ondorioz, CDU/CSU hautagaitzak nabarmen egin du behera inkestetan, eta Aliantza 90/Berdeak alderdi ekologistaren gorakada mehatxu bilakatu zaio, nahiz eta azken asteetan horien joera gelditu egin den.

Testuinguru horregatik, CDUren buruzagiari ezinbestekoa zitzaion herenegungo bozetan egoera are gehiago okertuko zion emaitzarik ez izatea, eta AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturreko alderdiaren mehatxuaz baliatu da arrakasta izateko. 2016ko emaitzekin alderatuta, Lascheten indar politikoak bost puntu egin du gora, eta Saxonia-Anhalteko Parlamentuan 97tik 40 diputatu izango ditu, duela bost urte baino hamar gehiago. Reiner Haseloff 2011tik ministro-presidente denaren ospeak ere lagundu du horretan, eta, ezustekorik ezean, kargu horretan jarraituko du datorren agintaldian.

Emaitza horiei esker, azkenean hiru puntu behera egin duen eta bederatzi aulki galdu dituen AfDk ez dio estutasun handirik eragin CDUri, babes handiena lortu duten alderdietan bigarrena izan den arren, 22 eserlekurekin. Hortaz, Lascheten indar politikoak datorren iraileko hauteskundeetatik atera daitezkeen hainbat koalizio probatzeko aukera izango du lander mailan: SPD Alderdi Sozialdemokratarekin berriz elkartzea (bederatzi diputatu ditu), edo parlamentura itzuli den FDP Alderdi Demokratiko Librearekin (zazpi) eta ekologistekin (zazpi) elkartzea, esaterako.

Argi dagoena da Die Linke ezkertiarra ez dela agintean sartuko; hamabi aulki bildu ditu (lau gutxiago), eta aurten ere behera egin du haren aldeko babesak.

Estrategiarako eztabaidak

Saxonia-Anhalteko emaitzek herrialde mailako joerak eta indar harremanak islatzen ez dituzten arren, CDUri hainbat lezio utzi dizkiote, azken bi hamarkadetako babes handiena jaso baitu.

Kanpainan bidalitako mezuek eta lehenetsitako agendak agerian utzi diote ez duela eskuinera egiteko beharrik boto gehiago lortzeko, alderdi barruan askok hori egitea beharrezkoa dela uste duten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.