Alemania

CDUko presidenteak dimisioa emango du, Turingiako krisiak bultzatuta

Annegret Kramp-Karrenbauerrek uko egin dio kantzilergai izateari ere, baina Defentsa ministro karguan segituko du. Urtebetean ez du lortu Alemaniako alderdirik indartsuenaren kontrola bereganatzea.

Annegret Kramp-Karrenbauer, artxiboko irudi batean. FILIP SINGER / EFE
ander perez zala
2020ko otsailaren 10a
09:49
Entzun

Turingia landerreko krisi politikoak bete-betean jo du Alemanian agintean dagoen Batasun Kristau-Demokrata (CDU). Annegret Kramp-Karrenbauerrek urtebete egin du alderdiko presidentetzan, baina epe horretan ez du lortu CDUren kontrola bereganatzea, eta, egoerak bultzatuta, alderdiaren buruzagitzari jakinarazi dio dimisioa emango duela. Ez hori bakarrik: uko egin dio datorren urteko hauteskundeetan kantzilergai izateari.

Erabakiaren berri emateko prentsaurrekoan, CDUko presidenteak adierazi du alderdia «indartsuago bilakatzeko» hartu duela erabakia, eta, haren iritziz, pauso horrek ez du eraginik izango koalizio gobernuaren egonkortasunean —CDU Alemaniako Alderdi Sozialdemokratarekin (SPD) ari da gobernatzen—: «Ez naiz kantzilergaia izango, eta presidentetzan jarraituko dut ordezkoa aurkitu arte. Horiez gain, ez da ezer aldatu».

Kramp-Karrenbauer Merkelen ondorengo izendapenarekin egin zen ezagun; batez ere, CDUk 2018ko abenduan egin zituen primarioen harira. Hura aukeratuta, aro berri batean murgildu zen Alemaniako alderdirik indartsuena, 18 urtean lehenengoz presidente berria hautatu baitzuen; Angela Merkel kantzilerrak lasaitua hartu zuen orduan, haren antzeko ideiak dituen politikari batekin bete baitzuten hutsik utzi zuen kargua.

CDUko presidente berriak, ordea, ez du lortu alderdiaren kontrola bereganatzea, haren agintaldia krisi politikoen artean igaro baitu; azkena izan da Turingiako presidentearen bozketan gertaturikoa. Die Linke ezkertiarrak irabazi zituen iragan urriko bozak, baina Bodo Ramelow jarduneko lehen ministroak ez zuen gehiengo osoa eskuratu; hala ere, inbestidura saioan gehiengo sinplearekin haren hautagaitza aurrera ateratzea espero zuen, SPDren eta Aliantza 90/Berdeak ekologisten babesarekin.

Horri aurre egiteko, Alderdi Demokratiko Askea (FDP) liberalak ere hautagaia aurkeztu zuen, eta, CDUren babesa ziurtatua zuen arren, ez zituen Die Linkek baino boto gehiago; bozketan, ordea, ezustekoa eman zuen Alemaniarentzako Alternatibak (AfD), hautagai liberalaren alde egin baitzuen. Thomas Kemmerich liberalak, eskuin muturraren botoei ezezkoa eman beharrean, onartu egin zituen, eta horrek krisia eragin zuen. Presioaren ondorioz, Kemmerichek iragan larunbatean dimititu zuen.

Gertakariak eta Merkelek auzian eskua sartu behar izateak agerian utzi du Kramp-Karrenbauerren ezintasuna. Horiek horrela, litekeena da 2018ko primarioetan izan zen barne gatazka berriz abiatzea datozen hilabeteetan.

Egutegiari begira, CDUko presidenteak udan abiatuko du alderdiaren kantzilergaia aukeratzeko prozesua, eta, horren ostean, presidente berria hautatzekoa. Alemaniako hedabideen arabera, Merkelek ez dio Kramp-Karrenbauerri oztoporik jarri Defentsa ministro karguan segitzeko.

Turingian zer egin

Turingiako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiak batzartzekoak dira krisia bideratzeko. Etzi bozketa egingo dute ganbera horretan lehen ministro berria aukeratzeko, eta alderdi gehienek eragotzi egin nahi dute hauteskundeak berriz egitea.

Die Linkek du ordezkaritzarik handiena —90etik 29—, eta iragan legealdian agintean egon zen; alderdi horretako zuzendaritzak jakinarazi duenez, CDUren eta FDPren babesa lortzen saiatuko dira Ramelowren hautagaitzak arrakasta izan dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.