CDUko presidenteak dimisioa emango du Turingiako krisiagatik

Annegret Kramp-Karrenbauerrek uko egin dio kantzilergai izateari ere. Urtebetean ez du lortu alderdiaren kontrola bereganatzea

Annegret Kramp-Karrenbauer CDUko burua eta Angela Merkel kantzilerra. CLEMENS BILAN / EFE.
ander perez zala
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Turingia landerreko krisi politikoak bete-betean jo du Alemanian agintean dagoen Batasun Kristau-Demokrata (CDU). Annegret Kramp-Karrenbauerrek urtebete egin du alderdiko presidentetzan, baina epe horretan ez du lortu CDUren kontrola bereganatzea, eta, egoerak bultzatuta, alderdiaren buruzagitzari jakinarazi zion atzo dimisioa emango duela. Ez hori bakarrik: uko egin zion datorren urteko bozetan kantzilergai izateari, baina Defentsa ministro izaten jarraituko du.

Erabakiaren berri emateko prentsaurrekoan, CDUko presidenteak adierazi zuen alderdia «indartsuago bilakatzeko» hartu zuela erabakia, eta haren iritziz pauso horrek ez duela eraginik izango koalizio gobernuaren egonkortasunean —CDU Alemaniako Alderdi Sozialdemokratarekin (SPD) ari da gobernatzen—: «Ez naiz kantzilergaia izango, eta presidentetzan jarraituko dut ordezkoa aurkitu arte. Horiez gain, ez da ezer aldatu».

Kramp-Karrenbauer Merkelen ondorengo izendapenarekin egin zen ezagun; batez ere, CDUk 2018ko abenduan egin zituen primarioen harira. Hura aukeratuta, Alemaniako alderdirik indartsuena aro berri batean murgildu zen, 18 urtean lehenengoz presidente berria hautatu baitzuen; Angela Merkel kantzilerrak lasaitua hartu zuen orduan, haren antzeko ideiak dituen politikari batekin bete baitzuten hutsik utzi zuen kargua.

Kontrolik ez

CDUko presidente berriak, ordea, ez du lortu alderdiaren kontrola bereganatzerik, haren agintaldia krisi politikoen artean igaro baitu; azkena izan da Turingiako presidentearen bozketan gertaturikoa. Ezkerreko Die Linke alderdiak irabazi zituen iragan urriko bozak, baina Bodo Ramelow jarduneko lehen ministroak ez zuen gehiengo osoa eskuratu; halere, inbestidura saioan gehiengo sinplearekin haren hautagaitza aurrera ateratzea espero zuen, SPDren eta Aliantza 90/Berdeak ekologisten babesarekin.

Horri aurre egiteko, Alderdi Demokratiko Askea (FDP) liberalak ere hautagaia aurkeztu zuen, eta, CDUren babesa ziurtatua zuen arren, ez zituen Die Linkek baino boto gehiago; bozketan, ordea, ezustekoa eman zuen Alemaniarentzako Alternatibak (AfD), hautagai liberalaren alde eginez. Thomas Kemmerich liberalak onartu egin zituen eskuin muturraren botoak, eta krisia eragin zuen. Presioaren ondorioz, Kemmerichek iragan larunbatean dimititu zuen.

Gertakariak eta Merkelek auzian esku hartu behar izateak agerian utzi du Kramp-Karrenbauerren ezintasuna. Horiek horrela, litekeena da 2018ko primarioetan izan zen barne gatazka berriz abiatzea datozen hilabeteetan. CDUko presidenteak udan abiatuko du alderdiaren kantzilergaia aukeratzeko prozesua, eta, horren ostean, presidente berria hautatzekoa.

Turingiako Parlamentuan bihar egingo dute bozketa lehen ministro berria aukeratzeko, eta alderdi gehienek eragotzi egin nahi dute bozak berriz egitea. Die Linkek du ordezkaritzarik handiena —90etik 29—; alderdi horrek jakinarazi duenez, CDUren eta FDPren babesa lortzen saiatuko dira, Ramelowren hautagaitzak arrakasta izan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.