Denbora luze batez bazirudien beltz-horiek kontserbadoreen eta liberalen kolore sinbolikoak nabarmen egingo zutela gora hauteskunde kanpainan. Halere, Gerhard Schroder kantzilerra buru duen SPD alderdi sozialdemokrata, luzaroan inkestetan apal ibili dena, igo egin da azken galdeketetan. Dena den, ezein adituk ez du garailetzat jotzen, baina Schroeder gogor aritu da sostengu bila.Baina CDU/CSUk eta FDPk alde handia ateratzen diete oraindik SPDri eta Berdeei. Altabada, ez dago argi SPDk, Berdeek eta Linksparteik (ezkerreko alderdia) elkarrekin beltz-horiek baino boto gehiago jasoko dituzten edo ez. RTL kate pribatuaren inkesta baten arabera, CDU/CSUk botoen %41-43 inguru jasoko dituzte, eta beren ustezko koaliziokide FDPk %7-8 inguru. SPDk, aldiz, %32-34 eskuratuko du, Berdeek %6-7 eta ezkerreko alderdiak %7-8 inguru.CDU/CSUk nahiz FDPk eta SPDk zein Berdeek gehiengoa lortuko ez balute, koalizio handi bati eskainiko dizkiote adituek gauzatzeko aukera gehienak.
Koalizio handiaren aukera
Ez litzateke lehen aldia koalizio handi batek Alemania gobernatzen duena. 1966tik 1969ra Kurt Georg Kiesinger kantzilerraren (CDU) gidaritzapean aliantza beltz-gorri batek agindu zuen. Halarik ere, oraingo bozetan emaitzak oso parekatuta geratuz gero, beste aliantza mota batzuk eztabaida daitezke.
FDPren buruzagitzak, dena den, jadanik ezezkoa eman dio semaforo deitutako ustezko koalizioari, hots, gorriak (orain arte SPDri erantsitakoa), berdeak (Der Gruenen) eta horiak (FDP) bilduko lituzkeenari. Bitartean, SPDko zenbait buruzagik eta Berdeek ondo ikusten dute Linkspartei ezkerreko alderdiarekin aliantza egitea.CDU/CSUk eta FDPk koalizio negoziazioak zehaztu dituzte dagoeneko, beltz-horien gehiengoari begira. Horri jarraiki, Merkel anderea kantziler bihurtuko litzateke; FDPk bere alderdiko buru Wolfgang Gerhardt jarriko luke Atzerri ministro. CSUko presidente Edmund Stoiberrek irekia utzi du Berlinera aldatzeko edota Bavariako lehen ministro segitzeko aukera. CDU/CSUk eta FDPk beharrezkoa den gehiengoa eskuratuko ez luketen kasurako koalizio handi baterako prestutasuna agertu dute SPDko zenbait buruzagik. «Soilik gauza bat da segurua: klase ertaineko koalizio bat egongo da. Kontserbadoreen eta liberalen koalizio bat ez da SPDk edota Berdeek parte hartzen duten gobernu bat baino burgesagoa», adierazi zuen joan den larunbatean Sueddeutsche Zeitung egunkari liberalak. Hauteskundeen emaitzen aurreikuspenak zailak dira, Infratest-Dimap ikerketa institutuaren arabera 10.000.000 botoemailek ez baitute oraindik beren botoa erabaki; aurreko hauteskundeetan baino askoz ere jende gehiago. Horrexegatik, hain justu, alderdiak azken unea arte, baita atzo ere, aritu dira kanpainan jo eta su. Schroeder kantzilerrak uda aurretik erabaki zuen hauteskundeak aurreratzea, SPDk Ipar Rhin-Westfalian beren ohiko gotorlekuetako bat boterea galdu ondotik. Geroago, konfiantza mozioa aurkeztu zuen Bundestagen, uztailaren 1ean; jakin bazekien galduko zuela, eta hala bozak aurreratu behar izango zituela. Hauxe baitzen bere asmoa.SPDko buruak esan du alderdi nagusia izateari utziz gero, politikaren lehen lerroa utziko duela berak. Behin baino gehiagotan nabarmendu du ez dagoela koalizio handi batean parte hartzeko prest. Oso litekeena da Schroederrek galtzea. SPDren zati handi batek eta jarraitzaileek gustuko ez zuten norabide politikoa hartu zuen; zerbitzu sozialak desegin ditu lan merkatuaren zein osasunaren erreformaz, aberastasunen aldeko zerga politika ezarri du eta ez du langabezia tasa handia gutxitzea lortu. Nolanahi ere, Angela Merkelek ildo hori segituko duela espero da, hori bai, are zorrotzago eta industriaren babesarekin.
BOZKETA PARTZIALA
Dresdeko 219.000 botoemaileren garrantzia
Alemaniako hauteskunde orokorrez gain, bozketa partzial bat dago jokoan. Eta ez da baztertzekoa horrek Alemania osoan izan dezakeen eragina, batez ere hauteskunde orokorretako emaitzetan lehiakideak oso parekatuta geratzen badira. Izan ere, heldu den urriaren 2an Dresdeko 160. barrutiko hautesleek, 219.000 inguruk, hitzordua dute bozkalekuetan, NPD alderdi neonaziko politikari baten heriotzak libre utzitako postua nork beteko duen erabakitzeko.
ANGELA MERKEL
(CDU alderdiko buruzagia)
Kohlen arrastoan
CDUko buruzagi Angela Merkelek egungo kantziler Gerhard Schroederren oso bestelako estiloa du. Hanburgon jaioa da, Alemaniako Errepublika Demokratikoan, duela 51 urte. 1990. urtetik egon da gobernuburu izateko lehian. Bere hautagaitza bera historikoa da: Alemaniako kantziler federal izateko lehenengo emakume hautagaia da.
Haurtzaroa herri txiki batean igaro ostean, Leipzigen fisika ikasi zuen eta Ekialdeko Alemaniako Zientzia Akademian lortu zuen doktoregoa. Alemaniako Errepublika Demokratikoa desegin ondoren, lehen kargu publikoa lortu zuen, Ekialdeko Alemaniako lehenengo gobernu demokratikoko eledunorde gisa. Handik gutxira egin zuen gora karrera politikoan. Alemania bateratu ondoren, Helmut Kohlek Emakume eta Gazteen Aferetarako ministro izendatu zuen. Egunkariek Kohlen neska deitu zuten. Kohlek boterea galdu zuenean, 1998ko bozetan, Merkel CDUko idazkari nagusi bilakatu zen. Alderdiaren finantzaketa eskandalua piztu zenean eta Kohlek ezer okerrik egin izana ukatu zuenean, alderdiko buruzagitzan lidergo berria ezartzeko eskatu zioten Merkeli. Hainbat kristau demokratak pentsatu zuten erraza izango zela esperientziarik gabeko ekialdetarra. Gaur egun ere aurkari asko ditu alderdi barruan Merkelek. Alabaina, bere tinkotasunari esker, alderdiko buruzagi kargua sendotu zuen eta lehenetakoa izan zen bere aurreko buruzagi Helmut Kohlen aroa eta haren azpilana amaitutzat ematen. Baina, aldi berean, alderdiaren balantzari eusteko gai izan zen. Merkelen agerraldi publikoak kaskarrak dira ikuskizun aldetik, Schroeder aurkariarenak ez bezala. Haren erreforma asmoak, bestetik, pentsaezinak izango ziren aurretik Agenda 2010 ezarri ez balitz gobernu gorri-berdeak bultzatutako erreforma sozio-ekonomiko multzoa. Merkelek gaur egun aitortzen du Kohlen gobernuak gehiegi atzeratu zuela sistema sozialaren murrizpena. 1990eko hamarkadan adierazi zuen, bera ministroa zela, ez zituela erreforma mingarriak egingo. CDUk oso jarrera ezberdina izan du azken urteetan zerga, osasun eta lan merkatuari dagokionez. Merkelek hauteskunde kanpainan iragarri du Auzitegi Konstituzionaleko epaile ohi Paul Kirchhof izango dela bere gobernuko Finantza ministroa. Kirchhofek errentaren gaineko zerga bera proposatzen du alemaniar guztientzat, nahiz eta CDU eta CSU horren aurka agertu diren. Bestetik, Merkel ez da gai izan azaltzeko zergatik dagoen eko tasa bat ezarri eta horren bidez erretiro sistema finantzatzearen aurka, eta, orain, gainera, bide bera hartu du berak, BEZ zerga igotzearen bidez langabezia asegurua ordaintzea proposatu baitu. Erretiro sarien erreformari dagokionez, Merkel isilik geratu da, kontuan hartuta erretiratuak direla CDUren boto-emaile leialenetakoak. CDU-CSUren programa ez da Merkelek dioen bezain argia. Maniobrarako tarte handia uzten du; izan ere, ez du hauteskundeetako garaipena arriskuan jarri nahi modernizatzeko asmoengatik. Batzuetan egiten dituen adierazpen lausoetatik oso bestela, mezu argia zabaldu du Merkelek: erreformak egitearen aldekoa da eta gobernatzeko gai den aliantza baten sostengua du, oposizioan urte zailak pasatu ondoren. Horrekin abantaila handia du Schroeder lehiakidearekiko, zeinak ezin duen ez bata ez bestea erakutsi.
GERHARD SCHROEDER
(SPD alderdiko buruzagia)
Kantziler mediatikoa
Schroederren jarrera kontraesankorra da. Agenda 2010 goraipatzen du batetik 2010ek erretiratuentzako, epe luzeko langabeentzako eta arauzko osasun aseguruaren menpe daudenentzako gizarte laguntzak murrizten ditu; eta, bestetik, SPD gizon txikiaren alderdia dela esaten du, zeinak ikusten duen bera dela gizarte asegurantza bermatzera behartuta dagoen alderdi bakarra. Are gehiago, kantzilerrak dagoeneko ez dauka bera aho batez babesten duen tropel zabal bat. Hauteskundeak aurreratu izana da Alderdi Sozial Demokratan erreformen aurkako jarrera gogortu dela aitortzeko modua.
Schroederrek konfiantza du bere buruarengan. 61 urteko gizona sasoi betez ari da egiten hauteskunde kanpaina. Badaki nola jokatu behar duen komunikabideetan, nola iritsi jendearengana, eta bere alderdiak hirugarren aldiz irabazteko aukerak dituen irudipena zabaltzen du leku guztietara. Askotan kantziler mediatikoa deitzen diote. Botoi bat zapaltzean agertzen den irribarrea ospetsua da.
Gaztetan ezkerreko ekintzailea izan zen; merkatu ekonomia defendatzen du egun eta gero eta ikuspuntu zentristagoa du. Schroeder da bere bizitza, edo gaztaroa gutxienez, Bigarren Mundu Gerrak baldintzatu ez duen lehenengo kantzilerra. Hala, prest agertu du Alemaniak nazioarteko arloan parte har dezan. Gerra osteko historian lehen aldiz, Alemaniako tropek atzerriko operazioetan parte hartu dute: Kosovoko zein Mazedoniako bake indarretan, eta Afganistango erasoetan.
Gerhard Schroeder Behe Saxoniako Mossenberg herrian jaio zen, 1944an. Hannoverko Alderdi Sozial Demokratako gazteen, Gazte Sozialisten, buru bilakatu zen 1971n eta, zazpi urte geroago, Gazte Sozialisten buruzagi federal aukeratu zuten. 1980-1986 bitartean diputatu izan zen, eta 1990ean Behe Saxoniako kantziler aukeratu zuten. Garai hartan, estuago lotu zitzaion politikagintzari. 1998. urtean, kantziler federal aukeratu zuten, 16 urtez kargu horretan izan zen gizona, Helmut Kohl kristau-demokrata, ordezkatzeko. Itxura gaztea, fotogenikoa eta argia zuen. Dinamikoa zen eta komunikabideen aurrean iaioa, Alemaniako politikagintza astunean. Negozioen aldeko jarrera hartu eta industriaren babesa eskuratu zuen. Bestetik, esan zuen bere alderdiak ez zuela merezi boterean egotea langabezia tasa nabarmen murrizteko gai izan ezean. Gaur, horixe da bere gobernuaren porrota. Herritarren artean harrera ona izan ez duen erreforma programak sostengu galera handia eragin diote. Horrek eta erreformek ekonomia berehala indarberritu ez izanak eragin zuen maiatzean Ipar Renania-Westfalia lander-ean hauteskundeak galdu izana maiatzean. Ipar Renania SPDk babes handiena duen lurraldea da.
Emaitza horrek eragin zuen Schroederrek zentsura mozioa aurkeztea, bozak aurreratzea eragin zezakeela jakinda.