CDC Kataluniako Konbergentzia Demokratikoa alderdiaren ustezko legez kanpoko finantzaketaren ikerketan —%3 auzia— kasu berri bat ireki du Auzitegi Nazionaleko epaile Jose de la Matak, eta, horren harira, Guardia Zibilak miaketak egin zituen atzo Kataluniako zortzi enpresatan —Bartzelonan eta Lleidan—, Kataluniako Gobernuaren bi erakundetan eta Ayesaren Sevillako egoitzan (Andaluzia). Besteak beste, epaileak argitu nahi du enpresa horiek adostu ote zuten Generalitatearekin obra publikoen kontratuak euren artean partekatzea, trukean enpresek adjudikazioaren %3 CDC inguruko fundazioei emateko. Horretarako, guardia zibilak enpresen dokumentazioaren bila izan ziren; egun berean, eta ikerketa beraren harira, Sener euskal ingeniaritza enpresaren Getxoko egoitzan (Bizkaia) ere izan ziren.
Aurrez egindako miaketen eta horietan eskuraturiko dokumentuen edukian oinarritu da epailea atzokoak agintzeko; batez ere, 2015ean Infraestructures.cat-enegindako miaketetan lorturiko informazioan; enpresa publiko hori Generalitatearen obrak lizitatzeaz arduratzen da.
%3 auzian hainbat delitu ikertzen ari da Auzitegi Nazionaleko epailea: antolaketa kriminala, eroskeria, influentzia trafikoa, prebarikazioa, alderdi politiko baten legez kanpoko finantzaketa, dirua bidegabe erabiltzea eta zuritzea. Senerren kasuan, Kataluniako abiadura handiko trenaren eraikuntzan izandako inplikazioa ikertzea da atzoko miaketen arrazoia, eta, horretarako, zuzendaritzako kide baten ordenagailua ikertu dute guardia zibilek. Atzoko miaketan ez zuten inor atxilotu, baina hamabost pertsona deklaratzera deitu zituzten.
Sener, «elkarlanean»
Ohar baten bidez, ingeniaritza enpresak jakinarazi du Guardia Zibilarekin «elkarlanean ari dela», eta haren esku utzi duela «beharrezko dokumentazioa, gertaturikoa argitzeko». Gaineratu du «izaera sekretua» duen ikerketa bat dela, eta haren egoitzaren miaketaren berri izan zuela gertatu eta berehala.
Epaileak, gehienbat, 2008 eta 2010 arteko adjudikazioetan jarri du arreta. Garai hartan, Artur Mas zen Generalitateko presidentea.
CDCren '%3 auziaren' harira, miaketak egin dituzte, baita Sener euskal enpresan ere
Epaileak kasu berri bat ireki du Kataluniako alderdiaren ustezko finantzaketa irregularraren ikerketan. Senerrek tren baten eraikuntzan parte hartu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu