Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Cayo Lara: «Ez dugu gezurrik esango, eta ez diogu inori huts egingo»

Izquierda Unidak gora egin du nabarmen, eta orain hiru urte lortutako eserlekuak halako bost eskuratu ditu

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Hauteskundeen aurretik egindako inkestek jada aurreikusten zuten IU Izquierda Unida izango zela PSOEren porrotari etekina aterako zion alderdietako bat. Eta hala izan da, IUk gora egin baitu nabarmen. Datuak argigarriak dira oso: bi eserleku zituen Espainiako Kongresuan, eta 11 izango ditu orain, alegia, 2008an lortutako eserlekuak halako bost eskuratu ditu. Botoetan, berriz, orain hiru urte baino milioi erdi pasatxo gehiago lortu ditu.

Atzoko emaitzek eten egin dute 2000. urtean IUk hasi zuen beherakada. Urte horretako hauteskundeak egin aurretik 21 eserleku zituen, baina 2000ko hauteskudeetan erdia baino gehiago galdu zituen kolpe batez, eta zortzirekin geratu zen. 2004an eta 2008an maldan behera segitu zuen, talde propiorik gabe geratu arte. Atzotik, baina, talde propioa du berriro, eta ordezkaritza askoz zabalagoa.

Horrelako emaitzekin ez da harritzekoa IUko ordezkarien poza. «Ezin duzue imaginatu nola eskertzen den horrelako poz bat txiroaren etxean», esan du Cayo Lara IUko koordinatzaile nagusiak. Larak agindu du ez dietela huts egingo haren alderdiari botoa eman diotenei. «Akatsak egin ditzakegu, baina ez dugu gezurrik esango, eta guztiaren gainetik, ez diogu inori huts egingo. Egun indarrean dauden politika neoliberalei aurre egingo dion ezkerra eraiki nahi dugu. Herrialde honek behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.