Bushek aitortu du 'Katrina'-ren aurrean motel erantzun duela

New Orleanseko Larrialdi Operazioetarako buruzagiak lotsagarritzat jo du Gobernuak emandako laguntza

2005eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Argindarrik ez, ezta ospitaleetan ere; botika dendak urpean, milaka gaixo osasun laguntzarik gabe eta ehunka birusen mehatxupean. Ehun mila pertsona ingururen osasuna arriskuan da New Orleansen. Han eta Louisiana hegoaldeko hiri eta herri guztietan ere berdin antzekoa da egoera. Lazgarria. «Sufrimendu garaiak dira», zioen Goerge Bush Estatu Batuetako presidenteak atzo goizean. Lau egun baino gehiago ur, janari eta babesik gabe zain zeudenei pazientzia izateko eskatu zien. Katrina-k eginiko sarraskiaren aurrean Gobernuak motel erantzun duela onartu zuen presidenteak, ordea. Hartutako erabakien emaitzak ez zirela onargarriak izan esan zuen. Azken egunotako gertakarien ostean izan duen portaerak mundu osoan zeresana eman du. New Orleanseko alkate Ray Naginek salatu zuen hango egoera tamalgarria zela. «Soldadu gehiago bidaltzea behar dugu, oraintxe bertan», adierazi zuen. Terry Ebbert New Orleanseko Larrialdi Operazioen Buruzagiak bertako egoera lotsa nazionaltzat deskribatu zuen. «Larrialdietako Agentzia Federala hemen zegoen orain dela hiru egunetik, eta oraindik ez dago kontrolik. Tsunami-en biktimei laguntza erraldoia bidal diezaiekegu, baina ezin dugu New Orleans estuasunetik atera».

Gobernuak Guardia Nazioleko eta Armadako 24.000 soldadu gehiago bidaliko ditu Mississippira eta Louisianara, salbamendu lanekin lagundu eta ordena mantentzen lagun dezaten. Zutik gelditzen diren supermerkatu eta denda apurrak arpilatzen ari diren bitartean, kontrola berreskuratzen saiatzen ari dira, oraindik ere bizirik dirauten pertsonen salbamenduarekin jarraitu ahal izateko. Kathleen Blanco gobernadoreak adierazi zuenez, kaltetutako gunera bidali dituzten soldaduak Iraketik itzuli berriak dira. «Badakite nola tirokatu behar den hiltzeko, eta hori egiteko prest daude beharrezkoa baldin bada. Hala egin dezaten espero dut». New Orleansen, Superdome estadioan, ez da jende gehiagorentzako lekurik. Ezta Houstongo Astrodome kiroldegian ere. Beste babeslekuren bat bilatu beharko dute oraindik ere estalpea behar duten ehun mila lagun baino gehiagorentzat. Jende ugari kalean da oraindik, galduta, norabiderik gabe. Ez dute laguntzarik jaso, eta egunero ikusten dituzte helikopteroak joan-etorrian. Ez da heldu oraindik beraientzako laguntzarik. «Nire txakurra ere ez dut horrela tratatzen», zioen Daniel Edwardsek, gurpildun aulki batean hilda zegoen emakume bati begira. Heriotza urratuz bizi direla diote askok. «Hildako gorpuen ondoan eserita gaude. Jendea zu hiltzera doa, ur pixka batengatik», adierazi zuen 31 urteko Thomas Jessiek. Astrodome eta Superdromeko bi babesguneetan bi haur bahitu zituztela eta erasoak eta bortxaketak gertatu zirela salatu zuten, atzo.

Lehendik ere larria zen egoerari beste itzuli bat eman zioten kimika lantegi batean izandako zenbait leherketak. Oraindik ez dute argitu zein izan den leherketen eragilea, baina tren bagoi ugari lehertu zituzten.

Senatuaren laguntza

Kaosa ari da gailentzen, eta edozein motatako laguntza guztiz beharrezkoa da. Senatuak argi berdea eman dio 10.500 milioi dolar bideratzeari Katrina-k kaltetu dituen zonaldeetan laguntzeko. Kongresuaren oniritzia falta da orain.

Louisianako gobernadore Kathleen Blanco, New Orleanseko alkate Ray Nagin eta Larrialdi Laguntzarako Agentzia Federaleko zuzendari Michael Brownek hildakoak milaka izango zirela esatean bat etorri ziren herenegun gauean. Horren errua hiria husteko agindua jarraitu ez izanari egotzi zioten. New Orleansetik atera nahian Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako bi familia daude: Clara Diaz gipuzkoarra jaiotzez, haren senar Josep Fuste katalana eta 18 urteko semea. Senar-emazteak Kataluniako Generalitatentzat egiten du lan. PSC alderdiko diputatu Lourdes Muñoz ere egoera berean zen. Hiria berriro eraiki behar den eztabaida airean da. Bushek lehen zenera itzuli nahi du.

Datua



144.840

Estatu Batuetako Gobernuak 144.840 kilometro koadro lur hondamendi federal izendatu ditu.



AEBetako urakan hilgarrienak



1. Galveston (Texas), 1900: 4. mailako urakan batek 8.000-12.000 hildako utzi zituen. Hiriaren hiru laurden suntsitu zituen.
2. Lake Okeechobee (Florida), 1928: Urakan batek Puerto Rico suntsitu zuen eta Floridarantz jo zuen. Okeechobee lakuan dike bat suntsitu zuen eta herritarrak ito egin ziren. 4. mailako urakana, 1.836 hildako.
3. Florida Keys eta Corpus Christy (Texas), 1919: Keysetik abiatu, Mexikoko Golkoa zeharkatu eta Corpus Christy jo zuen urakan batek. 4. maila, 600-900 hildako.
4. Rhode Island, New York, Massachussets, Connecticut, 1938: Urakan batek Rhode Island jo zuen, eta New England osoa astindu zuen. Ekaitzek wholdeak eragin zituzten New Yorken, Massachussetsen eta Connecticuten. 3. maila, gutxienez 600 hildako.
5. Florida Keys, 1935: AEBetan izan den 5. mailako urakan bortitzena. 423 hildako.
6. Louisiana eta Texas, 1957: Louisiana hego-mendebaldea astindu zuen 'Audrey' urakanak. 4. maila, 390 hildako.
7. AEBen ipar-ekialdea, 1909: 'Atlantiko Handia' urakanak ekialdeko kosta zeharkatueta Ipar Karolina eta Virginia astindu zituen. Eurite gogorrak sortu ziren ipar-ekialdean. 3. maila, 394 hildako.
8. Louisiana, 1909: 'Uharte Handia' urakanak Berwick, Baton Rouge eta New Orleans jo zituen. 4. maila, 350 hildako.
9. New Orleans (Louisiana), 1915: Urakanak Pontchartrain lakua gainezka eginarazi zuen. 4. maila, 275 hildako.
10. Galveston (Texas), 1915: Galvestonek itsas hesi bat eraiki zuen 1900ko urakanaren ondoren. Hala ere, 275 lagun hil ziren. 4. maila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.