Buruzagia hilda ere erakundeak bizirik jarraituko duela erran du Hamasek

Erakunde islamistak baieztatu egin du Sinwarren heriotza; Hezbollahk eta Iranek iragarri dute Israelen aurkako erasoa «indartuko» dutela. Buruzagiaren hilketa su eten bat adosteko baliatu dezala eskatu dio nazioarteak Israeli.

Yahya Sinwar Hamaseko buruzagi zena Gazan, artxiboko irudi batean. MOHAMMED SABER / EFE.
Yahya Sinwar Hamaseko buruzagi zena, Gazan, artxiboko irudi batean. MOHAMMED SABER / EFE.
Iratxe Muxika
2024ko urriaren 18a
12:59
Entzun

Bai Ekialde Hurbilean, bai nazioartean, hautsak harrotu ditu Yahya Sinwar Hamaseko buruzagi zenaren hilketak. Erakunde islamistak gaur eguerdian hitz egin du horren inguruan aurrenekoz, prentsa ohar baten bitartez, eta Sinwarren heriotza baieztatu du. Halere, adierazi du horrek ez duela geldiaraziko Hamaseko mugimendua, «ezta Palestinaren aldeko borroka ere». «Hamas askatasuna eta duintasuna helburu duen askapen mugimendua da, eta hori ezin da ezabatu», gaineratu du erakundeak. Bide beretik mintzatu da Hezbollah talde xiita, Hamaseko buruzagia hil ondotik erran baitu Israelen aurkako erasoa «indartu» eginen dutela eta, hortaz, «fase berri bat» hasiko dutela. Gaineratu du datozen egunetako ekintzetan garapen hori «islatu» eginen dela. Hezbollahk, ohar baten bidez, Israelen aurkako borrokako orain arteko «garaipenen» balantzea egin du; zehaztu duenez, Israelgo hamar soldadu hil ditu, eta 150 baino gehiago zauritu. 

Iranek, era berean, gaur ohartarazi du Sinwarren heriotzak palestinarrek Israelen aurka duten «erresistentzia espiritua garatzeko» balioko duela. Iranek NBE Nazio Batuen Erakundean daukan ordezkaritzak honela oroitu du Hamaseko buruzagia, komunikatu baten bidez: «Gudu zelaian zutik hil da; ezkutatu gabe eta etsaiari aurre egiten». Teherango ordezkaritza diplomatikoak X sare sozialaren bidez adierazi du «okupazioa» bizirik den artean erresistentziak iraun eginen duela, «martiriak bizirik dirauelako eta, gainera, inspirazio iturri delako». Horrez gain, aitortu du hori guztia gazteriarentzat «eredu» izanen dela «Palestinaren askatasunerako bidean».

Israelgo armadak Sinwarren heriotzaren berri eman eta gutxira, atzo gauean bertan agerraldia egin zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta azaldu zuen Israelek milizia palestinarren aurkako erasoak egiten jarraituko duela, harik eta bahitu guztiak «askatzen» dituzten arte. «Gerra oraindik ez da amaitu». Nolanahi ere, Washingtonek Tel Avivi eskatu dio abagunea aprobetxatu dezala su eten baten negoziazioetan aitzinera egiteko. Hori adierazi zion Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak atzo gauean Netanyahuri, harekin telefonoz hitz egin zuenean.

Nazioarteko erantzunak

Israelgo armadak atzo Hamaseko buruzagia hil izanak nazioarteko erantzunak ekarri ditu; izan ere, AEBetako presidentea ez da su etenaren alde egin duen bakarra izan. Aitzitik, Txinako Gobernua, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa eta Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroa ere horren alde agertu dira. «Ezinbestekoa da Nazio Batuen Erakundeko ebazpenak bete-betean aplikatzea. Zibilak babestu behar dira, eta laguntza humanitarioa bermatu behar diegu», adierazi du Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur egindako prentsaurrekoan. Gainera, eskatu du ez dadila «gatazka areagotu». Meloni ere «fase berrira begira» jarri da, eta su etenerako deia egin du: «Sinwarren hilketak balio dezala Gazako su etena abiatzeko eta Palestinako milizien esku dauden Israelgo bahituak askatzeko». Ideia berari heldu dio Baerbockek, gaur egindako agerraldian. 

Bertzalde, Israelgo agintariek NBEko Idazkari nagusi Antonio Guterresen aurka egiten jarraitzen dute. Oraingoan, Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak Guterresi egotzi dio Hamaseko buruzagiaren heriotzagatik «ez poztu izana», X sare sozialaren bidez. Katzen arabera, Guterresek «Israelen eta juduen aurkako muturreko politika» darabil, eta argudiatu du hargatik duela debekatua Israelera sartzea. 

Erasoak Gazan eta Libanon

Bien bitartean, Jabaliaren kontrako erasoak areagotzen ari da Israel, bart gauean eta gaur goizaldean egindako bonbardaketetan. Wafa Palestinako albiste agentzia ofizialak gaur jakinarazi duenez, hainbat pertsona hil dira eraso horietan; adingabeak gehienak. Hori ikusirik, Hamasek Israelgo armadaren bonbardaketak salatu ditu komunikatu bidez: «[Israel] Sarraski bat eta genozidio bat egiten ari da Gaza iparraldean, mundu guztiaren aurrean». 

Atzo Libano ekialdeko Bekaa Haraneko hainbat eremuri ebakuazio abisua eman ondotik, gaur, Libano hegoaldeko 23 herrixkatako bizilagunei iparraldera ebakuatzeko agindu die Israelgo armadak. Avichay Adraee Israelgo armadako bozeramaileak X sare sozialean adierazi duenez, herritarrek «debekatua» dute hegoaldera joatea; «arriskutsua» izan litekeela argudiatuta.

nbe-K ADIERAZPEN ASKATASUNAREN KRISIA SALATU DU

Gazan dauden kazetarien eta palestinarren eskubideak defendatzen dituztenen aurkako errepresioak eta diskriminazioak «mundu mailako krisia» eragin dute adierazpen askatasunean; hala adierazi du Irene Khan NBEko kontalariak gaur kaleratutako komunikatuan. «Inoiz ez bezala» eragin du Israelek Gazaren aurka abiatutako oldarraldiak adierazpen askatasunean, eta, Khanen aburuz, «estrategia bat» litzateke jokabide hori, «informazio kritikoa isilarazteko». Horiek horrela, kontalariak estatu, enpresa eta erakunde pribatu guztiei eskatu die ez dezatela «diskriminaziorik» egin; eta, bide batez, adierazpen askatasuna «defendatu» dezatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.