Zalantza eta tentsio handiko egoera zabaldu da Burundin. Gobernuak ezetz erran ondoren, parlamentuak ere ez du onartu AB Afrikako Batasunaren tropak herrialdean hartzea, eta ABk aitzinetik adierazia zuen Burundik nahi ala ez bidaliko zuela misio militar bat. ABren ustez, «genozidio arriskua» dago Burundin, baina parlamentuak ukatu egin du hori. Eduard Nduwimana behe ganberako bigarren presidenteordearen iritziz, ABren misioak «matxinada bat mantentzen lagundu lezake». Joan den apirilean piztu zen gatazka Burundin, Pierre Nkurunziza presidenteak bertze agintaldi baterako aurkeztea erabaki zuelako. Iparraldeko bizilagun Ruandan, ordea, erreferendum bidez erabaki berri dute Paul Kagame presidenteari bertze hiru legegintzalditan aurkezteko baimena ematea.
Burundik eta Ruandak antzekotasun handiak dituzte, nagusiki biak hutuen eta tutsien lurraldeak direlako. Belgikaren kolonialismoak polarizatutako banaketa etniko horrek baldintzatuta garatu dira bi herrialdeak independentziaz geroztik (1962), eta 1990eko hamarkadako gerra zibilen eta genozidioen ondorio da gaur egungo egoera.
Burundin independentziaz geroztik gutxiengo tutsiak monopolizatuta izan zuen boterea 1990eko hamarkadara arte. Gerra zibila bukatzeko bake akordioak egin ondoren, 2005ean Nkurunziza matxino ohi hutua presidente hautatu zuen parlamentuak, eta orduz geroztik dago boterean.
ABk eta NBE Nazio Batuen Erakundeak hilabeteak daramatzate «genozidio arriskua» aipatzen, baina azken egunotan bereziki indartu dute mezua, borrokak gogortu baitira. NBEren arabera, apiriletik 400 lagun inguru hil dituzte liskarretan. Adama Dieng NBEren Genozidiorako Prebentzioaren aholkulariak joan den astean bi etnien «liderrei» leporatu zien «genozidioa sustatzea». ABk ortziralean onartu zuen Maprobu izeneko misioa Burundira bidaltzea. 5.000 soldaduk osatuko dute, eta sei hilero ABk hura luzatzeko aukera edukiko du. Maproburen helburuak izanen dira «prebentzioa eta babesa». Burundiko Gobernuari lau eguneko epea eman zion misioa onartzeko, eta adierazi zuen onartuko ez balu ABk «neurri gehigarriak» hartuko dituela misioa bidali ahal izateko.
Lau egunera ez, bi egunera ailegatu zen Burundiko Gobernuaren erantzuna: ezezkoa. «ABko tropak Burundiko Gobernuaren baimenik gabe etortzen badira, inbasio bat eta okupazio indar bat izanen dira. Burundiko Gobernuak horren araberako erantzun bat emateko eskubidea izanen du», adierazi zuen Jean-Claude Karerwa presidentziako bozeramaileak. Hiru egunera, parlamentuak babesa eman dio gobernuari. Nkurunziza presidentearen CNDD-FDD Demokraziaren Babeserako Kontseilu Nazionala-Demokraziaren Defentsarako Indarrak du gehiengo osoa parlamentuan. «Ezohiko batzar honen asmoa da herriari hitza ematea bere ordezkarien bidez», adierazi zuen atzo CNDD-FDDk ohar batean parlamentuko eztabaida hasi aitzinetik. Alderdia gerra zibilean (1993-2003) sortu zuten intelektual hutu batzuek, eta tutsiek kontrolatutako estatuaren aurka borrokatu zen. 2006ko konstituzioak parlamentuan etnien arteko kuotak ezartzen ditu, eta, horregatik, alderdi handi guztietan bi etniatako diputatuak daude.
Ruandan, Kagameri baietza
Nkurunzizak Burundin ez bezala, Kagamek Ruandan ez du arazorik aurkitu. Boto-emaileen %98k onartu du presidentearen agintaldi sistema aldatzea. Hauteskunde Batzordearen arabera, 6,4 milioi herritarrek zuten botoa emateko eskubidea, eta 6,2 milioik eman zuten. Horrela, Kagamek aukera izanen du 2017an bertze zazpi urterako agintaldi batera aurkezteko, eta 2024tik aitzinera, bortz urterako agintaldiak ezartzean, bertze bi aldiz aurkeztu ahalko da. Boto-emaileei eskerrak eman zizkien atzo, baina ez zuen argitu zer eginen duen. Tutsien aurkako genozidioa gelditu zuen gerrillako buruzagia zen Kagame. Hamabortz urte daramatza boterean.
Burundiko Parlamentuak ez du onartu nazioarteko tropak hartzea
Afrikako Batasunak gaur arteko epea emana dio Burundiri 5.000 soldaduko misio bat onartzeko.ABren ustez, «genozidio arriskua» dago, eta misioarekin «prebentzioa eta babesa» ziurtatu nahi ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu