1994an sorturiko RPS Eskualde eta Herri Solidarioak federazioak Baionan egin du udako unibertsitatea, ostegunetik. François Alfonsi (Aiacciu, 1953) da federazioko lehendakaria, Gilles Simeoniren Femu a Corsica alderdiko kide eta eurodiputatu ohia. Estrasburgon (Alsazia) bi kargualdi egin ditu eurodiputatu gisa, ekaina arte. Korsika Mediterraneoko herrien arteko egitura batean sartzearen alde eta hizkuntza gutxituen ezagupenaren alde aritu da, besteak beste. Korsikaren autonomiari buruzko Parisko Beauvauko akordioaz —Barne Ministeriokoa—, Korsikako egoeraz eta estaturik gabeko nazioek Europan dituzten erronkez mintzatu da.
Zer funtzio ikusten diozu RPS federazioari?
Nahiz eta nazioartean txikiak garen gure lurraldeetarik, RPS bezalako sare batek indar politiko bat biziarazten du. Europako Parlamentuan ordezkaritza bat ukaitea lortu du. Lehen aldiz, 1989an, Max Simeonirekin. Simeonik zioen orduan bakarrik ez ginela helduko; elkarturik joan behar zela. Hola segitu du Europan ALE taldearekin [Europako Aliantza Librea].
Bide horri segitu diogu; ene azken kargualdian, Pernando Barrena [EH Bildu], Jordi Sole [ERC], Carles Puigdemont [JxC] eta beste batzuekin, Self-Determination caucus bat sortu dugu, eta elkarrekin lan egin. Behartuak gara gure indarren batzea. Ekimen ttipiak batuz indar bat osatzen da. Ibiliz dira aukerak sortzen, eta elkarrekin ibiltzen garelako dira gauzatzen.
Halaber Berdeekin akordioak egitean?
Berdeekin egin negoziazioari esker, Paul Molac hautetsi bilakatu genuen. 2012an, Berdeekin hautesbarruti bat negoziatu genuen, eta Bretainian kokatu. Geroztik, Molac berriz diputatu hautatua izan da aldiro. Elkarlan horri esker dugu, adibidez, tokiko hizkuntzentzat urrats ohargarria lortu Molac legearekin 2021ean. Gainera, alderdi politikoen diruztatzeko lege berriarekin, gure alderdiek finantza oinarri iraunkorra lortu dute. Frantziako legea hala egina delako, RPS federaziorik gabe ez zen izanen.
Udako unibertsitateen helburua zein duzue?
Denek badugu gogoeta bat: nola militantzia hats berri bat eman 20 urte dituzten gaurko gazteen artean. Ostiral goizeko gaia oso interesgarria egin zait [Euskal Moneta, EHLG, I-Ener/Enargia aipatu zituzten]: gizarte beregain baten eraikuntza alternatiboa. Hor badugu gazteentzat behar dugun utopia mobilizatzailea.
Gazteak errazki sar daitezke erresistentzian. Korsikan ikusi dugu Yvan Colonnaren heriotzaren ondotik. Manifestazio oso indartsuak gertatu dira, gazteek bultzaturik, eta harritu nau. Baina ez da aski. Komunitate egitasmo batean sartu behar ditugu beren herriaren maitasuna parteka dezaten garatu nahi duten etorkizun mentura batekin.
Korsikarrak Parisekin negoziatzen hasi zareten autonomiarako ezagupenean, zatiketa bat agertu da Korsikako abertzaleen artean. Ez ote da zatiketa horretatik gehiengoa galtzeko arriskurik, bihar?
2010ean, lidergo aldaketa gertatu zen, eta Gilles Simeonik zuzendu zerrenda nagusitu zen. Corsica Libera bakarrik zelarik 2000. urtean [Lionel] Jospinekin negoziatu Matignongo Akordioentzat. Aldaketa horrek boz bat askatu zuen, ordu arte bortizkeriarengatik askatu ez zena. 2014an, Gillesek [Simeoni] Bastiako Udala eskuratu zuen.
2015ean, FLNCk ekintza armatuak uztearekin, [Jean-Guy] Talamoniren zerrendarekin bat eginez, abertzaleek gehiengo erlatiboa lortu genuen (%36). 2017an, kolektibitate bakarra sortu zen, eta abertzaleek %56 egin zuten. 2021ean, hiru zerrenda abertzaleak batuz, %68ra heldu ziren. Sekulako gorakada da. Zatiketa arriskuak beti hor dira. Ekidin ditzakegunez? Uste dut baietz. RPS bezalako solasguneak mantenduz.
Azken Asanblearako bozetan, haatik, diputatu bat galdu duzue.
Asanblea Nazionaleko azken boz hauetan, haatik, diputatu bat galdu dugu [Jean-Felix Acquaviva]. Ez da harrigarri. Zortzi urtez boterean egonik, ezinbestez higaduraren biktimak gara. Halere, bi diputatu mantendu ditugu, eta orain Beauvauko akordioen obratzearen aukera izanen dugu.
Testuak Frantziako Parlamentuko bozka gainditurik ere, zinezko autonomia bat ekarriko ote du?
Pentsarazten dit François Mitterranden garaian, 1982an, Korsikako Asanblea sortu zeneko eztabaidei. Askapen nazionaleko mugimenduak [Corsica Libera emanen zuen geroan] abstentziora deitu zuen, erranez tranpa bat zela. Bai, baina Korsikako Asanblea sortzea bortxaz aitzinamendu bat izan zen Korsikarentzat. Leku demokratiko bat sortu baitzen, non abertzaleak nagusi izan zitezkeen egun batez; hori dugu frogatu.
Autonomia gauza bera da. Beti izanen dituzu batzuk errateko ez dela aski, edo sobera dela. Errealki, aldiro burujabetasun eremu batzuk irabazteak zure herriaren alde egiten du. Ez da gibel egiterik.
Azken kargualdian, txosten bat bozkarazi duzu Europako Parlamentuan Mediterraneoko uharteei buruz, Korsika barne. Europa izan daiteke burujabetasunerako tresna bat?
Hobe dugu beti guhaurren eremu geopolitikoan birkokatzea. Frantzia ez da Korsikaren espazio geopolitikoa. Hori eginez, Frantzia bat eta zatiezinaren mugak agerian ezartzen ditugu. Kasik desegiten dugu, gauza biziki konkretu batekin. Sardinia eta Korsikaren arteko eremua izoztu dute. Agerian ematen du estatuaren logikaren muga, Europaren kontra doalako. Trukeak garatzen badira Sardinia eta Korsikaren artean, haatik, Europaren probetxuko izanen da. Off-eko solasetan, aipatzen da Korsika izan daitekeela Mediterraneoko diplomazia bateko partaide iraunkor bat, Frantziako Kanpo Harremanetarako Ministerioaren gidaritzapean. Kaledonia Berria den bezala Pazifikoan.
Estaturik gabeko nazioentzat lekurik badea Europako Batasunean?
Nola sartu Europako eraikuntzan gureak bezalako herrien ahotsen entzuteko prozesu demokratiko bat? Epe biziki luzeko eraikuntza da Europarena, eta ez daiteke urrun joan ez badu malgutasun apur bat. Adibidez, ez badu bere egiten badela katalanen aldarrikapen bat, burura hel daitekeena negoziazio esparru batean. Kasik gertatu da Eskoziako erreferendumarekin. Baiak irabazita, Eskozia Europako estatu berria bilakatuko zen. Europak behar du prestatu halako menturarako. Prozesu konplexu eta negoziatuak dira, indar harremanik gabe ezinezkoak direnak, baina demokratikoak.
Hizkuntza gutxituen ezagupenean ez da izan aitzinamendurik. Zergatik?
Kargualdi guzian, Europako eremuan ezagutu dudan nahigaberik handiena da. Sekula ordu arte ez genuen izan Europako Batzorde bat hain ezkorra hizkuntza gutxituen gaiarekin. Baitiote estatuen eskumena dela. Nolaz korsikera izan daiteke Frantziaren eskumena, hain zuzen, korsikera Frantziarengatik delarik zailtasunetan? Ez du kanorerik.
Gaur egun, Europak blokeatzen du aniztasunaren gaia. Zergatik? Frantzia bezalako estatu burugogorrenak balakatzeko. Kalterako aterako zaio, ezen Europak zabaltzen segituko duelarik Balkanetan, behartua izanen da herri gutxituen aldeko politika aise azkarragoen ukaitera.
Korsikako gazteek zer harreman duten korsikerarekin?
Gazte belaunaldia egarri da, baina gizartea oro har ez da hain kartsua. Horretan dugu zailtasuna. Seaskaren gisako eskola —Scola Corsa— ene kargualdi denboran abiatu dugu, 2021ean. Peio Jorajuria [Seaska] etorrarazi nuen Korsikara. Ipar Euskal Herrian 1971tik abiatua da. 50 urteko beranta dugu. Gero, dugun abantaila da exekutiboa gure esku dugula. Beraz, nik uste aise garapen azkarragoa izan dezakegula.
Dugun arazoa da korsikera menperatzen duten gazte irakasle gaien harrobia muga batera heldua dela. Bidegurutze horretan gaude. Gaur egun, lau eskola eta 200 ikasle ditugu. Gure helburua da, hamar urte barne, 4.500 ikasletara heltzea. Hizkuntzaren gai horretan ere, RPS gabe ez zen eginen.