Burrunba Bujumburan

Burundi «genozidioaren ertzean» dagoela ohartarazi du NBEk.Krisi politikoak indarkeria areagotu du.Hutuen eta tutsien arteko arrakala historikoa zabalik da

Burrunba Bujumburan.
Kristina Berasain Tristan.
2015eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Burundiko hiriburuan beste zazpi lagun hil dituzte egunotan, duela zazpi hilabete piztu zen gatazkan azkenekoak. Apiriletik dago burrunban Bujumbura. Pierre Nkurunziza presidenteak botereari eusteko egindako trikimailuak oposizioaren haserrea eragin zuen, eta, haustura lehenagotik bazetorren ere, krisi politikoa sakondu egin da orduz geroztik, indarkeria berekin ekarrita. Tiroketak eta liskarrak etengabeak dira. Zazpi hilabeteotan 240 lagunetik gora hil dituztela salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. Tanzania, Ruanda, Uganda eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, berriz, beste 210.000 lagun inguru errefuxiatu dira.

Nkurunziza hirugarren agintaldira aurkezteko egindako iragarpenean bilatu behar da gatazkaren abiapuntua. Konstituzioak bi agintaldiko agintaldiak baino ez ditu aurreikusten, baina presidentea, zirrikitua bilatu, eta bozetara aurkeztu zen —argudiatu zuen aurreneko agintaldian ez zela bozetan aukeratua izan—. Uztailean egin ziren hauteskundeak, eta presidenteak aise irabazi zuen; izan ere, oposizioak bozak boikotatu zituen. Ordutik, egoera are gehiago gaiztotu da. Human Rights Watch erakundearen arabera, abuztutik ehun lagun hil dituzte, gehienak oposizioarekin loturaren bat zutenak.

Ruandako mamua

Hutuen eta tutsien arteko gatazka berriz piztu nahi izatea leporatu dio oposizioak gobernuari, argi baitago iraganeko mamuak bizirik daudela eta gatazka etnikoaren arrakala zabalik dela. Ruandak eta Burundik, mugakide izateaz gain, antzeko osaera etnikoa daukate: gehiengo hutua eta gutxiengo tutsia. Eta 1994. urteko genozidioa memorian iltzatuta daukate herritarrek, baita herrialdean bertan izandako bi gerra zibilak ere —1972 eta 1993—.

Nkurunzizaren jatorriari ereerreparatu behar zaio krisia ulertzeko; 2003ra arte talde matxino hutu nagusiaren buruzagia izan zen, urte hartan gobernuarekin su-etena sinatu zuen arte.

Arushan (Tanzania) hiru urte lehenago sinatutako bake akordioa giltzarri izan ziren trantsizio politiko horretarako. 2000ko abuztuaren 28an sinatutako bake itunak mugarri bat ezarri zuen, gerraren kapitulua itxiz —1993tik 300.000 lagun hil ziren borroka eta sarraskietan—.

Bake akordioaren oinarrian hutu eta tutsien arteko botere banaketa zegoen, hor zehaztu baitzen administrazioko alor guztietan etnia bakoitzak izan beharko lukeen ordezkaritza; %60 hutuentzat eta %40 tutsientzat, ezen, hutuek populazioaren %84 osatzen badute ere, tutsiak egon baitira behinolatik agintean.

Etnien arteko oreka hori, baina, kolokan dago berriz, eta gatazka etnikoa, lehertzear. Bujumburan inoiz baino segurtasun indar gehiago dago egunez, eta gauez gorpuak pilatzen dira kaleetan. Freddy Mbonimpa alkate tutsiak salatu du gazteak exekutatzen dituztela eta oposizioko kideak eta giza eskubideen ekintzaileak daudela jomugan.

Ruandan agintari hutuek izan zuten jokabide bera izatea egotzi diote Nkuruzizari: miliziak prestatzea, armak banatzea, eta diskurtsoetan tutsien aurkako gorroto mezuak zabaltzea. Paul Kagame Ruandako presidenteak ere leporatu dio bere herriaren kontrako masakre bat egitea.

Elkarrizketarako deia

Kezka nazioarteraino iritsi da.Nazio Batuen Erakundearen arabera, baliteke herrialdea «genozidioaren ertzean» egotea. Duela hamar egun adostutako 2248 ebazpenaren bidez, ekintza basakeriak saihesteko eskatu du. Barack Obamak berak negoziatzen hasteko eskatu die aldeei, eta horretan laguntzeko bitartekari bat bidali du: Thomas Perriello. Europako Batasunak bat egin du deialdi horrekin, zehaztuta ezinbestekoa dela indarkeria amaitzea elkarrizketa prozesua bermatzeko. Afrikako Batasunak ere zer gertatzen ari den ikertzeko eskatu du.

Burundi munduko herrialde pobreenetako bat da, eta krisi politikoak are gehiago okertu du egoera; bereziki, elikagaiak garestitu direlako. Giza eskubideen alorrean ere, urraketak etengabeak dira; manifestariak zapalduta, ahots kritikoak isilarazita, komunikabideak itxita, eta epaiketarik gabeko atxiloketak.

Thomas Perriello hiriburuan da jada. Obamaren bidalia itxaropentsu agertu da: «Oraindik leiho bat daukagu zabalik, ez du inporta zeinen estu, irtenbide baketsu bat bilatzeko». Bidea zailtasunez betea egongo dela ere adierazi du, hala ere.

Eta Reverien Ndikuriyo Senatuko presidentearen hitzek ondo erakusten dute zenbateraino den larria egoera. Bujumburako auzoetako agintariei kora hasteko eskatu zien azaroaren hasieran. Kirundiaz, lana esanahi du kora hitzak. Burundin, baina, badakite lana hasi esaten denean ez dela literalki esaten, hitz kode ilun bat baita, tutsiak hiltzera bultzatzeko erabiltzen zena. Ruandan. Genozidioan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.