Burkina Fasoko militarrek diote boterea hartu eta junta bat osatu dutela

Kabore presidentea kargugabetu eta parlamentua desegin dutela esan dute matxinoek. Segurtasun arrazoiak aipatu dituzte kolpea emateko

Burkina Fasoko presidente Roch Kabore, hitzaldi bat ematen, Unescoren 75. urteurrenean, Parisen. JULIEN DE ROSA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Burkina Fasoko militarrek atzo gauean jakinarazi zuten herrialdeko boterea hartu dutela estatu kolpe baten bidez. Horrekin batera, gobernua eta Asanblea Nazionala desegin zutela azaldu zuten, eta konstituzioa bertan behera utzi dutela.

Soldaduek telebistan egindako agerraldi baten bidez eman zuten egoeraren berri, eta horretan adierazi zuten herrialdea gobernatzeko junta bat osatu dutela, MPSR Zaharberritzerako eta Babeserako Mugimendu Patriota izenekoa. Horren buruzagia Paul-Henri Sandaogo Damiba lotinant koronela izango da, militarren bozeramaile Sidsore Kader Ouedraogoren arabera.

Eledunak matxinoen bi komunikatu irakurri zituen, eta horien bidez azaldu zituen estatu kolperako arrazoiak: «Segurtasun egoera degradatu da, eta Roch Kabore [herrialdeko presidentea] ez denez gai herritarrak elkartu eta egoera bideratzeko, MPSRk erabaki du bere erantzukizunak aitortzea historiaren aurrean».

Hain justu, agerraldi horren aurretik Kabore atxilotu zuten militarrek, baina ez zuten argitu agintaria non zegoen; horretaz, esan zuten ez dela «odol husterik» izan, eta atxilotuak «egoera onean» daudela. Atxiloketaren eta militarren adierazpenaren artean, berriz, honako mezua agertu zen estatuburuaren Twitter kontuan: «Garai latza bizitzen ari da gure herrialdea. Orain gure aurrerapen demokratikoak babestu behar ditugu», adierazi du presidenteak bere Twitter kontuan. Armak hartu dituzten militarrei «armak uztera» dei egin zien: «Gure arteko desadostasunak elkarrizketaren bidez konpondu behar ditugu».

Infowakat tokiko hedabidearen arabera, matxinatuek hiriburuko Sangoule Lamizana kanpamentuan daukate ustez preso atxikita herrialdeko presidentea.

Matxinatuek hainbat eskari eginak zituzten: Kaborek dimisioa ematea, armadaren burua eta inteligentzia zerbitzuko burua kargutik kentzea, mugan tropa gehiago hedatzea, eta baldintza hobeak ezartzea soldaduen familientzat. Baliabide material gehiago ere eskatu dituzte jihadisten aurka egiteko

Horiek hala, Ecowas Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasuna «oso kezkatuta» agertu da Burkina Fason jazotako «estatu kolpe» saiakeragatik. «Gogor» gaitzetsi zuen ekintza «larri» hura. Hala, Ecowasek matxinatuei dei egin zien «base militarretara itzultzeko, errepublikanoen jarrera hartzeko eta agintariekin elkarrizketa bultzatzeko».

Oraingoz, baina, militarrek agintean jarraituko dute, eta esan dute «ordena konstituzionalera itzultzeko egutegi bat» finkatuko dutela «arrazoizko epe batean», betiere «elkarrizketaren bidez».

1,5 milioi desplazatu

Atsekabea gero eta handiagoa da Burkina Fasoko herritarren artean, gobernuak 2015etik jihadisten aurka borrokatzeko duen ezintasunagatik. Erasoak asko areagotu dira; joan den urteko azaroan, 53 pertsona hil zituzten ustezko jihadistek. Larunbatean, gobernuaren aurkako manifestazio batera deitu zuten, baina gobernuak debekatu egin zuen, eta hainbat manifestari atxilotu.

Lassina Zerbo lehen ministroak urtarril hasieran aitortu zuen egoera «kezkagarria» dela segurtasun aldetik. Ezegonkortasun horrek 1,5 milioi desplazatu baino gehiago utzi ditu 2015etik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.