Burkina Fasoko lehen ministro izendatu dute Albert Oueradrogo

Enpresen garapenean eta kudeaketan dago espezializatuta Oueradrogo. Lehen ministroak ezingo du bere hautagaitza aurkeztu hiru urteko trantsizio epearen ondoren egingo diren hauteskundeetan

Protestariak junta militarraren alde egin zuten martxa Ouagadougoun. LAMBERT OUEDRAOGO / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Burkina Fasoko junta militarreko buru eta trantsizioko presidenteak, Paul-Henri Sandaogo Damibak, Albert Oueradrogo hautatu du Burkina Fasoko lehen ministro izateko. Damibak herenegun iragarri zuen lehen ministroaren izendapena RTB herrialdeko telebista publikoan, dekretu baten bitartez. Hain justu, Damiba trantsizioko presidentea izateko inbestidura ekitaldia egin eta biharamunean izendatu zuten lehen ministro.

Oueradrogok 53 urte ditu, eta ekonomialaria da. Burkina Fasoko ipar-ekialdeko Dori herrian jaio zen, eta soldadu izandakoa da. Horretaz gain, Burkina Fasoko estatuko albiste agentziaren arabera, enpresen garapenean eta kudeaketan dago espezializatuta, eta esperientzia du administrazio publikoen, garapen proiektuen eta enpresa pribatuen kudeaketan.

Joan den astelehenean, otsailaren 28an, junta militarrak, Damibaren gidaritzapean —otsailaren 16tik da herrialdeko presidente—, trantsizioko bide orria onartu zuen, eta orri horretan adierazi zuen herrialdea junta militarrak gobernatuko zuela hiru urteko trantsizio epean. Dokumentu horretan zenbait puntu zehaztu zituzten; besteak beste, trantsizioak hiru urteko epea izango zuela, gobernua 25 ministerioz osatuta egongo zela, eta trantsizio gobernuak 71 diputatu edukiko zituela.

Aldi berean, bide orri horretan jaso zuten trantsizioko presidenteak, lehen ministroak, eta parlamentuko presidenteak ezingo zutela parte hartu trantsizio epea amaitzean egitekoak diren hauteskundeetan; alegia, ez Damibak ez Oueradrogok ezingo dute aurkeztu beren hautagaitza hiru urteren buruan egingo liratekeen bozetan.

Trantsizio eperako dokumentua iragarri zutenean, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak Uagadugura, Burkina Fasoko hiriburura, joango zirela iragarri zuen, eta herenegun ziren joatekoak, baina, azkenean, bertan behera utzi zuten bisita. Hala ere, komunikatu baten bitartez, jakinarazi zuten hurrengo egunetan direla joatekoak Uagadugura.

Horren harira, Ecowasek bere Twitter kontuan Roch Marc Christian Kabore herrialdeko presidente izandakoaren atxiloketagatik dituen kezkak helarazi zituen: «Oso kezkatuta jarraitzen dugu Marc Christian Kabore Roch presidente ohiaren atxiloketagatik, eta berehala aska dezatela eskatzen dugu».

Urtarrilaren 24an militar talde batek estatu kolpea eman zuen, eta Burkina Fasoko telebista publikoan iragarri zuten Kabore presidentea kargutik kendu zutela. Ondorioz, Burkina Fasoko presidentea zenak dimisioa eman zuen. Geroztik, Kabore atxilotuta dago. Horrez gain, militarrek konstituzioa indargabetu zuten, eta gobernua eta parlamentua bertan behera utzi zituzten. Horren ondotik, Damibak hartu zuen herrialdearen agintea, eta, harekin batera, orain, Oueradrogok gidatuko du herrialdea hiru urteko trantsizio epean.

2015a geroztik, erasoak

Mali, Niger, Boli Kosta, Togo, eta Beninekin muga egiten duen Afrika mendebaldeko herrialdea da Burkina Faso, eta hogei milioi biztanle inguru ditu. 2015etik nabarmen areagotu dira Burkina Fason Al-Qaedaren eta Estatu Islamikoaren talde aliatuaren erasoak. Azken sei urteetan, 5.000 pertsona baino gehiago hil dituzte guztira; 1.600 inguru azken urtean, ACDLED gobernuz kanpoko erakundeak emandako datuen arabera.

Al-Qaeda eta Estatu Islamikoari egozten dizkieten erasoek, 1,5 milioi desplazatu eragin dituzte, Burkina Fasoko gobernuaren esanetan. Hori gutxi ez, eta 2021eko ekainean, Solhan, Burkina Fasoko ipar-ekialdean 160 lagun inguru hil zituzten eraso batean. Iazko azaroan ere segurtasun indarretako 50 kidetik gora hil zituzten. Herrialdeak duen egoera ez da samurra, eta ikusteko dago etorkizunean egoera irauliko duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.