Burkina Fasoko junta militarrak hiru urteko trantsizio epe bat onartu du

Herrialdeko eragile askok adostutakoaren arabera, agintean daudenak ezingo dira aurkeztu 36 hilabete pasatu eta gero egitekoak diren bozetara

Paul-Henri Sandaogo Damiba teniente koronela otsailaren 16an, presidente kargua hartzen. EFE.
Igor Susaeta.
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Burkina Fasoko militar talde batek estatu kolpe bat eman zuen joan den urtarrilaren 24an, eta orduz geroztik agintean dagoen junta militarreko buruak, Paul-Henri Sandaogo Damibak, hiru urteko trantsizio epe bat onartu zuen atzo. Afrika mendebaldeko herrialdeko eragile askok parte hartu dute trantsizioa ardaztuko duen dokumentua osatzeko lanean, eta, adostutakoaren arabera, Damiba —herrialdeko presidentea da otsailaren 16tik— eta juntako gainontzeko buruak ezingo dira aurkeztu 36 hilabete igarota egitekoak diren hauteskundeetara. Trantsizio gobernuak 25 ministerio eta 71 diputatu edukiko ditu. Horrekin lotuta, trantsiziorako bide orria prestatzeko osatutako batzorde teknikoaren asmoa zen bozak 30 hilabete barru egitea, hogei ministerio edukitzea, eta diputatuak 51 izatea.

Burkina Fasoko hedabideen arabera, trantsiziorako bide orria diseinatzen aritu dira aurreko gobernuko zenbait kide, oposizioan zeuden indarretako batzuk, baita jihadisten indarkeriagatik barne desplazatuak direnen ordezkariak ere. 2015az geroztik herrialdeko presidente izandako Roch Marc Christian Kabore atxilotuta dago militarrak boterera heldu zirenetik.

Tertius Zongo herrialdeko lehen ministro izandakoak (2007-2011) hartu du dokumentuaren negoziazioan alde guztiekin hitz egiteko ardura, eta, Burkina Fasoko hedabideek jaso dutenez, uste du elkarrizketak «oso zintzoak» izan direla, eta ateratako ondorioak direla herrialdea konponbidean jartzeko egindako ekarpenen fruitua.

Nolanahi ere, izan dira onartutakoa tentuz hartu dutenak ere. «Espero dugu honek [trantsizio epearen iraupenak] ez dezala gatazkarik eragin gure bazkideekin», esan zuen komunikabideetan Eddie Komboigo oposizioko kideak. Izan ere, aintzat hartu behar da Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak eta Afrikako Batasunak herrialdea zigortu dutela estatu kolpearengatik, eta Komboigo kezkatuta dago, uste baitu zigor horiek areagotu egin daitezkeela. Militarrek konstituzioa indargabetu dute, eta nola gobernua hala parlamentua bertan behera utzi dituzte.

Estatu kolpea eman zuten, iruditzen zitzaielako Kaborek eta Polizia indarretako goi agintariek ez zizkietela baliabideak ematen azken urteotan herrialdea kolpatzen ari diren eraso jihadistei aurre egiteko. 2015etik areagotu egin dira Al-Qaedaren eta Estatu Islamikoaren talde aliatuen erasoak. Herrialdeak hogei milioi biztanle inguru ditu, eta atentatu horiek 1,5 milioi barne desplazatu eragin dituzte, gobernuaren esanetan.

Gutxienez 20 jihadista hilda

Burkina Fasoko junta militarrak jakinarazi du herenegun gutxienez hogei jihadista hil zituela herrialdearen ipar-mendebaldean, horiek militar batzuei eraso egin ondoren. Bi militar ere hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.