Bukele, oposiziorik gabeko lehian

El Salvadorren presidentetzarako eta parlamenturako bozak egingo dituzte gaur. Baliteke Asanblea Legegilean 60 diputatuetatik 57 lortzea estatuburuaren alderdiak.

(ID_13297072) EL SALVADOR ELECCIONES
Nayib Bukele, joan den urrian, jarraitzaile batzuekin, San Salvadorren. RODRIGO SURA / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko otsailaren 4a
05:05
Entzun

Nayib Bukele El Salvadorko presidentetzara aurkeztuko da bigarren aldiz jarraian. Nahiz eta konstituzioko hainbat artikuluk debekatu egiten duten berriz segidan hautatua izatea, Bukelek baimen berezi bat eskuratu du, Hauteskundeetarako Auzitegi Gorenaren eta parlamentuaren onespenari esker eta Justiziako Gorte Goreneko konstituzio arloko salak oniritzia emanda —bozak egin baino sei hilabete lehenago dimisioa emateko baldintza jarri zion—. Itxura guztien arabera, Bukelek ez du arazorik izango gaur irabazteko; estatuburua aukeratzeko bozetara aurkeztu ez diren hiru alderdiren babesa jaso du, gainera: Batasun Nazionaleko Aliantza Handiarena, PDC Alderdi Demokrata Kristauarena eta Aldaketa Demokratikorena. 

Inkesta gehienetan aurreikusten da Bukelek %60tik gorako babesa izango duela —N Ideia Berriak alderdikoa da—, eta horietako batean %81eko babesa izango duela ere ondorioztatu da. Hortaz, badirudi ez dutela bigarren itzulirik egin beharko —lehen itzulian botoen %50 lortu behar dira bigarren itzulirik ez egiteko—. Haren atzetik geratuko lirateke, urrun, Arena Aliantza Errepublikano Nazionalistaren presidentegai Joel Sanchez eta FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteko Manuel Flores, botoen %4 jasota; eta gainontzeko hiru alderdien hautagaiek bozen %1 inguru eskuratuko lukete. Datu horiek agerian utzi dute, beste behin ere, zein ahulduta dagoen El Salvadorko oposizioa, eta erakutsi dute Bukelek ez duela izango lehiakide indartsurik.

2019tik presidente dena —sei hilabeteko eszedentzia moduko bat hartu du, Justiziako Gorte Gorenaren baldintza betetzeko— berriro aurkezteak zalaparta sortu du, bai El Salvadorren, baita nazioartean ere. Horren ondorioz, AEE Amerikako Estatuen Erakundeak eta EB Europako Batasunak behatzaileak bidaliko dituzte herrialde horretara, presidentetzarako hauteskundeetan iruzurrik egongo ez dela gainbegiratzeko; AEEk iragan astelehenean iragarri zuen ikuskaritza lanak hasiak zituela.

Aldaketak izango dira, gainera, gaur egitekoak diren parlamenturako bozetan ere. Bukeleren gobernuak aurkezturiko lege bat onartu zuten iaz, eta, horren bidez, Asanblea Legegileko diputatu kopurua murriztu dute datorren legegintzaldirako, 84tik 60ra. Horiek aukeratzeko sistema aldatzea ere erabaki zuten: D'Hondt sistema erabiliko dute. Azken inkestek erakutsitakoa beteko balitz, Bukeleren alderdiak gehiengo osoari eutsiko lioke, eta, proportzioan, 2021ean baino ordezkaritza handiagoa izango luke —84tik 56 lortu zituen orduan—. Baliteke gaur parlamentuko 60 ordezkarietatik 57 lortzea, Arenak bi, eta PDCk bat. FMLNk, hortaz, ez luke diputaturik lortuko.

Atzerrian bizi diren salvadortarrak izan dira bozkatzen lehenak —telematikoki—, eta oposizioko hautagai batzuek salatu dute iruzurra egongo dela. Izan ere, ez dute argitara atera erroldarik, nahiz eta hauteskunde legeak dioen alderdi politikoek eskura izan behar dutela informazio hori. Gainera, atzerriko bozek San Salvador hiriburuko barrutirako balioko dute soilik —hor aukeratzen dituzte ordezkari gehien, hamasei—.

'Marekin'negoziatzen

Bukeleren gobernuak maren aurka egindako borrokarengatik, oihartzuna izan da nazioartean. Salbuespen egoera bat ezarri zuen horiei aurka egiteko, eta, hasi zenetik, maretako milaka kide atxilotu dituzte; esaterako, datu ofizialek diotenez, hilketa tasa %60 inguru txikitu zen 2022tik 2023ra: 495etik 194ra. Bukele borroka horretako erreferente bihurtu da inguruko herrialdeetan.

Baina, El Salvadorko El Faro hedabide digitalak joan den astean argitaratutarikoaren arabera, Bukeleren gobernuko kide bat Barrio 18 marako kide batekin jarri zen harremanetan, Elmer Canales Rivera Crook —Mara Salvatruchako burua— atxilotzeko eta gero gobernuari leku sekretu batean entregatzeko.

Barrio 18ko kideak gobernuko ordezkariari esan zion Jaliscoko Belaunaldi Berria kartelarekin —Mexikokoa— hitz egingo zuela plana aurrera ateratzeko, baina haren arreba aske utzi eta dirua eman behar ziotela. Bukeleren gobernua milioi bat dolar ordaintzeko prest azaldu zen. Dena den, Barrio 18ko kideak El Faro-ri esan zion ez zuela inoiz negoziaziorik hasi Mexikoko kartelarekin, eta Bukeleren gobernuari iruzurra egin ziola. FBI Ikerketa Bulego Federalak Crook atxilotu zuen.

Erreportaje hori argitara atera zenetik, Bukeleri kritika handiak egin dizkiote bere herrialdean, eta oposizioko alderdiek baliatu egin dute egoera hori. Arena alderdiak X sare sozialean idatzi zuen gobernua boteretik kentzeko garaia dela: «Cool-ena izateak denbora gutxi iraun dio; orain, talde kriminalekin eta are kartel arriskutsuekin ituna egin zuen Salvadorko presidentea da munduarentzat». Beste alderdi batzuetako kideek ere albistea baliatu zuten Bukeleri kritika gogorrak egiteko kanpainako azken egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.