El Salvadorko 'Diario Co Latino' egunkariko zuzendaria

Francisco Valencia: «Bukele hautagaia da, eta konstituzioa urratzen ari da»

Valenciak salatu du El Salvadorko presidenteak ezin dituela «beste eskubide batzuk urratu» segurtasuna bermatzeko. Uste du 1970eko hamarkadako gobernu militarra berriz ezartzeko «oinarriak eraikitzen» ari dela.

(ID_13503746)  Francisco Valencia, idazle eta kazetaria, San Salvador
AITOR KARASATORRE / FOKU
asier gonzalez de san pedro
Iruñea
2024ko otsailaren 4a
05:05
Entzun

Francisco Elias Valencia Sorianok (Santa Tecla, El Salvador, 1960) txikitatik izan zuen argi kazetaria izan nahi zuela. Etxean egunkariak zituen beti, eta, irratiaren inguruan albisteak entzuten ari zirenean, esatariek erakarri egiten zuten. 1970aren bukaeran antolakunde iraultzaileetan sartu zen, eta propagandaz arduratzen zen. Bi nahasketa horiek kazetari izatera bultzatu zuten. Gaur egun, Diario Co Latino egunkariaren zuzendaria da.

Nolakoa da El Salvadorko egoera politikoa?

Egoera politikoa oso konplikatua eta oso zaila da. Hauteskunde batzuen atarian gaude: igandean dira. El Salvadorren ez ezik, Latinoamerikan oso ezaguna den hautagai bat aurkeztu da; denek nahi dute [Nayib] Bukele bat. Denek ulertu behar dute konstituzioa lege gorena dela, eta presidenteak izan behar du hori errespetatzen duen lehen herritarra. Bada, presidentea hautagaia da, eta konstituzioa urratzen ari da.

Sei artikulutan oso argia da konstituzioa: ez du baimentzen bi aldiz aurkeztea presidente izateko. Gainera, lege batek esaten du bigarrenez jarraian aurkezten denari herritartasuna kendu behar zaiola. Abokatu batek Bukeleren aurkako salaketa jarri zuen. Baina, [Auzitegi] Konstituzionaleko areto batek —Bukelek berak jarri zuena hauteskundeak zilegi irabaztean— haren aldeko ebazpen bat egin zuen, esanez presidentea berriz hautatu daitekeela, baietz edo ezetz erabaki dezaketen bakarrak bozkatzen dutenak direlako, eta, horregatik, salak bermea eman zion.

Eta horregatik dimititu zuen Bukelek?

Ez dakigu dimisioa eman zuen ala ez, erabili duten forma baimena eskatzeko izan baita. Eta baimena eskatzea eta dimisioa aurkeztea ez dira gauza bera.

Oposizioko alderdiek salatu dute hauteskundeetan iruzurra egon daitekeela.

Beldurrik handiena boto elektronikoa emateko orduan dago. Ez dago erroldarik, eta hauteskunde lege batean eta konstituzioko lege batean adierazten du alderdi politikoek errolda izan behar dutela. Bada, El Salvadorren ez dute halakorik. Elektronikoki bozkatzen duten horien botoak San Salvadorko barrutira doaz. Argi dagoena da Bukelek ez duela nahi oposizioko alderdiek diputaturik lortzea San Salvadorko barrutian. Julio Olivo magistratuak azaldu zuenez, 800.000 pasaporte banatu dituzte nortasun agiririk edo jaiotza agiririk gabe. Pasaporteak banatu ziren jakin gabe nori eman zizkioten. Horregatik, iruzurra egongo dela esaten du oposizioak.

El Salvador ezaguna egin da mara eta bandakideei emandako tratuagatik. Bukelek hartutako neurriek biztanleek eskatzen zuten segurtasuna ekarri dute?

Ez da ukatu behar 75.000 atxiloketa inguru egin eta gero segurtasun sentsazioa dagoela. Baina segurtasun horren oinarria nahiko konplikatua da. Lehenik eta behin, Bukele presidenteak bandekin negoziatu zuen, eta hori oso argi dago.Momentu batean, estatuburuak mirari bat izango balitz bezala hitz egin zuen bere lurralde kontrolerako planaren inguruan.

Plana iragarri eta hilabetera, hilketak %50 gutxitu ziren. Zalantzarik gabe, hori ez zen posible izan segurtasun politika batengatik, negoziazio batzuengatik baizik. Askok ulertu genuen, hark kontatutakoa sinistu zuten horiek salbu. Baina kontrol hori faltsua zela agerian geratu zen 2022ko martxoan, hiru egunean 87 hilketa egon baitziren. Hilketen gorakada horrek lagundu zion Bukele presidenteari salbuespen egoera ezartzen.

«Ez dugu baztertzen etorkizunean ere heriotzaren eskuadroiak egotea»

Bukele egiten ari dena zilegi dela uste duzu?

Ez. Edozein estatuk segurtasuna bermatu behar die bere herritarrei, baina Bukelek ez dauka eskubiderik segurtasuna bermatzeko beste eskubide batzuk urratuta. Presoen familiek ezin dituzte senideak bisitatu, presoei ez diete abokatuen laguntzarik onartzen, baina larriena da, Cristosalen giza eskubideen aldeko eragilearen arabera, 75.000 atxilotu horietatik 20.000 inguru errugabeak direla. Eta momenturen batean presidenteak onartu egin zuen hori, baina %1 zirela esan zuen, eta albo kaltetzat hartu zituen, eta saihesgarriak zirela esan zuen. Hala ere, nahiz eta %1 esan zuen, zinez %7 ziren, 7.000 atxilotu aske utzi baitzituen.

Amnesty Internationaleko Ameriketarako zuzendari Ana Piquerrek zera esan zuen artikulu batean: «Estatua da gradualki banden biolentzia ordezkatzen ari dena». Uste duzu hainbesterako biolentzia erabiltzen duela estatuak?

Agian ezin da bandenarekin parekatu, baina kasuren batean, bai. 213 preso hil dira, eta errugabeak ziren. Kartzeletan hildakoen %80 errugabeak ziren, eta torturatuta hil ziren. Soldadu batzuek, komunitateetara iritsi, eta emakume gazteak bortxatu dituzte; edo Poliziak leku jakin batetik joatera behartu du jendea. Hori bandek egiten zuten gauza bera da.

1970eko hamarkadarekin konparatu daiteke?

Oinarriak jartzen ari dira 70eko hamarkadako gobernu militarren itxura hartzeko. 70eko hamarkadan denok ginen ezkertiarrak izatearen susmagarri edo gerrillari izatearena, eta jazarpena zegoen. Estatuak heriotzaren eskuadroiak sortu zituen, eta atxilotzen ez zituenak hilik agertzen ziren. Ez dugu baztertzen etorkizunean ere heriotzaren eskuadroiak egotea.

Salbuespen egoeran hainbeste denbora egoteak ekonomiari eragin dio?

FMLNren azken gobernuan, atzerriko inbertsioa 2.400 milioi dolarrekoa [2.223 milioi euro] izan zen. Bukelerenean, berriz, 1.400 milioikoa [1.297 milioi].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.