Koronabirusa munduan

Buenos Airesko bazter auzoetan bakartuta

Argentinako Gobernuak COVID-19aren aurkako neurriak beste estatu askok baino lehenago hartu zituen arren, pandemiak gogor jo ditu hiriburuko auzorik txiroenak. Bertako bizilagunak kexu dira agintariek baztertuta utzi dituztelako.

Polizia Buenos Aires hiriburuko Auzo Urdina zaintzen, joan den maiatzaren 27an. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Buenos Aires
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Koronabirusa azkarrago zabaldu da metropoli inguruko auzo txiroetan. Auzo oso bat itxi egin behar izan zuten kasuak ugaritu egin zirelako. Bazter auzo batzuetatik autobus osoak betetzen dituzte kutsatuek osasun arreta jasotzera joateko. Argentinak kalitate oneko osasun publikoa duen arren, badira urte batzuk ez dela nahikoa inbertsiorik egin erietxeetan. Horregatik, ordaintzeko aukera dutenek sistema pribatura jotzen dute.

Iazko abenduan kargua hartu zuen Alberto Fernandezen gobernu peronistak osasun arreta emateko kanpin dendak ezarri zituen auzoetan, klubetan eta unibertsitateetan. Pandemiari aurre egiteko neurriak azkar heldu ziren, Latinoamerikako beste herrialde batzuekin alderatuz gero; erabatekoeta derrigorrezko itxialdia ezarri zuten martxoaren erdialderako, kasuak 260 inguru zirenean, eta hildakoak, hiru. Gaur egun, zenbaki ofizialen arabera, 16.851 dira gaixoak, eta 539 hildakoak. Auzo txiroek dute koronabirusa zabaltzeko arriskurik handiena.

«Berrogeialdiko lehen asteetan itxi egin zituzten auzo jantokiak ere, baina ehungintza tailerrek inoiz ez zioten lan egiteari utzi, alkandoren garaia amaitu zenean maskaren aroa hasi zelako. Marka guztiak hasi ziren lan hori eskatzen, baina oso gutxi ordaintzen zuten, dirurik ez zegoen aitzakiarekin. Zaila da erabaki bat hartzea: berrogeialdian jarri zure seme-alabek behar zaituztelako, edo lanean jarraitu bestela gosez hilko zarelako», azaldu du Patricia Ramosek. Buenos Airesko Lugano auzoan bizi da bera.

Tarterik ez

Auzoetan oso zaila da gobernuak ezarri zuen derrigorrezko segurtasun tartea betetzea, dentsitate demografikoa oso handia delako. «Baldintza txarretan dauden eraikinetan bizi gara, eta bizilagun asko gara. Familia osoak bizi diren hiru metro koadroko geletan daude banatuta etxeak, eta partekatu egiten ditugu sukaldea eta komuna. Horregatik, ezin ditugu bete gobernuak ezarritako segurtasun neurriak. Auzoetan, kaleak bi eta hiru metroko pasabide estuak dira. Askotan ez dago ez urik, ez argindarrik. Hemen bizi garenok ikasi ditugun gauzetako bat da horiek konpondu arte protesta egin behar dugula. Duela hilabete, 31. barrutian ia hiru aste egon ziren urik gabe, eta koronabirus agerraldi bat egon zen. Oso tristea da hori, ezin dugulako geure burua garbitu. Ondorioz, denge izurriak ere okerrera egiten du. COVID-19ak eta dengeak antzeko sintomak dituzte. Batzuetan bizilagunek azken unera arte itxaroten dute COVID-19a dutela uste dutelako, eta gero ohartzen dira dengea dela. Batentzat ibuprofenoa hartu behar duzu, eta bestearentzat, parazetamola. Baina gaiari buruzko informazio gutxi iritsi zaigu hona».

Quilmes herrian, Buenos Aires hiriaren kanpoaldean, Poliziak auzo bat inguratu zuen COVID-19 agerraldi bat izan zela jakin zenean. Auzo Urdina da, haren ondoan dagoen Iratirekin batera, probintziako auzo txirorik handienetako bat. 2018ko erroldaren arabera, 40.000 pertsona bizi dira bertan. Han, txanda bakoitzeko hirurehun polizia jarri dituzte, eta joan den maiatzaren 25az geroztik ez diete bertako bizilagunei eremutik irteten uzten, ezta itzultzen ere itxialdiak kanpoan harrapatu dituenei. «Gerra terminoak erabiliz, gertatu beharrekoa atzeratzen ari gara, hau da, etsaiaren bidea oztopatzen», adierazi du probintziako Segurtasun ministro Sergio Bernik.

Cesar Muñoz Auzo Urdineko bizilaguna da, eta, haren esanetan, komunikabideen bitartez jakin zuten auzoa itxi izanaren zergatia. «Duela bost egun, herriko arduradunek lau edo bost produktuko poltsa bana banatu zuten familiako. Protesta egin genuen, poltsetan desinfektatzeko garbitasun produkturik ere ez zegoelako. Estatuak bidali zituen produktuak ez dira nahikoak, eta toki batzuetara iritsi ere ez dira egin. Atzo koronabirusa duen zazpi urteko alaba bat duen familia batekin hitz egin nuen, eta ez diete janaririk ere eman».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.