Bruselaren arabera, bazekien gerta zitekeela Greziakoaren moduko hondoratze bat

Europako Batzordearen arabera, migratzaileak Mediterraneoan zehar eramateko beste «'modus operandi' bat» nagusitu da azken hiletan

Erreskatatutako migratzaileetako batzuk zain, atzo, Kalaman (Grezia). YANNIS KOLESIDIS / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Europako Batzordeko Barne komisario Ylva Johanssonek atzo nabarmendu zuen duela zenbait hilabetetik zekitela asteazkenean Grezian gertatu zenaren moduko hondoratze bat izan zitekeela Mediterraneo itsasoan. «Zoritxarrez, gertatu behar zuela ikusi dugu, urte hasieratik beste modus operandi bat dagoelako. Arrantzontziak abiatzen dira Libia ekialdeko kostaldetik, eta jarduera hori %600 handitu da», adierazi zuen agerraldi batean. Datu ofizialean arabera, Peloponesoko kostaldeko hondoratzearen ondorioz 78 pertsona hil dira, eta 500 migratzaile inguru desagertuta daude. Erreskate taldeek lanean jarraitzen dute, baina kostazainen bozeramaile batek atzo Efe berri agentziari esan zionez, jada «oso zaila» da norbait bizirik topatzea. 104 errefuxiatu onik erreskatatu dituzte.

Eta gertatu dena «tragedia bat» dela iruditzen zaio Johanssoni; «ziurrenik», Mediterraneoan inoiz gertatutako «okerrena». Trafikatzaileak egin zituen erantzule. «Pertsonak ontzira igo zituzten trafikatzaileek ez dituzte Europara bidaltzen, heriotzara baizik». Horren harira, Greziako kostazainak kritikatuak izan dira azkeneko orduetan, egotzita ez zutela ontzia ikusi bezain laster esku hartu. Kostazainek argudiatu dute, ordea, «bat-bateko» esku hartze batek ez zuela egoera konponduko. Halako egoeren aurrean, agintarien arteko «koordinazioa» aldarrikatu zuen Europako Batzordeko Barne komisarioak.

Erreskatatu dituztenen lekukotzak biltzen ari dira tokiko hedabideak, eta horiek Atenasko agintarien bertsioa gezurtatu dute. Esan zuten ontzia Libiako Tobruk hiritik abiatu zela, baina migratzaileek beraiek azpimarratu dute Egiptotik atera zela, geldialdi bat egin zuela Libian, eta Italiara iristea zuela helburu. Hondoratzearekin lotuta, Greziako Poliziak bederatzi pertsona atxilotu ditu erreskatatukoen artean, eta egozten die talde kriminal bat sortzea migratzaileekin trafikatzeko, hondoratze bat eragitea, eta bizitzak arriskuan jartzea. Siriakoak, Egiptokoak eta Pakistangoak ziren ontzian zihoazen gehienak, bizirik atera direnek kontatu dutenez. Horien beraien esanetan, 4.000 eta 6.000 euro artean ordaindu zieten trafikatzaileei, ontzira igotzeagatik.

«Premiazko neurriak»

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak eta IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak eskatu dute har daitezela «premiazko neurriak» migratzaile gehiago hil ez daitezen. «Itsasoan arriskuan dauden pertsonak denborarik galdu gabe erreskatatzea da nazioarteko itsas zuzenbidearen arauetako bat», ohartarazi zuten NBE Nazio Batuen Erakundearen bi agentziek atzo, ohar bateratu batean. Herrialdeei eskatu diete egin ditzatela «bilaketa operazio koherenteak», eta EB Europako Batasunari belarrietatik tira egin diote: «Mediterraneoan duen jokabideari dagokionez, Europako Batzordeak erdigunean jarri beharko lituzke segurtasuna eta elkartasuna».

Bestalde, Europako Parlamentuko parlamentari talde bat Lampedusa (Italia) uhartera joatekoa da astelehenean, eta, ostegunera bitartean, batzartuko da Italiako kostazainekin, tokiko agintariekin, Frontex agentziakoekin, baita erreskate lanetan aritzen direnekin eta migratzaileei harrera egiten dietenekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.