Bruselaraino iritsi da salaketa

Llarenak aske utzi du Clara Ponsati kontseilari ohia, baina apirilaren 24an auzitegira joateko agindu dio. Europako Parlamentuko diputatu talde batek gaitzetsi egin du atxiloketa

Clara Ponsati kontseilari ohia, herenegun gauean, Bartzelonan, aske geratu ondoren. QUIQUE GARCIA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Ezustean eta egun argiz itzuli zen herenegun Clara Ponsati kontseilari ohia Bartzelonara. Europako Parlamentuko diputatua da gaur egun, eta immunitatea du, baina Espainiako Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agindua emana zuen, desobedientzia leporatuta. Ondorioz, Kataluniako hiriburuan bere bidaiari buruzko azalpenak emateko agerraldia egin ostean, atzeman egin zuten mossoek. Baina Bruselara itzuli zen atzo goizean, Europako Parlamentuko osoko saioan parte hartzeko.

Ikusi gehiago:Analisia, Gorka Berasategi Otamendi: 'Puigdemonti bidea egiteko pausoa'

Ponsati herenegun gauean utzi zuten aske, epailearen aurrean deklaratu ostean. Kontseilari ohiaren aurkako auzia daraman epaileak, Pablo Llarenak, apirilaren 24rako deitu du, desobedientzia delitu batengatik auzipetua dagoela jakinarazteko. Bide batez, indargabetu egin du buruzagi independentista atxilotzeko agindua. Horrez gain, ebatzi du Ponsatik bizileku bat eta telefono bat jakinarazi beharko dituela une oro non dagoen jakin ahal izateko, eta ohartarazi dio atxilotua izan daitekeela deklaratzera deitzen diotenean joaten ez bada. Politikari independentistak aurreratu du ez dela auzitegian aurkeztuko.

Babes eskaria

Europako Parlamentuan hasiak dira aztertzen Ponsatiren atxilotzearen ondorio juridikoak, diputatuak babesa eskatu ostean, parlamentuko kide izanik immunitatea baitu. Hala, kontseilari ohiak bere atxilotzearen berri eman zion herenegun parlamentuari, eta babesa eskatu zion.

Gainontzeko diputatuei ere eman zien Ponsatik atxilotzearen berri, eta zenbaitek elkartasuna helarazi zioten: besteak beste, European Free Alliance taldeak, Esloveniako Milan Brglez eta Irlandako Clare Daly ordezkari sozialistek, Fabio Massimo Castaldo Italiako 5 Izar Mugimendukoak, Stelios Kuloglu Greziako parlamentari eta GUE/NGL taldeko kideak eta François Alfonsi Korsikako eurodiputatu berdeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.